Sophia Engastromenou (1852ko urtarrilak 12 – 1932ko urriak 27) emakume greziarra izan zen, atenastarra. Merkatari aberatsen familia batean jaio bazen ere, bere bizitza norabidez aldatu zen oso gazte zela, 17 urterekin. Pertsonaia honen argazkirik famatuena mitoaren eta arkeologiaren artean nahasten da. Bi mundu hauen artean eraiki baitzuen bere bizitza.
Goi maila sozialean jaio zen, eta garai haietan senarrak pareko maila eduki behar izaten zuen. Helburua oso argia izaten baitzen: familia osatu, ondorengoak eduki eta jakina, ezkontzaren bidez, aberastasunak handitu.
Prusiar jatorriko gizon aberats, negoziogile, eta historian zaletasun handikoa zen Heinrich Schliemann eta emazte bila zebilen. Bere gutun batean, honako hau esaten zion emaztea topatzen laguntzen ari zitzaion adiskideari:
“… zaila litzateke emakume batek nirekin ezkondu nahi ez izatea, Parisen bizitzeko aukera eskaini ahal dudalako besterik ez bada. Nahiago dut ziurtasuna ziurgabetasuna baino, eta horregatik Sophia aukeratuko dut…” eta jarraitzen du “… jakintza zientifikorik gabekoa bada ere, eta ez badu atzerriko hizkuntzarik ezagutzen ere, pianorik ez badu ere, eta Pariseko bizitza sozialik ez badu ere, nik ahalegin guztiak egingo ditut bera hezi eta aditu bilakatzeko ….”
Gutun hau idatzi eta gutxira Sophiak bere senarra ezagutu, eta 1869an ezkondu egin ziren. Sophiaren bizitzan ordea, emakume gehienen bizitzan ez bezala, arkeologiak leku garrantzitsu bat izango zuen. Senarra ordurako proiektu zoro batean sarturik zegoen: Homeroren kantuko Troya topatu nahian zebilen, antzinateko Grezia izandako lurraldeetan, alegia gaur egungo Turkian. Schliemann jauna ezaguna da Iliadako lekuak benetakoak zirela frogatu zuelako, adibidez Micenas, Tirinto eta Troia bera. Sophiak oso gustuko zuen gaia, eta bikotearekin ere buru-belarri sartu zen arkeologia munduan. Askotan senarraren itzalean bazen ere, Sophiak sekulako lanak egin zituen aztarnategiak industen eta topatutako altxorrak ezagutzera ematen. Emakumea izanik ez zen erraza izan, hain zuzen ere, indusketa batean langile batek erasotu ere egin omen zuen.
Hisarlik izeneko muinoan topatu zuten Ilion hiriaren kokapena (Irudian), nahiz eta enbaxadore amerikar bati esker izan, Frank Calvert, zeinak lehendik muino hau aztarnategi bat zela egiaztatu zuen, Schliemanen ikerketak baino lehen. Sophia 1873an Hisarlik industen aritu zen. Handik alde egin zuen hilabete baten buruan, aitaren ustekabeko heriotzaren ondorioz. Geroago, Schliemannek agiriak faltsutu zituen batzuetan, Sophiak indusketa horretan parte hartu izanaren erregistroa eduki ahal izateko, denbora guztian egon ez bazen ere.
XIX. mende amaieran arkeologia hastapenetan zegoen, eta antzinako altxorrak bilatzeari lotuagoa zegoen jakintza zientifikoari baino. Schliemannen metodoak oso garatuak ez baziren ere, bere grinak salbatu zuen bere lana, ondoren gaur egun arte jarraipena izan duena lana.
Arrakasta handia izan zuten indusketek eta elementu zein bitxi asko topatu ziren, horien artean “Priamo erregearen” altxorra. Hauetako batzuk Sophiak jantzi zituen eta oso ezaguna den argazkia atera zuten, “Helenaren bitxiak” deitu zioten altxor hari.
Troia edo Ilion (Wilion) topatu ondoren, Micenasen “Agamenon erregearen maskara” topatu zuten Sophiak eta Schliemannek. Argi geratu zen, aurkikuntza hauei esker, mitologiaren alde historikoa eta historiaren alde mitologikoa uste baino hurbilago zeudela bata besteagatik.
1890an Schliemannen heriotzaren ondoren, Sophiak aurretik egindako lanarekin jarraitu zuen, eta aurkikuntzen inguruko hitzaldiak ematen aritu zen Atenasen. 1892an bere senarraren autobiografia idatzi zuen. Atenasen pasa zituen bere azken urteak, goi mailako aditu talde batekin lanean, eta babesle gisa hainbat proiektu sozial jarri zituen martxan. Turkiaren kontrako gerraren ondoren, 1902an ospitale bat eraiki zuen, tuberkulosia zuten soldaduei laguntzeko. Erietxe hartako zuzendari izan zen hil zen arte. Eraikuntza hori, gaur egun oraindik ere, Greziako biriketako zentrorik handiena da.
Sophiaren bizitza luzea izan zen, laurogei urte bizi izan zen, eta bere bizi esperientzia, garai haietako emakumeekin alderatuz, oso bestelakoa izan zen. Negoziaturiko ezkontza batetik hasi zen istorioa, baina zorionez Sophiaren arkeologiarekiko zaletasunak garatzeko aukera izan zuen eta Greziako iraganaren oihartzunarekin jarraitu zuen. Seguruenik Schliemannen zaletasuna, Sophiagatik izan ez balitz, ez zen behar bezala gauzatuko. Eta Schliemannek bilatzen zuen heroia, “ile iluneko emakume greziar homerikoa” benetan topatu zuen.



