Txingudi Eskubaloiak José Ramón Pérez Suescun Memoriala, Eskubaloi Egokituko I. Txapelketa, antolatu du larunbaterako, apirilaren 6rako. Txapelketan 3 taldek hartuko dute parte: BM Barakaldok, GKEF Gipuzkoako Selekzioak eta Txingudi Echemarrek. Guztira, 3 partida jokatuko dira goizeko 11:00etatik aurrera. Sari banaketa berriz, 13:15ean izango da.
Txingudi Eskubaloia klubetik adierazi dutenez, txapelketa honen antolaketa urrats txiki baina oso beharrezkoa da. Izan ere, uste dute etorkizunera begira, desgaitasuna duten pertsonak kiroletik kanpo uzten dituzten oztopo asko hautsi ahal izateko eta kirolaren bidez inklusioa lortzeko baliagarria izango dela. Eskubaloiaren bidez pertsonen gizarteratzea sustatzen duen kluba da Txingudi, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden taldeen problematikari buruz kontzientziatzen lagunduz.
“Gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu nahi dugu, aniztasuna errespetatuko duena”, adierazi dute klubetik. Horretarako, jarduera fisikoaren eta kirolaren praktika bultzatu nahi dute desgaitasunen bat duten eta ez duten pertsonen artean, baldintza berdinetan, mugarik gabe, osasuna eta bizi-kalitatea hobetuz. Era berean, José Ramón Pérez Suescun klubeko jokalariari omenaldi txiki bat egin nahi diote. Echemar Alai taldeko kide izan zen hasieratik, eta klubak “haren oroitzapena eta irribarrea bidelagun ditu proiektu honetan”.



