
Zaisa Txingudik garaipena behar beharrezkoa zuen igoera play-offa jokatzeko aukerak izateko. Partiduaren ondo hasi bazuten ere, Camareroren mutilei denboraldiko helburuak ihes egin die azken partiduan. Zaisa Txingudik laugarren postuan amaitu du liga 33 punturekin
Norgehiagoka gaizki hasi ez bazen ere, zazpigarren minutuan emaitza 3 eta 0ekoa baitzen Alejandro Lasak lortutako zigor kolpe baten bidez. Bi taldeek entsegua lortzeko aparteko lana egin zuten eta baloiaren jabetzak batetik bestera etengabe aldatzen zen. Tamalez, etxekoak ziren defentsa lanetan metroak galtzen zituztenak eta, honela, hogeigarren minututik aurrera, bisitarien entseguak iristen joan ziren.
20 eta 25. minutuetan, Gaztedi bi entsegu lortu zituen markagailuan 3 eta 10ekoa irudikatzeko. Txingudi behin eta berriz saiatzen zen, baina ez zuen jokaldiak amaitzea lortzen. 30. minutuan, entsegu eremutik gertu zeudela, gasteiztarrek baloia lapurtu zieten eta aldea handitzea lortu zuten kontraerasoaren ondoren (3-17) eta, lehenengo zatia amaitzeko, laugarren marka iritsi zen (3-22).
Atsedenaldiaren ondoren, Camareroren jokalariak indarrez sartu ziren eta aldea murriztea lortu zuten hasi eta bost minutuetara Roman Solisek lortutako entsegua eta Alejandro Lasaren eraldaketarekin (10-22). Jokoa oso parekatua izaten jarraitu zuen eta Gaztedik oraindik bazuen zer esana. Honela, 55. minutuan beraien azkeneko entsegua gauzatzea lortu zuten, emaitza 10 eta 29an jarriz. Hala ere, etxekoek ez zuten amore emango eta, bost minutu geroago, Lasak bere entsegua lortuko zuen, Adur Manterolak eraldatu zuena (17-29). Azkenengo minutuetan lehiak maila berean jarraitu zuen, baina ez zuten puntu gehiagorik lortu.
Denboraldiko azkeneko partida Aitor Asurmendi, Iker Tejero, Aritz Rodriguez, Jenö Kocsis, Asier Gonzalez, Julen Iglesias, Carlos Lora (kapitaina), Hector Pescador, Ioritz Franco, Alejandro Lasa, Ekain Hiribarren, Roman Solis, Adur Manterola, David Miguel eta Teo Arrutik jokatu zuten. Unai Cano, Unax Dominguez eta Jon Mediavillak ere hartu zuten parte. Epailea Jokin Escolar bizkaitarra izan zen.
Emaitza honekin eta La Unica Bk Zarautzen eta Uni Bilbo Ck Urgozoren aurka lortutako garaipenekin, Zaisa Txingudik laugarren postuan amaitu du liga 33 punturekin, liga Uni Bilbo Ck irabazi du, 57rekin, baina ezin izango da mailaz igo Uni Bilbo B Euskal lehenengo mailan baitago. Datorren urtean maila hortan ibiliko dena Zornotzako Urgozo izango da, bigarren sailkatua 54 punturekin, eta La Unica B izango da, hirugarrenak 38 punturekin, Atletico San Sebastianen aurka igoera play-offa jokatuko duena. Txingudiren atzetik Gaztedi B, Zarautz B/Beltzak, Arratiko Zekorrak eta Bera Bera B sailkatu dira.
Gazteen emaitzak
18 urte azpiko Bera Bera/Txingudik denboraldia era ezin hobean amaitu du 15 eta 89 irabaziz Durangoren aurka. 16 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan, aldiz, partida oso berdindua izan zuen Plaiaundin La Unicaren aurka. Bigarren zatian berdinketa haustea lortu zuten, baina, azkeneko 10 minutuetan, iruindarrek markagailua irauli zuten 15 eta 22koa lortzeko.



