Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die larunbat honetan, ekainaren 8an, Irungo Musika eta Dantza Eskolako ikasleek ballet-jaialdi bat eskainiko dutela Amaia KZn. Dantza-ikuskizunak bi saio ditu, aurrenekoa goizeko 11:30ean eta bestea arratsaldeko 18:00etan.
Irungo Musika eta Dantza Eskolako ikasleak izango dira protagonistak, eta Ederra eta piztiaren istorioa antzeztuko dute. Adin guztietako ehun dantzari inguruk ikasturte honetan Sonia del Barrio ballet irakaslearekin ikasitako guztia erakusteko parada izango dute.
Ikuskizunerako sarrerak ikasleen artean banatu dira, eta sobera geratu direnak eskuragarri daude Luis Marianoko turismo-bulegoan, interesa dutenentzat.



