Eraiki dantza taldeak Amaia KZko eszenatokia beteko du larunbatean

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Eraiki dantza taldeak euskal dantzen emankizun bat eskainiko du larunbat honetan, maiatzaren 18an. Emanaldia Amaia KZn izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan Eraiki dantza taldeko kide ugarik hartuko dute parte, zenbait taldetan banatuta.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Amaia KZren webgunean eros daitezke. Horrez gain, Luis Marianoko turismo-bulegoan ere eskainiko dira, eta Amaia KZko txarteldegian, ekitaldia baino ordubete lehenagotik hasita, baldin eta lekurik geratzen bada.

Dantza-emanaldi honetan Euskal Herri osoko dantza tradizionalen erakustaldia egingo dute dantzariek. Behobian 1978an sortutako Eraiki Dantza Taldeko 5 eta 30 urte bitarteko hainbat dantzarik hartuko dute parte emanaldian.

Ikuskizunean, Pitxu Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Araban barrena ibiliko da, eta Iparraldean amaituko du, Lapurdi eta Zuberoako dantza batzuekin. Beraz, ikusleak euskal ohiturak, musikak eta dantzak ezagutzeko bidaia zirraragarri batean murgilduko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude