Leire Muñoz Txingudi Errugbiko jokalaria da. Beste hainbat taldetan ibili ondoren, pasa den denboraldian etxeko taldera itzuli zen senior mailako emakumeen taldearen debuta aprobetxatuz. Aurten, jokalari izateaz gainera, gizonezkoen senior taldeko hiru laurdenetako prestatzailea izango da. Denboraldia hastear dagoela aprobetxatuz, Leire Muñozek aurtengo helburuak zeintzuk izango diren azaldu du.
Bere nebaren bitartez iritsi zen errugbira, bera baino lehenago hasi baitzen jokatzen. “Txapelketa bat antolatu zuten jokalarien lagun eta senideek kirola probatu ahal izateko, eta nik parte hartzea erabaki nuen”, azaldu du Leire Muñozek. Ez hori bakarrik, inguruko lagunak eta klasekideak konbentzitzen saiatu zen, baina ezer gutxirako balio izan zuen. Azkenean ordea, 20 neska elkartu ziren bertan, eta talde txiki bat sortu zuten lagunarteko bi jokatzeko. Hurrengo denboraldian, Eibarreko taldearekin indarrak batu eta partidu ofizialak jokatzen hasi ziren.
Lehen pausoak etxeko taldean eman arren, ostera beste hainbat taldetan ibilitakoa da Leire Muñoz. Txinguditik Hernanira pasa zen, bertan hiru urtez jokatzeko. Unibertsitate ikasketak egin bitartean berriz, SICUE programan sartu eta Valladoliden jokatu zuen beste hiru urtez. “Bertan emandako urteetan ohorezko mailan jokatzeko aukera izan nuen, beraz, oso gustura aritu nintzen”, adierazi du Muñozek. Pandemia dela eta etxera itzuli behar izan zen eta ligak etenda egon arren, Eibarrek ohorezko mailan jokatzen jarraitzeko aukera eskaini zion. “Beren proiektuan parte hartzeko interesik ba ote nuen galdetu zidaten eta urte eta erdi egin nituen bertan”, gaineratu du egun Txingudiko jokalaria denak.
“Aurten lehiakorragoak izan nahi dugu, partiduak borrokatuz lehenengo mailara iristeko”
Leire Muñoz, Txingudi errugbi klubeko jokalaria eta entrenatzailea
Txingudi errugbi klubera itzuli zen etxeko neskekin batera momentu historikoa bizitzeko: senior mailako nesken taldeko debutaren urtea. Leire Muñozek gogoratu du taldeko beteranoek urduritasun uneak bizi izan zituztela, hasieran ez baitzegoen argi neskek taldea ateratzea lortuko ote zuten. Jokalariak adierazi digunez, “entrenamenduak hasi ahala, denboraldia gogoz hasi eta bukatu genuen”. Hasieratik taldean sortutako giro onak denboraldiari eusten lagundu diela iruditzen zaio. Leirek onartu du, batez ere hasieran, taldekide berri asko zituztenez, jokalari beteranoen esperientzia laguntza handikoa izan zela eta hasiberriek beraien gomendioak zeinen ondo jasotzen zituzten nabarmendu du. “Jokatzeko gogo handia zutela nabaria zen”, adierazi du Leire Muñozek. Denboraldia aurreikuspen handirik gabe hasi zuten, Euskadiko Lehenengo Mailan jokatzeak ihes egin zien arren, partidu “zail” asko ondo borrokatu izanagatik pozik agertu da Leire Muñoz.
Denboraldi berria, erronka gehiago
Iazko lorpenak oraindik buruan dituztela, Txingudiko neskak 2024/25 denboraldiari ekiteko prest daude. Aurten astean hiru entrenamendu egingo dituzte, entrenamendu teknikoez gain, fisikoa ere indartzeko. Gainera, Leire Muñozek aipatu duenez, iaz soilik entrenamenduetan parte hartu zuten neska batzuek aurten fitxa egin dute, beraz, guztiz batuko dira taldera. Muñozek azaldu duenez, ikasketengatik taldea utzi dutenak kenduta, gehien-gehienak bertan geratuko dira, taldera batu diren pare bat jokalari berriez gain; beraz, hori seinale ona dela dio. “Aurten lehiakorragoak izan nahi dugu, partiduak borrokatuz lehenengo mailara iristeko”, adierazi du Leire Muñozek. Dena den, kirol helburuez gain, iaz egin bezala, taldearen kohesioari ere garrantzi handia emango diotela ziurtatu du.
Horretaz gain, aurreko denboraldietan egin bezala, Txingudi errugbi klubera neska jokalariak erakartzen jarraitu nahi dute. Horretarako, irailaren 21ean, Emakumeen Errugbi Eguna antolatu zuten. Leire Muñozek azaldu du, jokalariak jardunaldi horren antolaketan inplikatu zirela eta denen artean entrenamendu berezi bat prestatu zutela. Horretarako, beren ezagunak errugbia probatzera gonbidatu zituzten, Leirek bere garaian egin zuen bezala. “Jolas eta ariketa desberdinak eginez, emakumeek errugbian aritzea nolakoa den ikustea zen helburua”, gaineratu du Txingudiko jokalariak. Gainera, arratsaldean lagunarteko partidua jokatu zuten Donostiako Bera Berako nesken aurka.
Baita entrenatzaile lanetan ere

Klubeko jokalari izateaz gain, Leire Muñoz mutilen senior taldeko hiru laurdenetako prestatzailea ere izango da, Iñigo Camarerori entrenatzaile lanetan laguntzeko. Muñozek azaldu du entrenatzaile izateko bi ikastaro eginak dituela eta Valladoliden jokatu bitartean 12 urtez azpiko taldearen entrenatzaile izan zela. Gainera, irakasle ikasketak egin dituenez, haurrekin bere ezagutza eta baita gustuko duen kirola partekatzeaz asko gozatzen duela azaldu du. Iaz ere inguruko eskoletara hurbildu zen errugbia sustatzeko. Entrenatzaile prestakuntzetan ikasitakoa praktikara eraman nahian, mutilen taldean zegoen hutsune hau bete nahi izan du. Mutilen senior taldean izango duen zeregina azaltzeko, Leire Muñozek aipatu du, “errugbian askotan aurrelariak eta hiru laurdenak banatzen gara eta ni azken horien prestaketaz arduratuko naiz”.
Hiru laurdenen prestaketarekin hasi aurretik, Leire Muñozek azaldu du lehenengo jokalariak ondo ezagutzeko denbora beharko duela. “Postu horietan zein jokalari arituko diren erabaki behar dugu lehenengo”, adierazi du mutilen entrenatzaile berriak. Behin hori eginda, zelaian izango dituzten kokapenak erabaki eta jokaldiak prestatzen hasiko direla aipatu du. “Denboraldiaurrean entrenamendu fisikoak asko indartu nahi izan ditugu, ruck-ak edo plakaketak bezalako beste jokaldi faseak sakonean lantzen hasi aurretik”, erantsi du Muñozek. Denboraldiak aurrera egin ahala, lanketa espezifikoagoa egitea egokituko zaiola aurreratu digu Leire Muñozek.
“Asko gustatzen zait denboraldi hasieran inguruan nabari den urduritasuna eta ilusioa”
Leire Muñoz, Txingudi errugbi klubeko jokalaria eta entrenatzailea
“Entrenatzaile zarenean, zuk jokalari gisa egiten dituzun gauza askotaz jabetzen zara”, adierazi du Txingudiko mutilen entrenatzaile berria denak. Hobetu beharrekoak antzemateaz gain, entrenatzailea jokalariei ezagutza hori transmititzeko gai izan behar dela argi du Muñozek. Bere agindupean dauden jokalariei konturatu gabe bere akatsak irakasteko beldur dela onartu du Leirek. Izan ere, denboraren poderioz jokalariek ohitura txarrak hartzea ohikoa da. “Horregatik, nire jokalari profila alde batera uzten saiatzen naiz, gauzak ahal dudan hobekien azaltzen saiatzeko”, adierazi du entrenatzaile berriak. Beraz, rol aldaketa honek gauza berri asko ikasteko aukera emango diola pentsatzen du. Era berean, mutilen taldean egin dioten harrera beroa eskertu du, denboraldi berria hasteko gogotsu baitaude.
Leire Muñozek adierazi du denboraldiaurrea dela errugbi denboraldiko bere zatirik gogokoena. “Asko gustatzen zait denboraldi hasieran inguruan nabari den urduritasuna eta ilusioa”, azaldu du Txingudiko neskak. Oraindik dena posible denaren sentimenduarekin, jokalaria eta orain klubeko entrenatzailea dena prest sentitzen da aurretik dituen erronketan guztia emateko. Muñozek onartu du denboraldiaren bilakaeraz ere gozatzen duela, baina aitortu duenez, hasierako sentimenduak eta sentsazioak paregabeak dira beretzat.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.



