Garaipenik ez Bidasoa Irunentzat Errumaniako partidan

Argazkia: CSM Constanta

Bidasoa Irunek porrota jaso du Errumanian CSM Constantaren aurka (35-30). EHF European Leagueko hirugarren jardunaldiko partidua izan da. Simona Amanar Sports Hall-en jokatu da, 500 zale ingururen aurrean

Irungo taldeak ez du lortu lehen zatian aurretik jartzea. Hiru aldiz bakarrik lortu du etxeko taldearekin berdinduta egotea (1-1, 3-3 eta 6-6) eta emaitza horien ostean Constantak bi tantoko errenta ireki du. Álex Mozasen taldea atepean joan da lehen 30 minutuetan, defentsa inposatu gabe eta aurkariaren arean amaitzeko zailtasunekin. Lau goleko aldea ere izan da lehen zatian, Errumaniakoen alde, baina Silvaren jaurtiketaren ondorioz aldea bi tantora murriztu da atsedenaldian (17-15).

Bigarren zatian, Bidasoa Irunek partida berehala berdintzea lortu du Rodrigo Salinasek eta Boskosek sartutako golei esker (17-17, 32. min), baina berriro ere etxekoek aldeak zabaldu dituzte 2-0eko partzialarekin. Hortik aurrera, partida zaildu egin da eta bidasotarrak zazpi gol azpitik joan dira (29-22, 45. min). Álex Mozasen hutsartea defentsa mistora aldatzeko aprobetxatu dute, 4-2koarekin, Zabala eta Gorka Nieto aurreratuz. Ondorioz, Irungoak hiru tantoetara hurbildu dira (31-28), baina ezer gutxirako balio izan dute Skrzyniarzek jarraian egin dituen bost geldiketek, erasoan horikoak ez baitira fin ibili Rusuren aurka. Behin betiko 35-30ak porrota eragin du eta datorren asteartean Bidasoa Irunek garaipena bilatu beharko du gaurko aurkarien aurka.

Artalekuk eskubaloiaz gozatuko du berriro bidasotarren taldeak Irundik urrun jokatu dituen hiru partiden ostean. Larunbat honetan 19:30ean Bidasoa Irunek Frigoríficos del Morrazo taldea hartuko du eta hurrengo asteartean berriro jokatuko du talde errumaniarraren aurka, oraingoan etxean 20:45ean. Bi partidetarako sarreren salmenta aktibatuta dago esteka honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude