Álex Mozas, Bidasoa Iruneko entrenatzailea:  “Klub hau entrenatu ondoren ez dakit zer gehiago lortu daitekeen”

Álex Mozasek 20 urte baino gehiago daramatza entrenatzaile lanetan. Azken 9 urteetan ohorezko, zilarrezko edo ASOBAL mailan jokatu duten taldeen entrenatzailea izan da. Horrela, talde handi askotako entrenatzailea izan da, hala nola Alcobendas, Torrelavega edo Irungo entrenatzailea. Orain, Bidasoa Iruneko entrenatzaile gisa, denboraldi berriari begira dituen helburuak azaldu dizkigu.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, nor da Alex Mozas?

Eskubaloiaren zale amorratua naiz, eta nire ametsetako bat bete ahal izan dut: Europan Bidasoa klub historikoarekin jokatzea. Hastapenetan amestu ezin nuen zerbait zen eta orain sekulako ilusioa eragiten dit. Egia esan, klub hau entrenatu ondoren ez dakit zer gehiago lortu daitekeen.

Nolako harrera egin dizute Irunen?

Beti aldaketaren inguruko zalantzekin edo beldurrekin iristen zara. Gainera, nik urte asko neramatzan Torrelavegan. Hala ere, jokalarien harrera ikaragarria izan da eta elkarrekin entrenatzen egin dugun lehen hilabete honetan oso ondo egokitu dira jokatzeko eta lan egiteko modu berrira. Beraz, harrera ona egin didate ez bakarrik niri, baita teknikari berri guztiei ere, hainbat baikara, eta pozik gaude.

Zurekin batera talde tekniko ezaguna ekartzea lagungarria izan zaizu?

Niretzat oso garrantzitsua izan zen Bidasoak talde tekniko oso bat ekartzearen aldeko apustua egitea, garrantzi handia ematen baitiot talde lanari. Ni aspaldi hasi nintzen lanean Nacho Torrescusa prestatzaile fisikoarekin Alcobendasen. Torrelavegan Javi Campo ezagutu nuen, bigarren entrenatzailea, eta Espainiako Selekzioan Jorge Martinez ezagutu nuen. Horri esker, uste dut talde tekniko bat osatu dugula, eta bertan bakoitzak bere lan eremua duela. Niretzat oso garrantzitsua da lana haien esku utzi ahal izatea, eta esan duzun bezala, horrek asko erraztu dit klub berrira iristea, lankideez gain lagunak ere baitira.

“Lanerako gaitasun horrek txundituta nauka eta asko ikasten ari naiz jokalariengandik”

Zer aldaketa ezarri dituzue oraingoz?

Talde batek hainbeste denboraz entrenatzaile bera duenean, beti uzten du bere arrastoa taldean. Uste dut gauza bera gertatuko zaiola Jacobo Cuetarari Torrelavegan. Hona nentorrela jakin nuenetik beti argi izan dut Jacobok egindako gauza on guztiak ahalik eta gehien aprobetxatu nahi nituela, asko baita, eta emaitzek hala erakusten dute. Gero, pixkanaka, zure arrastoa uzten zoaz, bakoitzak gauzak egiteko modu bat baitu. Jokatzeko era zaharra eta berria oso desberdinak izango dira, baina gauza asko aprobetxa ditzakegu. Oso garrantzitsua da ere, ia jokalari multzo osoa mantentzea.

Zer balorazio egiten duzu dituzun jokalariez?

Kanpotik ikusita, Artalekura aurkari bezala jokatzera etorri naizenean beti iruditu izan zait Bidasoa Irunek ligako bigarren jokalari onenak dituela, Barçaren atzetik. Orain, beraien entrenatzaile izanda, uste hori berretsi dut. Maila altuko jokalari taldea da, ez bakarrik beren kalitateagatik, baizik eta lanerako prestutasunarengatik ere. Haiekin entrenatzean konturatzen zara zeinen profesionalak diren eta orain arte lortutako emaitza onak ulertzen dituzu. Lanerako gaitasun horrek txundituta nauka eta asko ikasten ari naiz jokalariengandik.

Zer erronka dituzue aurtengo denboraldirako?

Helburu handiak ditugu buruan. Gure lehen helburua Europara berriro Ligaren bitartez sartzea da, nahiz eta beste aukera batzuk izan. Horretarako, ligako bigarren edo hirugarren postuan kokatu behar gara. Halaber, Europan oso lehiakorrak izan nahi dugu, Bidasoa berriz ere talde errespetatua izateko. Gehiago amestuz, gustatuko litzaiguke Barçari partida bat irabaztea edo, gutxienez, titulu labur bat lehiatzea, azken urteetan inork lortu ez duen pauso bat eman ahal izateko, eta final batean izan badaiteke, askoz hobeto.

Prest al dago Bidasoa Europako txapelketara itzultzeko?

Niretzat erronka handia da ligan eta aldi berean Europan lehiakorrak izatea. Azken urteetan ikusi dugu Europara iristen ziren taldeek asko sufritu dutela ligan, Benidorm edo Cuencak adibidez. Horregatik, Europako txapelketan ahalik eta urrutien iristen saiatuko gara, baina ligari muzin egin gabe, hori baita datorren urtean Europara itzultzeko giltza ematen dizuna. Niretzat gauza berria da eta, gainera, oso lehiaketa luzea da, beraz, jokalarien esperientzian oinarrituko naiz. Uste dut talde ona egokitu zaigula eta gainditzeko aukerak izan ditzakegula. Baina aipatu bezala, guztiaren gakoa Asobal liga da.

“Aldaketa handiko urtea izango denez, zaila izango da jokatzeko modu berrira egokitzea”

Iturria: Bidasoa KE.

Zer diozu taldeko zaleez?

Hona etorri naizen beste aldietan harritu egin nau arnasten den giro onak, baina batez ere gustatzen zait jendeak eskubaloiaz ulertzen duela nabaritzen delako. Bizipen eta titulu asko dituen taldea da Bidasoa, eta jendeak badaki zer egin behar den horiek irabazteko. Jendeari jolasteko modu jakin bat gustatzen zaio, eta uste dut guztiz bat datorrela guk egingo dugunarekin. Hau da, asko eta oso gogor defendatu nahi dugu. Baloi asko ez galtzen eta erasoan diziplinatuak izaten ere saiatuko gara. Beraz, eskubaloi erakargarria egingo dugu jendearentzat. Zaleekin harremana izatea asko gustatzen zait eta helburua astebururo Artaleku betetzea izango da.

Beheko mailetan duzun esperientziak harrobiaren potentziala baloratzen lagunduko dizula uste duzu?

Hori da gure beste helburu nagusietako bat. Lehen taldera jokalariak igotzen jarraitu nahi dugu. Bidasoak bertako oso jokalari onak izan ditu, hala nola Gorka Nieto, Julen Mugica eta Eneko Furundarena. Orain belaunaldi berriak ere potentzial handia duela uste dugu, Unai Barreto, Jon Ander Iribar edo Javier Gastaminza dauzkagu.  Jakina, Irungo edo Gipuzkoako jokalari batek lehen taldera iristea lortzen duenean, jendea gehiago identifikatzen da berarekin.

Noraino irits daiteke Bidasoa denboraldi honetan?

Aldaketa handiko urtea izango denez, zaila izango da jokatzeko modu berrira egokitzea. Baina jokalarien blokea mantentzen dela aprobetxatuz, gutxienez iazkoa lortzen saiatu behar dugu. Lehiakorrak izaten jarraitu behar dugu, batez ere, Barçaren aurkako bi partiduetan. Europan gu baino askoz aurrekontu handiagoak dituzten taldeak daudela jakin arren, anbiziotsuak izan behar dugu, eta gure jokatzeko moduak urrutira eramango gaituela pentsatu behar dugu. Era berean, garrantzitsua da gu ikustera etortzen den jendea identifikatuta sentitzea, pabiloia betetzen jarrai dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude