Etxetik kanpo jokatuko dute Txingudi Errugbi Klubeko senior taldeek asteburu honetan

Txingudi Errugbi Klubeko taldeek etxetik urrun jokatuko dute asteburu honetan. Zaisa Txingudik larunbatean Gasteizen jokatuko du 13:30etatik aurrera Gaztediren bigarren taldearen aurka. Biok Txingudik Logroñon izango du hitzordua Riojaren aurka 16:30etan.

Zaisa Txingudi

Iñigo Camarero Tausek zuzendutako jokalariek Iruñaren aurkako partidan izandako sentsazioak eta lana errepikatu nahi izango dituzte Gasteizen jokatuko duten norgehiagokan. Aurkariak ez du liga sasoi onenean hasi, lehenengo bi partidak galduz, baina gauzak zail jartzen dituen talde horietako bat dela erakutsi izan dio Txingudiri. Izan ere, arabarrek pasa den denboraldian Plaiaundin jokatu zen azkeneko jardunaldiko partida irabazi zuten, bidasoarrak igoera play-offera sailkatzeko aukerarik gabe utziz.

Ligako hirugarren jardunaldia izanik, taldeak oraindik lehiaketaren martxa hartzen ari dira eta egoera hau aprobetxatzen saiatuko mugakoak Gasteiztik puntuak ekarri ahal izateko.

Biok Txingudi

Emakumezkoen taldeak Logroñon jokatuko du denboraldiko hirugarren partida. Eibarren irabazi ondoren eta Durangoren aurka lortutako bonus puntuarekin, B multzoko lehenengo postuan kokatzen da taldea, Gaztedirekin batera. Riojak ez du liga modu onenean hasi eta azken postuan kokatzen da, baina etxean ez ditu gauzak erraz jartzen. Hain zuzen ere, pasa den denboraldian, Biok Txingudik markagailua bi alditan irauli behar izan zuen 29 eta 36 irabazten amaitzeko.

Ligako lehenengo faseak sei partida baino ez izanik, norgehiagokak irabaztea eta puntuak eskuratzea ezinbestekoa da Asier González Arañak zuzendutako jokalarientzako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude