Irungo Udalak adineko emakumeek pairatzen duten indarkeria ikusarazteko kanpaina abiatu du

Irungo Udalak adineko emakumeek pairatzen duten indarkeria ikusezina ikustarazteko kanpaina abiatu du. Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean kanpaina berriaren nondik norakoak azaltzeko. Trapu zaharrak ez dira etxean garbitzen lelopean, adineko emakumeek pairatzen duten indarkeria ikusezinaren inguruan sentsibilizatzea du helburutzat.

Berdintasuneko ordezkariaren hitzetan, adineko emakumeen kontrako genero-indarkeria urrutitik datorren arazoa da, normaltasun itxuraren eta isiltasunaren azpian ezkutuan egon den arazoa, hain zuzen. Nuria Alzagaren hitzetan, “emakumeen kontrako jardun biolento batzuk normalizatu egin dira eta maiz biktimak berak ere ez dira indarkeria aipatzeko gauza, askatasuna mugatu badiete ere”, gaineratu du ordezkariak.

Zenbait azterlani erreparatuta, datuek erakusten dute adineko emakumeek gazteek baino genero-diskriminazio handiagoa pairatzen dutela, adinarekin lotutako zaurgarritasuna dela eta. Horregatik, kanpainak 60 urtetik gorako emakumeak animatu nahi ditu, genero-indarkeria mota oro identifika eta sala dezaten. Gainera, kasuak hautematen lagundu nahi du, eta Udalaren baliabide espezializatuen berri eman.

Ildo horretan, ordezkariak azaldu duenez, «Udaletik indarkeria ikusarazi eta ezagutarazten jarraitzeko betebeharra dugu, batik bat ezkutukoa eta isilekoa den indarkeriaren kasuan, genero-indarkeriaren biktimek errazago hauteman dezaten, eta haiei laguntza eskaintzeko».

Kanpainaren irudia eta mezua

Kanpainaren mezua zabaltzeko pieza nagusiak 60 urte inguruko emakume bat erakusten du lehen planoan, eta haren inguruan adineko emakumeen sufritu ohi dituzten eguneroko bizitzako indarkeriazko egoerak azaltzen dira. Askotan normalizatuta egoten dira jarrera horiek, hala nola errespetu faltak, kontrol ekonomikoa, gezurrak edo jokamolde agresiboak.

Nuria Alzaga Berdintasuneko ordezkariak nabarmendu du kanpainaren protagonista izateko 60 urte inguruko emakume bat aukeratu izana ez dela «kasualitatea» izan. Berdintasun arloak egindako zenbait azterlanen arabera, adineko emakume guztien artean, 60 eta 70 urte artean daudenek dute salaketa aurkezteko aukera gehien, errealistak izanda. Horregatik, kanpainaren irudia adin tarte horretako emakumeei zuzentzen zaie zehazki, beren aldetik erreakzio bat lortze aldera.

Kanpainaren irudia Udalaren euskarrietan jarriko da (markesinak, komun publikoak, kaleko publizitate-pantailak…), baita Udalaren webgunean ere (irun.org). Horrez gainera, kartelak eta informazioa emateko triptikoak banatuko dira Udalaren bulegoetan, osasun-zentroetan eta Irungo establezimenduetan.

Udala baliabideak

Gogoan izan behar da Irungo Udalak baliabide hauek jartzen dituela genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeen esku:

-Laguntza taldeak: Irungo Udalaren eta Emakumeen Etxea Elkartearen baterako kudeaketarako hitzarmenaren barruan, «Partekatu, eraldatu, jarraitu…» izeneko doako laguntza-talde bat osatu da, indarkeria pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeei zuzendutakoa, beren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburua duena.

-Doako aholkularitza juridikoa Irunen erroldatutako emakumeentzat

-Gizarte-zerbitzuak: gizarte-laguntza eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren prestazio ekonomikoak, zenbait baldintza betetzen badira eta balorazio tekniko baten ostean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baliabide batzuk ere baloratzen eta izapidetzen dira, hala nola GARAITU programa, zeinak arreta psikosozial, sozioedukatibo eta soziojuridikoa ematen dien indarkeria matxistaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei, haien seme-alaba adingabeei eta mendekotasun egoeran dauden haien ardurapeko beste pertsona batzuei, Bidasoalde osoan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude