Irunvik, Irungo Etxebizitza Sozietate Publikoaren administrazio-batzordeak, San Migel Anaka eremuko obrekin lotutako zenbait kontratu esleitu zizkion Tecnica Y Proyectos SA sozietateari, 980.101,34 euroan, BEZa barne. Zehazki, obra-zuzendaritza, obraren exekuzioaren zuzendaritza, ingurumeneko zuzendaritza eta segurtasuna eta osasuna koordinatzeko zerbitzuak esleitu zizkion.
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «funtsezko eremu bat da, eta hiriarentzako garrantzitsua, tamaina handiari eta etorkizuneko garapenaren ondoren izango duen etxebizitza publikoaren kantitateari erreparatuta. Alkateak azaldu duenez, obra-zuzendaritza eta ingurumen-zuzendaritza esleituta, etapa-planak antolatuko dira indusketak egiteko. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak baimendu behar ditu horiek, urbanizazio-obrak hasi aurretik. Era berean, urbanizazio-proiektua berrikusiko da, obrak uda aurretik lizitatzeko asmoarekin. “Horrela, inguruaren berrurbanizazio osoari ekingo zaio, eta beste mugarri bat izango da Irungo hiriarentzat”, azaldu du Labordak .
Era honetan, San Migel eta Anaka lotuko dituen auzo berri bat sortuko da, eta hiriaren iparraldea goitik behera eraldatuko da, hiri konektatuago eta jasangarriago baten ereduaren arabera. Urbanizazio-obrak Donostia kalean hasiko dira, eta eremu guztira zabalduko dira. Guztira 1.175 etxebizitza eraikiko dira gutxi gorabehera, eta horietatik 887 inguru babes publikokoak izango dira. Horrez gain, auzorako ekipamendu publikoak eraikiko dira, hala nola igerileku publikoak eta bestelako kirol-ekipamenduak, baita aparkaleku bat ere.
Ibilgailu elektrikoetarako kargagailu gehiago
Irunviren administrazio-batzordeak, gainera, Pinudiko aparkalekuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko 12 puntu instalatzeko kontratua ere esleitu zuen, Tapia Instalazio Elektrikoak SLren alde, 53.365,72 euroko zenbatekoarekin, BEZa barne.
Inguruko bizilagunentzako aparkaleku bat da, eta guztiz okupatuta egoten da duela urte batzuetatik hona. Hori dela eta, Udalak beharrezkotzat jo du ibilgailu elektrikoak kargatzeko 12 puntu horiek eraikitzea, ingurumen aldeko konpromisoekin bat etorrita. Gauza bera egin da beste aparkaleku batzuen obretan ere, hala nola Belartzan, hasieratik izango baititu kargatzeko puntu horiek.



