Behar Bidasoak lanean jarraitzen du, tokiko hazkundeari esker, garapen poloen hobekuntza lortzeko

Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ia 50 urte daramatza garapen poloetako garapenari laguntzen. Erakundeak gaur egun hiru garapen polo ezberdin dauzka: Kabugan, Pereiran eta Villarrican. Egun boluntario sarea indartu eta erakundearen komunikazio sareak eguneratu eta areagotzeko lanean dabiltza. María Serrano erakundeko Komunikazio arduradunak gaur egun garatzen ari diren proiektuei buruz hitz egin du.

Oraindik zuen jarduera ezezaguna den horientzat, zer egiten duzue Behar Bidasoan?

Behar Bidasoak oso ibilbide luzea du atzetik, gehienbat Ruandan, Kabugan zehazki. Azkeneko hamarkadetan Colombian, Pereiran eta Paraguain, eta Villarrican ere aritu da lanean. Hiru leku hauetan oso harreman estua dugu bertakoekin eta garapen polo bezala izendatzen ditugu. Bakoitzean gauza ezberdinak lantzen dira, baina orokorrean esan dezakegu emakumeen ahalduntze prozesuak asko lantzen ari garela. Izan ere, herrialde horietan oso errealitate ezberdinak bizi dituzte beraien artean. Esaterako, Kabugan oinarrizko beharrak asetzeko laguntza handia ematen da eta horregatik, azkeneko urteetan garrantzi handia eman zaio, batez ere, familia kargak dituzten emakumeentzako etxebizitza duinen sorrerari.  Zehazki, 300 edo 400 etxebizitza eraiki dira azken urteetan. Gainera, bertako gerra dela eta, gizarte gatazka handiak izan dira eta, guzti hori pairatzen laguntzeko, gizartea sendotzeko kultura eta hezkuntzarekin loturiko azpiegiturak eraiki dira.

Aspaldian lanean hasi arren, unean uneko beharretara egokitzen joan behar izan duzue. Zeintzuk dira orain herrialde horietako premia nagusiak?

Azkeneko urteetan zehar garatu den proiektu bat eta, seguruenik, etorkizunean jarraipen bat izango duena ur saneamenduak, kanalizazioa eta iturriak jartzeko proiektua izan da, Irungo Udalaren dirulaguntzarekin egin dena. Horri esker, bertako biztanleei herriaren inguruan ura lortzeko aukera eman zaie, urrutira, hainbat kilometrotara, joan beharrik gabe. Beraz, bertako poloarekin dugun harremana oso estua da. Horretarako, hilero bilerak egiten ditugu eta orain aurtengo proiektu berriak zeintzuk izango diren zehazten ari gara, behar nagusiak zeintzuk diren aztertzen eta aurtengo lana antolatzen.

“Norbaitek laguntzeko gogo hori badu, telefonoz deitu edo gurekin harremanetan jarri dadila eta ziur kolaborazioren bat egiteko modua aurkituko dugula”

Proiektu guzti hauekin aurrera egiteko finantzazioa ezinbestekoa da. Zeintzuk dira horretarako zuen diru sarrerak?

Behar Bidasoa erakundeak bere kontuak ikuskatzen ditu eta bertan ikus daitekeenez, sarrera pribatuak dira gehienbat gure diru iturri nagusia. Egia da ekarpen horiek egiten dituzten pertsonen adina gorantz doala, baita boluntarioen kasuan ere. Beraz, jende gaztearengana iristeko beharra ikusten dugu, horrela, beraien ekarpen ekonomikoak eta laguntza jaso ahal izateko. Erakunde publikoek eskaintzen dituzten diru laguntza publikoen deialdietara ere aurkezten gara. Adibidez, Irungo Udalarekin dirulaguntza izenduna du Behar Bidasoak duela aspaldi. Gainera, beste udal batzuen laguntza ere badugu; beraz, hortxe gabiltza.

Boluntario aldetik, berriz, nola zabiltzate?

Egia esan, kostatu egiten zaigun zerbait da. Ni txikia nintzen arren, ondo gogoratzen ditut Behar Bidasoak arropa jasotzeko antolatzen zituen jardunaldiak, elkarteak Kale Nagusian zuen lokalean egiten zirenak. Horrelako gauzek jende asko mugitzen zuten eta dei pare bat egitearekin jende asko elkartzen zen bat-batean. Orain egia da eguneroko lanerako 2 edo 3 pertsona bakarrik gaudela elkartean lanean lan guzti hori aurrera atera ahal izateko, eta beraz, sekulako inplikazioa eskatzen du horrek. Ondorioz, gutxi batzuek asko eman behar izatea eskatzen du. Beraz, jendearen laguntza beharrezkoa izango zaigu, batez ere, beste gauza batzuk egin ahal izateko. Asko zentratzen ari gara hemen, gure inguruan, sentsibilizazioa egiteko. Izan ere, geroz eta kanpaina eta ekintza gehiago behar dira, etorkizunaren garra pizten ez badugu, zaila izango da besteengana iristea. Pentsatzekoa da jendeak ezingo dituela ez dakit zenbat ordu eskaini astean edo ezinezkoa izango zaiola ordutegi jakin batean laguntzeko konprometitzea. Dena den, norbaitek laguntzeko gogo hori badu, telefonoz deitu edo gurekin harremanetan jarri dadila eta ziur kolaborazioren bat egiteko modua aurkituko dugula.

Argazki oina: Irungo Udalaren diru-laguntzarekin Kabugan saneamendu-sarea eta ur-hornidura sortzeko proiektua. (Iturria: Behar Bidasoa GKE)

Komunikazio aldetik ere urratsak egin dituzue, bai webgunearen zein sare sozialen bidez, jende gehiagorengana iristeko.

Bai, hala da. Behar beharrezkoa ikusten dugu jendeari gure jarduera azaltzeko, hau da, Behar Bidasoak zer egiten duen eta elkarteren bati lagundu nahi dioten horiek, guregana iristeko aukera izan dezaten. Nahiz eta konpromiso zehatz bat ezin hartu, agian beken proiekturen batean parte hartu nahi dute edo beste zerbaitetan. Azkenean, bakoitzak dauzkan ideiak ondo hartzen ditugu. Horretarako, pixkanaka gurekin harremanetan jartzeko baliabide guztiak eguneratzen ari gara. Zentzu horretan, webgune berria dugu, Beharbidasoa.org eta bertan elkartearekin loturiko informazio guztia ageri da. Gainera, berriki Whatsapp kanala sortu dugu, azkenean, gazteak zein helduek, denok, erabiltzen dugun zerbait delako. Horrela beraz, oso lagungarria suertatuko zaigu informazioa zabaltzeko.

Datorren urtean elkartearen 50. urteurrena izango duzue. Hasiak al zarete data berezi hori nola ospatuko duzuen pentsatzen?

Bai. Nik uste hor momentu garrantzitsu bat izango dugula komunikazio aldetik, eta egun gizartera zabaltzeko egiten ari garen ahalegin guztia aprobetxatzeko unea izango dela. Egia da momentuz ospakizunetan ez dugula gehiegi pentsatu, baina badakigu laster data berezi hori datorkigula. Beraz, behar den bezala ospatzeko aukera aprobetxatu beharko dugu. Nahiz eta oraindik ez dugun ezer erabaki, oso zifra berezia eta polita da; beraz, zerbait egiteko aukera aproposa.

“Aurrerantzean lortu nahi duguna da hazkuntza zuzenean beraiek lortu dezatela”

Etorkizunera begiratuz gero, zer proiektu hasi nahiko zenituzkete?

Azkeneko urte eta hilabeteetan zehar filosofia zehatz bati jarraitzen saiatzen ari gara, eta horrela transmititzen ari gatzaizkie gure garapen poloetako biztanleei. Aurrerantzean lortu nahi duguna da hazkuntza zuzenean beraiek lortu dezatela. Hau da, uste dugu lankidetza ez dela izan behar “guk dirua ematen dizuegu zuen beharrei aurre egin ahal izateko”. Baizik eta diru hori proiektu estrategikoak garatzeko erabili behar da. Beraz, bertan proiektuak garatu behar dira, trukean zuzenean beraiek bueltan dirua eta baliabideak izan ditzaten. Azken urte hauetan Kabugan, Manos Unidas-ekin batera, nekazaritza proiektu bat garatu dugu emakumeei zuzendua. Kooperatiba bat sortu da, prestakuntza bat izan dute eta, beraz, aspaldi landatutako haziaren fruituak jasotzen hasi dira. Horri esker, produktu berriak ekoizten ari dira eta, orain erronka berria da produktu horiek bertan saldu ahal izateko lekuren bat aurkitzea eta beraiek errekurtso horiek erabiltzeko aukera izan dezatela. Pereiran eta Villarrican ere ekintzailetza proiektuak babesten ari gara. Bertan emakumeen ahalduntze prozesuak asko bultzatu dira prestakuntzari esker. Orain hurrengo pausua litzateke, formakuntza horretatik pasatzen diren emakume horiek beraien enpresa txikiak martxan jartzea eta horrekin egoerari buelta ematea. Beraz, hurrengo urteetan uste dut fokua hortxe jarriko dugula.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude