Irungo kalamu elkarte bateko arduraduna atxilotu dute

Irungo kalamu elkarte bateko arduraduna atxilotu dute osasun publikoaren aurkako ustezko delitu baten egilea delakoan. Irungo Udaltzaingoak Ertzaintzarekin batera parte hartu du Irunen lokal bat zuen kalamu-elkarte bateko arduraduna atxilotzeko operazioan. Atxilotuaren lokalean substantzia estupefazienteak konfiskatu dituzte, baita pisatzeko elementuak eta banaketarako materialak ere, eta beste hiru pertsona ikertzeko eginbideak hasi dituzte. Polizia-etxean beharrezko eginbideak burutu ostean, atxilotua atzo, asteartea, epailearen esku utzi zuten.

Ezohiko jarduera susmagarria

Joan den urtearen amaieran, Irungo kalamu-elkarte baten inguruan ezohiko jarduera bat antzeman ondoren, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak susmatu zuen establezimendu hori drogarekin legez kanpo trafikatzeko erabiltzen ari zitekeela elkartearen estatutuetan ezarritakoa alde batera utzita, eta haren inguruan zaintza-operatiboak ezarri zituzten.

Bertan egindako kontroletan, ikusi zen pertsona asko joaten zirela lokalera bertako bazkide izan gabe eta barruan denbora laburrean egoten zirela ustez diru truke substantzia estupefazienteak eskuratzeko, gero elkartetik kanpo kontsumitzeko.

Egoera horren aurrean, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, joan den astelehenean lekura sartu eta miaketa bat egin zuten, eta substantzia estupefaziente ugari konfiskatu zituzten, eta baita baskulak eta salgaia banatzeko materialak ere.

Egindako ikerketen ondorioz, elkarteko gerente gisa identifikatutako 26 urteko emakumea atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Zuzendaritza-batzordeko beste hiru kide ikertzeko ere eginbideak hasi zituzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude