“Bizi Gogoz” programak musika, sexualitatea eta idazketarekin loturiko tailerrak proposatzen ditu

Bizi Gogoz” programak musika, sexualitatea eta idazketarekin loturiko tailerrak proposatzen ditu. Adineko pertsonei zuzendutako ekintza hauek ekainean hasi eta irailean beste hiru jarduera eginez osatuko dira.  Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak egitasmoaren berri eman du gaur goizean, Raquel Calvo, Itziar Sistiaga eta Xabier Lizasorekin  tailerretako arduradunekin batera. Jarduera guztiak doakoak dira, eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo egoitza elektronikoan eman behar da izena, maiatzaren 28ra arte.

Josu Iguiñiz ordezkariaren hitzetan, “programa honen asmoa da Adinekoen Espazioetatik kanpo ere ekintzak egitea urte osoan”. Ongizate arlotik, 2025ean zerbitzuaren programa egonkorretako bat izaten jarrai dezan lan egin dutela azaldu du. “Horrela, estimulazio aktiboa sustatzen jarraitzen dugu bizitza osoan zehar, berdinekin parte hartzea sustatuz eta laguntza sareak sortuz”, gaineratu du Gizarte Ongizateko ordezkariak.

‘Do, Re, Ni’

Zehazaki, hainbat tailer egingo dira datozen hilabeteetan. Lehenengoa ‘Do, Re, Ni‘ izango da, Xabier Lizasoren eskutik. Musikaren bidez narriadura kognitiboa estimulatzeaz eta prebenitzeaz arituko da. Tailer horretan musika, dantza eta antzerkia inplementatzen dira, estimulazio kognitiborako tresna gisa. Metodologiak kontuan hartzen du parte-hartzailearen egoera kognitiboa, eta pertsona bakoitzaren profilera egokitzeko malgutasuna du ezaugarri, norbanakoaren onura bermatzeko. Saioak euskaraz edo gaztelaniaz emango dira, taldearen arabera, baina beste hizkuntza batzuk ere badaude, abestien bidez, horiek ulertzeko eta ahoskatzeko garunaren esfortzua behar baita. Datorren urteko ekainetik martxora arte izango dira, astelehenetan, 16:30etik 18:00etara, Leka-Eneko Apartamentuetako espazio sozialean.

‘Plazera eta bere tximeletak’

‘Plazera eta bere tximeletak’ sexualitate-tailerrean kontzeptu eta informazioak ezagutzeko ibilbide bat egiten saiatuko dira, hausnartze aldera. Lau saio izango dira, eta Raquel Calvo sexologoak emango ditu. Haietan, hainbat alderdi aztertuko dira modu zabalean, hala nola gorputza, plazera, gizakiaren sexu-erantzuna, masturbazioa eta autoestimua. Ekaineko ostiral guztietan egingo dira, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Monteroko espazioan.

‘Idazketa emozionaleko kapsulak: Bizipoza’

Ekaineko hirugarren tailerra Itziar Sistiaga idazleak emango du: ‘Idazketa emozionaleko kapsulak: Bizipoza’. Kapsula-formatuko tailer horren asmoa da idazteko hainbat ariketa eginez mahai gainean jartzea pozak nola bultzatzen duen bizitzera edo nola bizitzen den alaitasunetik. Tailerrean, ariketa praktikoak egingo dira, kontzientzia hartzeko, ilusioa izateko gaitasuna ebaluatzeko, nork bere burua hobeto ezagutzeko eta oraindik bizitzeko dauden ametsei lotutako emozioei buruz idazteko.

Helburua da adinekoek kontatzea bi orduz nola pentsatzen eta jokatzen duten bizitzaren aurrean, idatzita utz ditzaten zer baliok bultzatzen dituzten diren bezalakoak izatera. Ekainaren 12an izango da, 17:00etan, Palmera Monteroko espazioan. Urrian eta abenduan, oraindik zehaztu gabe dauden datetan, idazketa emozionaleko beste bi kapsula egingo dira amodio propioari buruz eta bakardaderako idazketa-tresnei buruz.

Udazkenean gehiago

Udazkenerako beste hiru tailer daude programatuta ‘Bizi Gogoz’ ekimenaren barruan. Alde batetik, ‘Gymchess’ tailerrak zortzi saio izango ditu urrian eta azaroan, Leka-Eneko Apartamentuetako espazio sozialean, xakearen bidezko estimulazio kognitiboa lantzeko. Taula eta xake piezak erabiltzen dira lanerako, baina ez da beharrezkoa xakeaz ezer jakitea. Programa ludikoa da, entretenitu egiten du eta ondo pasatzen dute, eta, aldi berean, entrenamendu kognitiborako benetako sistema bat da, adinekoen behar kognitiboen arabera diseinatua.

‘+60 ART’ tailerraren protagonista Jorge Oteiza izango da azaroko astearteetan, Oiasso Museoan. Tailer horretan, tresna kulturalak eta artistikoak emango zaizkie artearen alorrean interesa duten 60 urtetik gorako pertsonei, eta korronte artistiko batzuk edo pertsona garrantzitsuak ezagutuko dituzte, hala nola eskultore gipuzkoarra bera. Tailerra arte plastikoen munduan hasiko direnentzat ez ezik, jarduera maila guztietara egokituz artearen munduarekin lotura duten pertsonentzat ere bada. Tailerra osatzeko, Oteiza Fundazioa Museora irteera egingo da azaroaren 27an, ostegunarekin.

Amaitzeko, Olga Grande kazetariak ‘Irrati-antzerkia’ tailerra emango du Palmera Montero espazioan, klase teoriko-praktikoak emanez. Zortzi saiotan, irrati-antzerkiko proiektu bat egiteko zein gako kontuan hartu behar diren aztertuko da. Ezagutza eskuratzeko klase teorikoak emango dira, lokuzio-klase praktikoak, gidoia egitea eta irrati-antzerkiko proiektua grabatzea.

‘Bizi Gogoz’ programa

‘Bizi Gogoz’ programa 2024an jarri zen martxan lehen aldiz. Helburua zen arte-jarduerak, musikakoak, hazkuntza pertsonalekoak eta abar egitea hiriko 60 urtetik gorako pertsonen sormena, eta ongizate fisiko eta mentala sustatzeko; izan ere, 2023ko aurrekontuetan parte hartzeko prozesuan, herritarren eskari bat jaso zen ildo horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude