Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloaren eskutik, Bizi Gogoz programaren barruko adinekoentzako jardueren eskaintza oparoagoa izango da udazken honetan. Horrela, azaro osoan, adinekoek xake tailer bat izango dute aukeran, adimena ludikoki trebatzeko, baita arte tailer bat ere, beren sormena bideratzeko. Interesdunek urriaren 16tik 31ra bitartean eman ahalko dute izena, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez edo Udalaren webgunearen bitartez, doan.
Bizi Gogoz partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan jaio zen, eta helburua adinekoentzako jardueren eskaintza oparoagoa izatea da, horrelako jarduerak hiriko adinekoentzako lokaletatik ateratzea eta urte osoan antolatzea, adinekoen ikaskuntza sustatzeko.
Gymchess tailerra
Azaroaren 4tik 28ra, astelehenetan eta ostegunetan Gymchess tailerra egingo da arratsaldeko 17:30etik 19:00etara. Tailerra Palmera Montero guneko 2. Aretoan egingo da, gaztelaniaz.
Oinarritzat xakearen elementuak (taula eta piezak) dituen sistema bat baliatuz adimena entrenatu nahi duten 60 urtetik gorakoentzat da tailerra, eta, Gizarte Ongizateko Arloak jakinarazi duenez, ez da beharrezkoa parte hartzaileek aurrez xakean jolasten jakitea.
Abstrakzioa: Hilma af Klint eta Wassily Kandinsky
Azaroaren 5etik 26ra, astearteetan, 16:30etik 18:30era “Abstrakzioa: Hilma af Klint eta Wassily Kandinsky” tailerrean parte hartzeko aukera egongo da. Tailerra Oiasso Museoan egingo da, gaztelanian.
60 urtetik gorakoen sormena sustatzea da arte plastikoak lantzeko tailer honen helburua, eta Junkal Alfonso artista plastiko eta hezitzaile irundarrak emango du. Gizarte Ongizateko Arloak jakinarazi duenez, arte plastikoen hastapenak ikasi nahi dituen orok parte har dezake.