Aurrera doaz Gal estadioaren irisgarritasunak hobetzeko lanak. Lan hauen barruan igogailu berri bat instalatuko da, komunak berrituko dira, irisgarriagoak izan daitezen, eta eremu erreserbatu bat prestatuko da mugikortasun urriko zaleek partidak ikus ditzaten. Obrak bisitatzen izan dira gaur Gorka Álvarez, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkaria, eta Borja Olazabal, Kiroletakoa, Igor Emery Real Unioneko presidentearekin batera.
Gorka Álvarez azaldu duenez, “risgarritasunak arduratzen gaitu, eta horregatik lantzen dugu”. Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak azaldu duenez, udalaren menpeko eraikin eta instalazio guztien irisgarritasuna hobetzen ari dira, irundarrek baliabide publikoak baldintzarik onenetan erabiltzeko aukera izan dezaten. “Udalaren kirol-instalazioak irisgarriak izan behar dira, eta bertaratzen diren guztien segurtasuna bermatu behar dute” erantsi du ordezkariak. Álvarezek azpimarratu duenez, “kasu honetan, helburu horiexek betetzeko lan batzuei ekin diegu Gal estadioan, klubaren eta partidetara joaten direnen zaleen eskariei erantzuteko”.
Bestalde, Kiroletako ordezkariak adierazi duenez, Real Unióni ez zaio sekula Udalaren babesa faltako, eta horregatik ari dira taldea laguntzen beren esku dagoen guztian. “Zale txuri-beltzak estadiora joatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da estadioa erosoa eta irisgarria izatea”, aipatu du Olazabalek. “Dagoeneko Real Unionekin batera lanean ari gara, taldea mailaz igotzeko borrokan egon dadin datorren denboraldian”, azaldu du Kirol ordezkariak.
Laster hobekuntzekin
Obrek 366.476,97 euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta bost hileko exekuzio-epea. Hortaz, 2025/26 denboraldia abian dela amaituko dira. Zehazki, igogailuaren obra mendebaldeko harmailan egingo da, harmaila nagusian, alegia, eta helburua da estadioa irisgarriagoa izatea. Horrela, Patricio Arabolaza kaletik harmailaren bi kotetara igotzeko modua egongo da, ikusleek duten zelaiko bistari eragotzi gabe.
Mendebaldeko harmailean bertan, mugikortasun urriko pertsonentzako eremu erreserbatu bat prestatuko da. Horretarako, eserleku batzuk kendu beharko dira, eta espazio erreserbatu batzuk utziko dira gurpil-aulkietan datozenentzat eta horien laguntzaileentzat.
Bestalde, mendebaldeko harmailaren iparraldeko eta ekialdeko harmailaren lehen solairuko gimnasio ondoko komunak ere berrituko dira. Irisgarritasuna hobetze aldera, mugikortasun urriko pertsonentzako komun bat gaituko da bakoitzean, barneko espazioak berrantolatuta.
Horrez gain, aurreko ostiralean, maiatzak 30, ohiko osoko bilkura egin zen, eta bertan onetsitako kreditu-aldaketaren barruan badago estadioaren soropil artifiziala berritzeko proiektua idazteko lanetarako partida bat, 25.000 eurokoa.



