Través proiektuak Bidasoa ibaiarekiko bestelako harremana esploratuko du Ribera bekari esker

Eskualdeko biztanleek Bidasoa ibaia muga geografiko bezala ikusi ohi duten arren, guztiz kontrako esanahia ere izan dezake: elkargunea ere bada. Hain zuzen ere, horixe izango da 2025eko Ribera Beka irabazi duten proiektuetako batentzako. Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi González dira Través izeneko proiektuaren egileak eta datozen hilabeteetan zehar ibaiaz blaitzeko sorkuntza proiektu komunitarioa burutuko dute, artea eta ikerketa lan berean uztartuz.

Través proiektuak planteatzen duena da Bidasoa ibaiarekin gorputzez gorputz maitasunaren afektu iraultzaileak zeharkatu duen subjektu baten adierazpena esploratzea. Lan hori talde lanaren bidez egingo dute. “Bost saioetan zehar landuko ditugu proiektuaren oinarrian dauden puntu guztiak gorputz, idazketa eta ahots ariketen bitartez, besteak beste”. Hau da, ideia guztietara modu teorikoan gerturatu ordez, modu sentsiblean gerturatuko dira: praktika artistiko, korporal eta somatikoen bidez.

Proiektua gauzatzeko, talde bat sortzea izango da lehen urratsa. Parte-hartzaileek bost saiotan zehar parte hartuko dute eta amaieran performance itxura hartuko du emaitzak. “Agedak eta biok dinamizatuko ditugu saio hauek, baina sorkuntza prozesu komunitario bat dela azpimarratu nahiko genuke, sortuko dena taldekideei esker sortuko baita”, adierazi du Izaro Ieregik. Proiektuaren bultzatzaileak azaldu duenez, parte hartu ahal izateko ez da behar inolako formakuntzarik edo esperientziarik, nahikoa da interesa izatea gure proiektuak barne hartzen dituen puntuekin.

“Ibaiari beste esanahi bat eman diezaiokegula pentsatzen hasi ginen”

Izaro Ieregi González, Través proiektuaren sortzaileetako bat

Egitasmoa iraileko azken astean hasiko da eta otsailean performance batekin amaituko da. Beraz, bost saio hauek hilabetean behin egingo dituzte. Gero, hilabete bateko atsedenaldia izango dute, performancea jende aurrean aurkeztu aurretik. Saioetan edo prozesuan parte hartzeko epea irailaren 20 edo 21era arte egongo da zabalik eta email honetara idatzi dezakete interesatuek izena emateko: traves.laborategia@gmail.com. Izaro Ieregik aipatu duenez, “helbide horren bidez proiektuarekin loturiko informazio guztia bidaliko dugu”. Proiektuaren bultzatzaileak oso pozik daude, jada, abuztu erdialderako proiektua burutzeko taldea sortu dutela esan dezaketelako. “Momentuz, 13 partaide dauzkagu, baina taldea handiagoa izan daiteke”, adierazi du Ieregik.  Beraz, jendea animatzen dute beren emailera idazteko eta informazioa eskatzeko.

Emaitzari dagokionez, ez dute oso argi zein izango den prozesu guzti honen ondorioa. Argi dagoen gauza bakarra da, amaieran forma performatibo bat hartuko duela. Izaro Ieregiren hitzetan, “forma saio parte-hartzaileetan landuko den zerbait izango da, beraz, taldearen berezitasunek emango diote forma azken perfomance horri”. Gauzak horrela, saioek aurrera egin ahala, proiektuaren funtseko egitura sortzen joango dira.

Kontzeptu sakonetan murgilduz

Beraien lanen arteko interesguneez hitz egiten ari zirelarik, uraren elementua topatu zuten. Izaro Ieregik azaldu duenez, urak zeharkatu egiten gaitu, urez eraikiak gaudelako bai organikoki, bai subjektu moduan, eta barnean dugun ura kanpora izerdi bidez ateratzen da. “Era berean, ura da eraikitzen gaituena lurraldetasunari dagokionez, kasu honetan, Bidasoa ibaiak muga hori mugatu dezake eta”, gaineratu du Través proiektuaren egileetako batek. Uraren metafora honetan pentsatuz, sinbolikoki muga bat bezala eraiki arren, estrategikoki edo politikoki pentsatutako zerbait dela ikusten hasi ziren. “Ibaiari beste esanahi bat eman diezaiokegula pentsatzen hasi ginen”, adierazi du Izaro Ieregik.

Kontzeptu teorikoetan ere oinarritu dira ideia hori islatzeko. Esaterako, Victoria Royo filosofoaren “un cuerpo fuera de sí mismo” kontzeptuan pentsatu zuten, subjektu patriarkal zurrun eta autonomo oso horren parean, berak kanpora begirako keinu hori egiten du, beste gorputz batekiko. Bestetik, Judith  Budler filosofoaren esaldia ere izan dute abiapuntu: “nire gorputza nirea da, baina ez guztiz”. Hau da, jaiotzen garenetik gure gorputza besteei emanda dagoenaren ideiarekin eta, modu paraleloan, ibaiaren esanahiarekin lotu zuten. Beraz, ibaiaren esanahira eraman dituzte ideia horiek guztiak: ibaia muga bezala ulertuta, baita hizkuntza eta kultura bat partekatzen dutenen arteko muga gisa. “Gaur egun ere bada biolentzia kolonialari ihesi datozen migratzaileentzako muga bat”, gehitu du Izarok.

“Ribera bekak ematen digun aukera hau, artista eta ikertzaile baten artean tandem eran lan egitekoa, oso egokia da

Izaro Ieregi González, Través proiektuaren sortzaileetako bat

Horrela, uraren metafora horrekin lan egin nahi izan dute, berez dituen beste esanahi batzuk indartzeko. Adibidez, etengabeko mugimendu hori eta, muga baino gehiago, elkar lotzen gaituen zerbait bezala ulertu dute. “Era berean, ura eta ibaia maitasunaren metafora bezala landu dugu, baina ez maitasun erromantiko bezala, baizik Bell Hooks idazleak zioen bezala, maitasuna erreminta politiko gisa ulertuta, bestearekiko zaintzan”. Horretarako, gorputza eta afektua izan dira haien lanabes nagusiak.

Argazkia: Ageda eta Izaro beste azalak izeneko beste laborategi bat
ematen Donostiko Emedeene espazioan. Egilea: Ania M. Seisdedos

Interes amankomunetatik sortua

Agedak eta Izarok beren praktiken artean elkargune sendoak zeudela ikusita sortu zen proiektu hau martxan jartzeko ideia. Ageda ikertzailea eta hezitzailea da eta ikuspuntu feminista batetik egiten du lan, alienazioaren ondorio politiko eta afektiboak ikertzen ditu.  Izarok adierazi duenez, “berak gainera gorputzaren topaketetan lan egiten du”. Izarok gaineratu duenez, “ni ostera, artista naiz eta nire praktika artistikoak performancearen bidez egiten ditut, nozio eskultoriko batekin. Gorputzaren zaurgarritasunean ere badut interesa eta hortik sortu daitezkeen subjektibitate berrietan”. Horretaz gain, gorputzaren eta afektuaren artean ere egiten du lan Izarok, horrelako talde prozesuetan murgiltzen.

Horrela ikusi zuten lan egiteko beren interesetan bi puntu amankomun garrantzitsu bazeudela. Alde batetik, gorputza eta afektuetan duten interesa. Bestetik, patriarkatuak irakatsi digun subjektu, zurrun, tente eta autonomo baten beste subjektu interdependenteago baterako formak edo sentsibilitateak eraikitzeko nahia.

Ribera bekaren berezitasuna

Ribera beken helburua Bidasoa ibaiari eta memoria historikoaren eta mugaren kontzeptuei buruzko ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea da. Proiektuek badute ezaugarri bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, artearen esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. “Ribera bekak ematen digun aukera hau, artista eta ikertzaile baten artean tandem eran lan egitekoa, oso egokia da”, azaldu du Izaro Ieregik. Izan ere, praktika artistikoa bera ikertzeko modu bat bihurtzen da eta. Beraz, Través proiektua ikerketa prozesu bat bezala ulertzen dute. “Saio hauetan kanpotik ere etorriko zaigu estimulu edo inspirazio hori, saio batzuk areto itxietan egin arren, beste batzuk Bidasoa ibaiaren inguruan egingo ditugu eta”, azaldu du Izaro Ieregik. Beraz, ibaiaren korronteari jarraituz, otsailera arte itxaron beharko da prozesu guzti honen emaitza ezagutzeko.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude