Nekane Sánchez Aramendik “Medita” proiektua plazaratu du. Irratian 26 meditazioak grabatu ostean, formatu atenporalera eraman ditu orain, USB batean bilduz. Guztira, 13 meditazio sartu ditu bertan, gaztelaniaz zein euskaraz.
Nekane Sánchezek azaldu du ezerezetik sortu zela. Bere liburua, “El color de la Emoción”, argitaratu ostean, zerbait gehiago egiteko beharra sentitu zuen. “Jendeak meditatzeko, erlaxatzeko eta emozioak lantzeko behar handia zuela konturatu nintzen orduan”. Beraz, orain aurkezten duen proiektu berriaren emaitza arima ,natura eta poesiaren bidez erlaxatzeko lana da, leku ezagunekiko lotura eginez.
Nekane Sánchezek azaldu duenez, ez dira gogoeta arruntak: “meditazio bakoitza leku baten deskribapen poetikoarekin hasten da eta gero emozio batekin lotu ditut”. Besteak beste, deskribatzen diren lekuak txoko sakratuak, mitologiarekin loturikoak edo naturako paraje garrantzitsuak dira. Emozioen aldetik berriz, beldurrak, sinesmen mugatzaileak, atxikimenduak edo askatzeko beharra bezalako sentimenduak landu ditu. Nekane Sánchezek erantsi duenez, “sendatze-prozesurako, gorputza erlaxatzen dut”. Oreka-giltza horren bidez, entzuleek gogoeta egitea eta gauzak beste modu batera ikustea lortu nahi du eta.
Mugarik gabeko formatua
Hain zuzen ere, formatu berri honen helburua horixe da: meditazio hauek beharrezkoak direnean eskura egon daitezela, edonon. Batetik, USB batean datoz, esaterako, ordenagailuan, etxean edo kotxean entzun ahal izateko. Bestetik, QR kodeak gogoetak mugikorrera edo nahi den tokira gogoetak bidaltzeko aukera ematen du.
Proiektuarekiko interesa dutenek, Nekane Sánchezekin harremanetan jarri daitezke Facebook eta Instagram sare sozialetan dituen kontuen bitartez.



