Gabonak ate-joka daudela Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin batera, Lur-Alai Squash Klubak Gabonetako Taldekako Txapelketa herrikoia antolatu du. Txapelketa abenduaren 26an eta 27an jokatuko da. Gizon, emakume eta gaztetxoen taldeak osatuko dira, bakoitza bere kategoria errespetatuz, parte-hartzaile guztiek gozatzeko aukera izan dezaten. Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 687 976 496 telefono-zenbakian edo luralaisquash@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Klubetik adierazi dutenez, Gabonetako txapelketa honen helburua ez da lehia, baizik eta kirola egitea, elkarren artean jolastea eta gustura sentitzea lagunarteko giro paregabean. Klubak animatu du jendea lotsak eta aitzakiak alde batera uztera, eta ohitura osasuntsu eta dibertigarri hau hartzera. “Ez zara damutuko,” diote klubeko arduradunek.
Olentzero eta Mari Domingiren bisitarekin
Ohikoa denez, Olentzero eta Mari Domingik ez dute ekitaldira hutsik egingo. Klubarentzat enbaxadore gustukoenak eta maitatuenak direnez, urtero opari politak uzten dizkiete.



