Izen berria estreinatu du aurten Suge Trebeak Irungo boleibol klubak. Orain dela hiru urte sortu zuten kluba emakumeei boleibolean aritzeko aukera eskaintzeko. Geroztik, hainbat berrikuntza izan ditu izenaz gain, kluba handitzen joan delako eta aurten talde mistoa dutelako estreinakoz. Joxe Rodero Suge Trebeak bolei klubeko ordezkariak aurtengo denboraldiaren balorazioa egin du.
Zergatik erabaki duzue Mayumi Boleibol klubaren izena Suge Trebeak taldearengatik aldatzea?
Ba 8 edo 9 neskekin hasi ginen eta, mesede bezala, Mayumi judo klubeko izena hartu genuen. Handitzen hasi ginela ikusita, konturatu ginen ezin genuela horrela jarraitu eta erabaki genuen klub berri bat bihurtzea.
Emakume taldeekin hasi zineten soilik, ezta?
Neska horien gurasoek hasi genuen kluba eta bi aukera genituen: Hondarribira joatea edo hemen zerbait sortzea. Pixkanaka jendea apuntatzen zela ikusita, hemen jarraitzea erabaki genuen, zorionez.
10 pertsona baino gutxiagorekin hasi eta kopuru hori denbora gutxian biderkatu egin da, ezta?
Hori da, kirolarien kopurua etengabe handitzen ari da. Orain 170 neska jokalari dauzkagu eta 3 mutil. Gainera, jendeak etengabe deika jarraitzen du informazio eske. Jada ez dugu jokalari berrientzako ia lekurik, baina saiatzen gara behintzat entrenatzera etortzeko aukera eskaintzen berriei, gutxienez kirola ezagutzeko aukera izan dezaten. Kadete mailatik gazteen maila arteko taldeak dauzkagu. Jokalari txikienak 8 urte dauzka eta handienak 17 urte bete ditu, beraz, tartean askotariko adinak dauzkagu. Guztira, 12 talde ditugu. 2 kimuetan, 4 infantiletan, 4 kadetetan eta 2 gazteetan.
Pixkanaka mutilak ere klubera batzen hasi dira. Kasu berezia da, normalean kontrakoa gertatzen delako, hau da, kirol klubetan nesken kopurua txikiagoa izan ohi da.
Oraingoz talde misto bakarra dugu, kimuetan, legearen barruan dagoelako. Gero hortik aurrera taldeak ezin dira mistoak izan, beraz, ez dakigu zer gertatuko den haiekin, baina tira, momentuz jokatzeaz disfruta dezatela. Pena ematen digu haiek klubean jarraitu ezin izateak, baina egia da klubera oraindik ez dela mutil gehiegi batzen. Kluba emakumeen kirola indartzeko sortu genuen, askok kirola goiz uzten dutela ikusita eta hirian zegoen eskaintza osatu nahian. Izan ere, agian ordura arteko kirolak ez ziren beraien gustukoak eta guk izandako gorakadarekin ikusi dugu boleibolak baduela nesken artean arrakasta. Entrenatzeko eta lehiatzeko Irungo hainbat espaziotan aritzen zarete.
Saskibaloi eta eskubaloi taldeekin batera WhatsApp talde bat dugu eta bertan koordinatzen gara espazioak partekatzeko. Entrenamenduetarako gutxi gorabehera moldatzen gara, izan ere, Boleibolean jokatzeko ez delako espazio gehiegirik behar. Horregatik, Toki Alain, Lekaenean eta La Salle ikastetxeetan eta Azken Portu kiroldegian entrenatzen dugu. Txapelketetarako, aldiz, arazo gehiago ditugu, leku faltarengatik.
“Orain 170 neska jokalari dauzkagu eta 3 mutil”
Lehiaketari dagokionez, nola doa aurtengo boleibol denboraldia?
Ligan eta Kopan jokatzen ari gara. Koparen barnean bi txapelketa maila daude: errendimendukoa eta parte-hartzekoa, hau da, lehen eta bigarren maila izango liratekeenak. Lehen mailako haurrek abenduaren 20an Gipuzkoako finala jokatuko dute, partidu guztiak irabazi ostean. Gainontzeko taldeak parte-hartze mailan daude. Orain dela 3 urte denboraldi guztian 10 partidu irabaztea lortu genuen eta orain dela 2 aste, asteburu bakarrean 11 partidu irabazi genituen. Beraz, gorakada izugarria izan da, ez soilik jende kopuruaren aldetik, baita kalitatean ere. Txikitatik jokatzen hasita, maila ona segituan hartzen dute.
Nolako osasuna du boleibolak Gipuzkoa mailan?
Gipuzkoa mailan indoor kirolen artean nesken fitxa gehien dituen kluba gara. Orain presidente berria sartu da eta gauza asko aldatzen ari dira. Gaur egun 17 klub inguru daude eta sortzen ari garen taldeak indar askorekin gatoz. Adibidez, Errenterian eta Villabonan talde berriak sortu dira. Mundu mailan, futbolaren atzetik, boleibola da kirol jendetsuena eta, beraz, hemendik aterata, argi ikusten da kirol honek duen osasun ona. Hemen oraindik historiaurrean gaude.
Behintzat, zuen lanari esker jende gehiagok ezagutuko du kirola inguru honetan, ezta?
Bai, nabari da, bai. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskolekin gauzak egiten ahalegintzen gara kirola zabaltzeko. Igande Sasoi programan ere parte hartzen dugu. Gure jokalarientzat ere bidaiak prestatzen ditugu, adibidez, laster Benidormera joango gara ia 50 jokalarirekin eta 4 entrenatzailerekin. Geroz eta gauza gehiago egiten ari gara eta, horri esker, jende gehiago ari da hurbiltzen.
Hain zuzen ere, zuen klubean ere, borondatezko lan handia egongo da, ezta?
Hori da, gu boluntarioak gara eta, noski, gure helburua ez da ezer irabaztea. Gure helburu bakarra da kiroldegia beteta ikustea eta, pixkanaka, lortzen ari gara. Irabaztea edo ez bigarren mailako helburua da. Jende asko ari da lanean kluba aurrera ateratzeko, ahal duen guztia eginez.
“Gure helburu bakarra da kiroldegia beteta ikustea eta, pixkanaka, lortzen ari gara”
Zeintzuk dira epe motzerako edo luzerako helburuak?
Gure erronka handiena lehiatzeko leku bat lortzea da. Gure asmoa da harrobiko talde bat izatea, jokalariak txikitan gurekin hasteko eta senior mailaraino iristeko. Hala ere, urtarrilean jokalari beterano batzuk gurekin jokatzen hasiko dira eta ama batzuk ere gerturatuko dira, boleibolean zer moduz moldatzen diren ikusteko, baina entrenatzeko asmoarekin soilik.
Zer esango zenioke jendeari boleibolera erakartzeko?
Gurekin harremanetan jarri nahi badute, gure webgunea begiratu dezakete, orain dela gutxi klubeko aita batek egin digu eta oso polita geratu da. Argi dago boleibola ez zaiela denei gustatuko, baina garrantzitsuena behintzat probatzea da. Oso kirol berezia da eta nik neuk ere ez nuen ezagutzen. Ez dago kontaktu fisikorik eta nik uste dut horrek berezi egiten duela. Benetan, oso polita eta gomendagarria da.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



