Pio Baroja institutuko ikasleek odola emateko saioa antolatu dute urtarrilaren 19rako

Pio Baroja institutuko ikasleak odolak gorputzean nolako garrantzia duen ikasten ari dira. Horrela, odola ematea funtsezkoa dela ulertuta, ikastetxean odola eman ahal izateko ekintza prestatu dute Gipuzkoako Odol  Emaileen elkartearen laguntzaz. Enara Ramón, Uxue Iglesias, Mara López, Naiara Gómez, Noa Aguilar eta Ayelen Carballo ikasleek urtarrilaren 19rako antolatutako ekintzaren xehetasunak eman dizkigute.

Nolatan erabaki duzue Pio Baroja Institututik odol emate kanpaina bat antolatzea?

Noa: Egia esan, irakasleek proposatutako proiektua da hau. Beraz, beraiek arduratu dira ekintza egin ahal izateko antolaketa lan guztiaz. Giza fisiologiako ikasgaiaren barnean garatzen ari garen proiektua da. Izan ere, ikasgai horretan odolak zer egiten duen eta gorputzean nolako garrantzia duen lantzen ari gara. Horri esker, konturatu gara zeinen garrantzitsua den odola ematea eta, beraz, horregatik erabaki dugu proiektu hau hastea. Gutxi gorabehera, abendu hasierarekin batera hasi gara odola emateko ekitaldiaren antolaketa prestatzen.

Odola emateko ekintzara begira, nola banatu dituzue antolaketako zereginak?

Ayelen: Klasea hainbat taldetan banatu dugu. Horrela, guztiek lan bera egin arren, talde txikitan egingo dugu, hobeto antolatzeko.

Naiara: Guztira, 4 talde gara eta denak egitasmoaren berri emateko esku-orriak prestatzen hasi gara. Bakoitzak bere modura egin arren, partekatuko dugun informazioa berbera izango da.

Zehazki, noiz egingo duzue odol ematea?

Mara: Ekintza, zehazki, urtarrilaren 19an, astelehenean, egingo dugu. Pio Baroja institutuko kiroldegian izango da. Odol emateak 16:30ean hasi eta arratsaldeko 19:30ak arte luzatuko dira. Txanda bakoitzean 3 odol emate egin ahalko ditugu gehienez eta 20 minutu inguruko iraupena izango dute gutxi gorabehera.

Naiara: Aurretik, ekintzan izena eman ahal izateko, hainbat talde hiriko kaleetara irtengo gara, urtarrilaren 12tik 16ra, eta sortutako esku-orriak banatuko ditugu, informazioa zabaldu eta parte hartu nahi dutenen izenak hartzeko. Beraz, bai, urtarrilaren 19an odola eman ahal izateko aurretik izena ematea beharrezkoa izango da.

“Aurretik, ekintzan izena eman ahal izateko, hainbat talde hiriko kaleetara irtengo gara, urtarrilaren 12tik 16ra”

Naiara Gómez, Pio Baroja institutuko ikaslea

Zein baldintza bete behar ditu pertsona batek odola eman ahal izateko?

Enara: Edozeinek ezin dezake odola eman eta, beraz, beharrezkoa da oinarrizko baldintza batzuk betetzea. Adibidez, 18 urte baino gehiago izatea ezinbestekoa da. Gero, 50 kilo baino gehiago pisatzea eskatzen da. Bestetik, gaixotasunen bat baduzu, medikuari jakinarazi behar diozu aurretik, odola eman dezakezun edo ez ikusteko.

Odol mota ezberdinen artean, badira bereziki interesatzen zaizkizuenak?

Uxue: Bai, 0-, 0+ eta A+ odol motak bereziki beharrezkoak dira. Batetik, 0- odolak talde guztiei odola emateko balio dezakeelako. A+, berriz, 0+ odol motarekin batera, odol mota ugariena da eta, ondorioz, oso beharrezkoa.

Nolako lotura du proiektu honek ikastetxean lantzen ari zareten edukiarekin?

Noa: Gai hau anatomia klasearen barnean jorratu dugu, giza fisio atalean. Orain hasi gara odolarekin zerikusia duen guztia lantzen, adibidez, odol mota ezberdinak aztertzen, gorputzean odolak zer funtzio betetzen duen ulertzen, etab.

Horrelako jarduera bereziek edo ezohikoek, klasean landutako edukia barneratzen laguntzen dutela uste duzue?

Naiara: Bai, noski, horrelako ekintzei esker errazagoa egiten zaigu ikastea. Gaia dibertigarriago bihurtzen dute, klasean azalpenak soilik entzutea baino hobeto.

Mara: Gainera, aipatzekoa da hau guztia antolatzeko Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearekin harremanetan jarri garela, izan ere, haiek dira gai honetan adituak. Beraz, harreman horri esker gauza berriak ikasteko aukera izango dugula uste dugu.

Odola biltzeaz gain, proiektua jendea odola ematearen garrantziaz kontzientziatzeko lagungarria izango dela uste duzue?

Ayelen: Aipatu dugun bezala, odola ematea oso garrantzitsua da. Azkenean, gaizki dauden pertsonei laguntzeko modu bat delako. Beraz, gai hori ikusaraztea beharrezkoa da, ahal bezain jende gehien odola ematera etorri dadin eta odolik falta ez dadin.

Zuek adinarengatik odola eman ezin baduzue ere, ikaskide gazteak etorkizunera begira gaiaz informatzea garrantzitsua izango da, ezta?

Noa: Bai, hori da, institutuan gutxi dira 18 urte baino gehiago dituztenak. Baina ondo dago haiek eta gainontzekoek jada jakitea odola ematea zeinen garrantzitsua den eta horren alde egiten ari garen proiektua. Beraz, odola ematera etorriko diren gehienak ikastetxetik kanpokoak izango dira, baina institutuan ere emango diogu proiektuari zabalpena, noski.

“Gainera, gogoratu behar da odola emateak bizitzak salbatu ditzakeela”

Mara Lopez, Pio Baroja institutuko ikaslea

Nolako harrera izan du egitasmoak orain partekatzen hasi zaretenean?

Uxue: Ikastetxean ez dugu informazio askorik zabaldu oraindik, baina gai hain garrantzitsua izanik, onarpen oso ona izango duela uste dugu. Azkenean, odola gizarte guztiarentzat beharrezkoa da. Guk zehazki 27 odol emaile beharko ditugu antolatzen ari garen saiorako.

Finkatutako helburu hori lortzeko gai izango zaretela uste duzue?

Naiara: Bai, hala espero dugu. Kalean hainbat puntutan informazioa emateko aterako garelako eta 4 lantaldetan antolatuko garelako horretarako. Gainera, egun horretan odola eman ezin duenak, Irunen beste aukera batzuk ditu odola eman ahal izateko. Hain zuzen ere, Iraso zentro sozialean, hilero, hilabeteko bigarren, hirugarren eta laugarren ostegunean, arratsaldez.

Amaitzeko, zer mezu bidaliko zenukete jendea odola ematera animatzeko?

Mara: Esan dezakegu ez dela denbora askorik behar odola emateko eta odola ematen duen pertsonarentzat ez duela inongo kalterik. Gainera, gogoratu behar da odola emateak bizitzak salbatu ditzakeela. Beraz, ekintza hau keinu hori izateko aukera ona dela uste dugu.

Naiara: Jendeak jakin dezan, gure ekitaldian, Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearen laguntza izango dugu eta bertan 3 erizain eta mediku 1 izango ditugu gurekin. Gu, berriz, antolaketarako behar dutenean laguntzen egongo gara, irakasle batzuekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude