Bihar jarriko da martxan Irungo tren geltoki berriaren lehen fasea

Irungo tren geltokiaren lehen fasea bihar, urtarrilaren 13an, irekiko da. Trenbideak berrantolatzeko obrei esker, 1., 2. eta 3. bideak eta bidaiarien eraikineko lehen modulua berrirekiko dira dagoeneko. Horrela, berriz jarriko da martxan bidaiariak trenetara igotzeko eta jaisteko jatorrizko puntua.

Hala iragarri zuen ostiralean José Antonio Santano Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkariak Irunera egindako bisitan. Harekin batera bisitan izan ziren Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, Marisol Garmendia; Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburua, Susana García Chueca; Irungo alkatea, Cristina Laborda; eta Gipuzkoako Mugikortasuneko foru-diputatua, Azahara Domínguez.

Lehen fasea estreinatzear

Bidaiarien eraikin berriaren lehen fasearen xedea da zerbitzurako prestatzea beheko solairua, hots, Geltoki kaleko sarbidea duen eremua, eta lehen solairuaren zati bat, aldirietako atondoa, hain zuzen.

Aldirien solairu horretan egongo da 1. eta 2. nasetarako eta 1., 2. eta 3. trenbideetarako sarbidea. Fase honetan jarriko dira martxan horiek guztiak.

Bidaiarien eraikin berriaren beheko solairuan, bidaiariak kaletik eraikinera sartzeko atondoa ere irekiko da, informazio-elementu eta seinale guztiekin, bai eta bezeroei arreta emateko bulegoa ere.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, 2025eko funtsezko urtea izan da hiriarentzat, aurrerabide handiak egin baitira etxebizitza eta mugikortasunaren alorrean eta, batik bat, tren-geltoki berria abian jarri delako. «Askok beren buruari galdetzen zioten Irunek merezi duen tren-geltoki moderno bat izango ote zuen inoiz. Bada, gaur, hala dela ikusiko dute, eta asteartetik aurrera, geltokia erabiltzeko moduan izango dute», adierazi du, eta nabarmendu «urteko albiste handietako bat» dela, azpiegitura ekitaldiaren hasiera-hasieratik egongo baita martxan.

Labordak gogora ekarri du Irunek lotura estu-estua duela burdinbidearekin: hiria «trenarekin batera hazi zen XIX. mendean eta, orain, merezi duen mailan jarri du berriro ere». Ildo horretan, eskerrak eman dizkie Ministerioari eta Adifi, «hiriak inoiz ikusi duen inbertsio publikorik handiena egiteagatik eta Irunen aldeko apustuagatik, bere kokaleku geografikoari esker lurraldearen eta herrialde guztiaren hazkundeari ekarpena egin diezaioke eta». Gainera, alkatearen hitzetan, «administrazioek hirietan sinesten dutenean eta haien aldeko apustua egiten dutenean, emaitzak iritsi egiten dira».

Alkateak gaineratu du politika publikoen sinesgarritasuna ekintzen arabera neurtzen dela; horren adibide, «ehuneko handi batean» berriz ere martxan den aldiriko trenen zerbitzua. Labordaren iritziz, geltoki berria Via Irun proiektuaren «lehen zutabea» da, hirian abian den eraldaketa eta berroneratze operazio handiaren hasiera delako, erakundeen arteko elkarlanean eta lankidetzan oinarrituta.

José Antonio Santano estatu-ordezkariak adierazi duenez, ia 75 milioi euroko inbertsioa bideratuko da geltoki berrira, lanak hainbat fasetan gauzatuta, trenen zirkulazioa eten behar ez izateko.

Hobekuntzak zerbitzuan

Santano estatu-idazkariak esan du 2026 «urte handia» izango dela, Astigarraga eta Irun arteko trenbide zatiko hirugarren erreiaren ondoriozko lanek zerbitzuetan eragin garrantzitsuak izango dituzten azken urtea izango da eta. Iaz trenbide bikoitza berreskuratu zen Lezo-Errenteria eta Irun artean, eta horrek aukera eman zuen zenbait zerbitzu hobetzeko.

Horrela, lehen fasearen irekierarekin batera, estatu-idazkariak hobekuntzak iragarri ditu Madrilerako loturetan, baita aldirietako Irun-Brinkola linean ere. Urtarrilaren 19tik aurrera, Irun eta Madril lotzen dituzten Alviaren eguneko lau zerbitzuak zuzenekoak izango dira (orain arte, batzuetan aldirietako trenean egin behar zuten bidaiariek Donostiarainoko tartea, eta han trenez aldatu). Era berean, aldirietako Irun-Brinkola linean 8 tren gehiago egongo dira lanegunetan.

Donostia eta Irun artean, lau norako bakoitzean, urtarrilaren 19tik aurrera. Helburua da obren aurreko zerbitzu guztiak berreskuratzea 2027rako.

Europako funtsak

Jarduketa honek Europako finantzaketa jaso du, Europako Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude