Irungo Udalak eta Ertzaintzak identifikaziorako lankidetza-protokolo bat sinatu dute, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa indartzeko eta atxilotzeen eraginkortasuna hobetzeko. Morphobis sistema berriaren bidez, atxilotutako pertsonen irudiak, datuak eta hatz-aztarnak jasoko dituzte. Gainera, Udaltzaingoak, halaber, Ertzaintzaren fitxategietarako sarbidea edukiko du kalean egiten diren esku-hartzeetarako, tableta elektroniko berri bateko hatz-aztarnen irakurgailuari esker.
Ezaupide-gela gaitzeko obren eta ekipamendu informatikoaren artean, inbertsioa 80.000 euro ingurukoa izan da eta Aurrekontu Partehartzaileen parte da. Cristina Laborda Irungo alkateak, Iñigo Berges Hiritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak eta Asier Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Koordinazioko zuzendariak ezagutarazi dute gaur protokolo berria. Zehazki, prentsaurrekoan Udaltzaingoaren erreseina sala eta sistema teknologiko berriak aurkeztu dituzte, zeinen bidez denbora errealean erkatu ahalko baitute atxilotuaren identifikazioa eta Ertzaintzaren fitxategiak. Sistema hori ezartzen duen Gipuzkoako lehen udaltzaingoa da, eta bigarrena Euskal Erkidego mailan, Gasteizko atzetik.
Gela egokitua
Udaletxeak Ertzaintzara konektatuta dagoen identifikazio-sistema berria erabili ahal izateko gela oso bat egokitu du. Horrela, zerbitzua emateko baldintzak ahalik eta onenak direla ziurtatua dago: argiztapen zehatza, zuntz-optikoa, eta, batez ere, MorphoBIS programara konektatuta dagoen gailu elektronikoa, zeinak atzitutako pertsonaren irudiak, datuak eta hatz-aztarnak jasotzen baititu. Irudi biometrikoko terminala da, hatz-aztarnen irakurgailuarekin, bereizmen handiko argazki-kamerarekin (aurpegiko irudiak ateratzeko) eta bestelako sentsore osagarriekin. Prestazioen artean, nabarmentzekoa da beste gorputz-atalen irudia lortzea ahalbidetzen duen kamera. Horri esker, identifikazio-prozesuan esanguratsuak diren beste ezaugarriak dokumentatu ahalko dira, hala nola marka fisikoak, tatuajeak edota bestelako aztarnak.
Sistemak informazio zifratua bidaltzen dio MorphoBIS sistemari, eta hark aztertu eta poliziaren datu-baseekin alderatzen du. Hala, funtsezko tresna da susmagarriak identifikatzeko, kasuak ebazteko eta delinkuentziaren aurka egiteko, haren zehaztasun zorrotzagatik eta erregistro biomedikoak aurkitzeko abiadura handiagatik.
Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, sistema horri esker, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak lan koordinatuagoa egiten jarraitzen dute. “Pertsona atxilotu bat identifikatzerakoan edo haren nortasuna egiaztatzerakoan, izapideak asko arintzen dira, atestatuen prestaketa hobetzen da eta bi kidegoek informazioa partekatzea eta modu eraginkorragoan jardutea errazten da”, adierazi du.
Bestalde, Iñigo Berges ordezkariak honako hau azpimarratu du: “oso garrantzitsua da Udaltzaingoak Ertzaintzarekin batera jarduten jarraitzea segurtasuna hobetzeko, eta, kasu honetan, atxilotuen identifikazioa ere hobetzeko. Aurrerapen teknologiko hau aurrerapauso izugarria da Irunentzat, eta hiriko bi polizia-kidegoen arteko lankidetzari esker lortu izan da.
Irungo Udaltzaingoaren areto berrira egindako bisitan Erkoreka zuzendariak adierazi duenez, “Segurtasun Sailaren lehentasunetako bat Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza indartzen jarraitzea da. Identifikazio-sistema berri horrek norabide horretan lan egiteko balioko du eta, horrela, gerta daitezkeen delitu-ekintzen aurreko erantzuna hobetuko da. Irun hiri estrategikoa da, lankidetzan eta koordinazioan lan egiten da eta tresna berri honek lan egiteko eta herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko modu hori indartzen du”.
MorphoBIS sistema motore biometriko sofistikatu batean oinarritzen da, puntako errekonozimendu-algoritmoak erabiltzen dituena pertsona baten askotariko datu fisikoak aztertzeko eta alderatzeko. Erabiltzen duten polizia-kidegoek beren aditu-azterketetan eta kasuen kudeaketetan integra dezakete, eta, horri esker, alertak automatizatu, identifikazioei lotutako espedienteak antolatu eta ikerketen ebazpena bizkortu. MorphoBIS elkarreragingarria denez bestelako kudeaketa-sistemekin eta datu-baseekin, haiekin kontsulta daiteke informazioa, eta erabakiak azkar eta ganoraz hartu.
Elkarlanean kalean ere
Ekipatutako gela berriaz gain, udaltzainek tableta elektroniko berria ere edukiko dute. Horren bidez, kalean esku hartu behar duten patruilek pertsonen identitatea jakin ahalko dute, eta hatz-aztarnaren irakurgailuaren bitartez, Ertzaintzaren fitxategiekin eta datuekin erkatu.
Aurrerapen teknologiko horiekin, Irungo Udalak eta Ertzaintzak identifikaziorako lankidetza-protokoloa gauzatu egin dute, bi polizia-kidegoen arteko koordinazioa indartzeko eta pertsonen identifikazioarekin lotutako jardueren eraginkortasuna hobetzeko, bai arlo judizialean baita hiritarren segurtasunean ere.
Protokolo hori Euskadiko polizia-ereduaren eta Euskadiko Segurtasun Publikoa Antolatzeko Legean aurreikusitakoaren barruan kokatzen da, eta helburu gisa du bikoiztasunak saihestea, baliabideak optimizatzea eta Ertzaintza eta Irungo Udaltzaingoaren arteko informazio-trukea hobetzea. Hala, esparru horren barruan, MorphoBIS sistema erabiltzea gaitzen da.
Adibide gisa, alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsitako eta Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren buruzagitzek sinatutako lankidetza-hitzarmen honek prozedura zehatz bat ezartzen du delituaren eremuan frogak kudeatzeko (hala nola aztarnak, laginak edo aurkitutako froga biologikoak). Era berean, orain indarrean sartuko den protokoloak aurreikusten du Ertzaintzak Irungo Udaltzaingoari eskaintzea erretratu roboteko zerbitzua, baldin eta beharrezkoa bada pertsonak identifikatu eta aurkitzeko edo ikerketen eraginkortasuna hobetzeko.



