Aurrekontu parte hartzaileei esker, aurten 36 kamera berri instalatuko dira Irunen

Aurten 36 kamera instalatuko ditu Udalak hiriko kalean, 18 kokalekutan, segurtasuna indartzeko. Kamera horiek Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erabiltzen dituzte beren ikerketetan. Guztira, 226 kamera instalatuta egongo dira Irungo kaleetan urte amaierarako. Ekimen hau aurrekontu parte-hartzaileetatik atera da, azken edizioetan boto gehien lortu zuen proposamena izan da eta.

Kamerak Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erabiltzen dituzte beren ikerketetarako. Aurten, hiriko 18 puntuetan instalatuko direnak batuta, guztira 226 kamera izango ditu Irunek urte amaierarako.

Kamera berriak modu progresiboan jarriko dira, teknologia modernizatzeko eta hiria zaindu eta kudeatzeko gaitasunak indartzeko estrategiarekin bat etorrita. Ostiral honetan eman dute xehetasunen berri, prentsaurreko batean, Irungo alkate Cristina Labordak eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkari Iñigo Bergesek, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren agente eta buruekin batera.

Kamerak, noski, egun bideozaintzarik ez duten eremuetan instalatuko dira, kanpoko eremuetako segurtasuna indartzeko. Horrela, trafikoa zaindu eta kontrolatzeko sistemetan antzeman diren gabeziei erantzungo diete, eta balizko arazoak prebenitzeko, gainbegiratzeko eta konpontzeko gaitasun handiagoa emango diete polizia-indarrei.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “herritarren eskaera nagusien artean dago segurtasuna, aurrekontu parte-hartzaileek erakusten duten moduan. Izan ere, segurtasuna funtsezkoa da Irunen, nire lehentasun nagusia da. Horren erakusgarri da, hain zuzen, inbertsio hau. Udaltzaingoari bitartekoak ematen jarraitzen dugu, segurtasuna indartzeko, Irunek hiri segurua izaten jarrai dezan“.

Bestalde, Iñigo Berges ordezkariak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da Udaltzaingoari tresnak ematen jarraitzea, hiriko segurtasuna eraikitzen eta hobetzen jarraitzeko. Horrela, Irungo hainbat punturen bideozaintza indartuko da eta, gainera, Ertzaintzarekiko lankidetzari esker, bi polizia-indarrek elkarrekin lan egiten jarraituko dute, baita kamera horien irudiak ikusteari dagokionez ere“.

Duela 26 urte lehenak

Kamerak instalatzeko erritmoari erreparatuz, urteekin gora egin du, batik bat 2016tik aurrera, Irungo segurtasun-sistemak indartu eta modernizatzeko politika aktiboaren erakusgarri. 2015ean, aldaketa garrantzitsu bat gauzatu zen: kameren irudiak ikusteko eta filmatzeko sistema zentrala berritu zen, funtzio gehiago egin ahal izateko eta Udaltzaingoak irudien kudeaketa integrala egiteko. Horrela, bide publikoko eta eraikinetako kameren irudi guztiak Irungo komisariako kontrol-zentroan zentralizatu ziren.

Zehazki, kamera hauek gehitu zaizkio sistemari urte bakoitzean: 2000 (14 kamera), 2006 (14), 2010 (5), 2016 (38), 2017 (10), 2018 (10), 2019 (29), 2020 (1), 2022 (9), 2023 (20), 2024 (24), 2025 (5) eta 2026 (36).

Egun instalatuta dauden 190 kameretako 128 finkoak dira, eta 62 mugikorrak. Horrela, puntu estrategikoak etengabe zaintzen dira eta, aldi berean, mugikortasun operatiboa bermatzen da, gaizki eginak prebenitzeko duten gaitasuna ahaztu gabe. Kamera guztietatik, 106 eraikinetan instalatuta daude, eta 84 bide publikoan. Trafikoa eta hiriko segurtasuna denbora errealean ikusi eta kudeatzeko aukeraz gain, irudi zaharrak berreskuratzeko aukera ere badago, ikerketetarako. Ildo horretan, Ertzaintzarekiko lankidetza eraginkorra da alor horretan ere. Horrela, euskal poliziak eskaria egiten duenean, Udaltzaingoak irudiak lagatzen dizkio, beren ikerketak egin ditzaten.

Zaintzarako pantaila berriak

Hiriko zenbait puntutan instalatutako kamerek jasotako irudiak Irungo Udaltzaingoaren komisariako areto zentralizatu batean ikusten dira. Ondoko gelan, gainera, aginte-postu aurreratu bat dago, tamaina handiko pantailez hornitua. Irudiak eta edukia orkestratzeko sistema duenez, irudien kudeaketa errazten du, ekitaldi handietan edo larrialdietan.

Berritasun gisa eta irudiak ikusteko sistema indartzeko, beste pantaila berri bat erosi da Udaltzaingoaren komisariarako. Horrela, bederatzi monitore dauzkate, orain arte baino hiru gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude