Urte berriak… ospakizun handiak

Urte berria hastea ez da egutegiko kontu hutsa. Denboraren berritzearekin, naturaren zikloekin eta gizartearen antolaketarekin lotura zuzena duen data berezia da. Erromatar inperio guztian eta Oiasso bezalako hiri erromatar batean, egutegiak, errituek eta ospakizunek eguneroko bizitza egituratzen zuten, eta urtarrila ez zen salbuespena.

Baina urtarrila ez zen beti urtearen lehen hilabetea izan, erromaren hastapenetan martxoa zen urtearen lehen hilabetea, eta horregatik daramate gaur egun ere, gaztelaniazko hilabete batzuek zenbakizko izena, alegia septiembrek 7 zenbakiari egiten dio erreferentzia, octubrek 8ari, noviembrek 9ari, eta diciembrek 10 zenbakiari, beraz, hilabete horiek urte osoaren barruan zuten kokapena erakusten digute. Hori da aditu batzuek diotena behintzat. Hala ere, K.a. 153. urtean, aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen: kontsulen agintaldia urtarrilaren 1ean hastea erabaki zen, eta pixkanaka-pixkanaka urtearen hasiera ofiziala ere data horretan finkatu zen.

Urtarrila Jano jainkoari eskainitako hilabetea zen. Janus jainkoak bi aurpegi zituen: batak iraganari begiratzen zion, besteak etorkizunari. Ateak, pasabideak, hasierak eta amaierak zaintzen zituen, eta ezin egokiagoa zen urte berriaren babesle izateko. Haren irudia ohikoa zen txanponetan eta eraikinetako sarreretan, eta urtarrilaren lehen egunetan eskaintzak egiten zitzaizkion etorkizun ona ziurtatzeko, eta  egutegi erromatarraren erritmoek eragina izango zuten administrazioan, merkataritzan eta gizarte harremanetan. Urtarrilaren 1a Kalendae Ianuariae izenez ezagutzen zen. Egun horretan, ohikoa zen elkarri opariak ematea: eztia, piku lehorrak, datilak edo txanponak oparitzen ziren, eskaintza sinbolikoak ziren, urte gozo eta oparoa desiratzeko.

Etxeak ere apaintzen zituzten, eta jantzi garbi edo berriak estreinatzen ziren. Agintariek herritarrei ongietorria egiten zieten, eta foroetan jendea biltzeaz gain, erritu publikoak egiten ziren. Urtarrila, beraz, ez zen soilik denboraren hasiera; ordena sozial eta politikoaren berritze unea ere bazen. Oiassoko foroan antzeko errituak egingo ziren, seguru, erromatar inperio osoan egiten ziren bezalaxe, eta egutegi bateratu bat uste baino garrantzitsuagoa zen, komunitate sentimendua sortzen baitzuen.

Hala ere, erromatar inperioak ez zuen euskal tradizioa ito, eta euskal munduan urtearen lehen hilabeteak izen ezberdinak izan ditu, bakoitza bere esanahi eta sinbolismo bereziekin. Euskaraz ura, iluntasuna eta izotza agertzen dira lehendabiziko hilabetearen izenetan, naturarekin eta eguneroko bizitzarekin estu lotuak. Gaur egun erabiltzen dugun urtarrila hitzaren etimologiak arreta berezia merezi du. Adituen arabera, urte eta -arril atzizkiaren arteko loturatik etor liteke, baina badago interpretazio sinbolikoago bat ere: ur elementuarekin duen harremana.

Ura funtsezkoa da: urak bizitza ematen du, zikloak berritzen ditu eta zaharra garbitzen du berria etor dadin. Iturriak eta erreka-bazterrak espazio sakratu modura ulertu izan dira, eta urte hasieran urarekin lotutako errituak egitea ez da arrotza euskal tradizioan. Baina beste euskal lurralde batzuetan urtarrila ilbeltza izenez ere ezagutu izan da, hilabete horren ezaugarri nagusietako baten izena hartuz: iluntasuna. Eguzki ordu gutxiko garaia da, negu betean kokatua, eta gauak luzeak dira. Beste izen bat izotzila da, hotzari eta izozteari erreferentzia zuzena egiten diona. Nekazaritza eta abeltzaintzaren ikuspegitik, izotzak arriskuak zekartzan, baina aldi berean lurra “atseden hartzen” uzten zuen, hurrengo ziklorako prestatzeko.

Erromatar munduan ere, negua geldialdiaren eta barne antolaketaren garaia zen, eta horrek euskal munduarekiko antzekotasuna erakusten du. Urtarrila, erromatar zein euskal tradizioan, trantsizioaren, berritzearen eta itxaropenaren hilabetea da. Museotik begiratuta, interesgarria da ikustea nola elementu unibertsalek —urtearen hasiera, argia eta iluntasuna, hotza eta berritzea… eta bereziki garai berriaren hasiera— baduten gurean ere esanahi berezia. Urte berriarekin egitasmo, asmo eta gogo berriak datoz, eta hain zuzen ere, aurten Oiasso museoarentzat oso urte berezia dator, ez gara soilik urte berri batean sartzen, baizik eta  ospakizun handi eta oso berezi baten urtea dugu, museoaren 20. urteurrena!

Guk ere garai bateko euskaldun eta erromatarren modura ospakizunez bete nahi genuke urtea, eta ilbeltzetik hasita… uztaileraino museoaren sorrera eta bizitza ospatu nahi dugu, hain zuzen ere uztailaren 20an duela 20 urte zabaldu baitzituen ateak gure museoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude