Ostegun honetan, hilak 5, Eneko Redondo bidaiaria “Zure abenturaren bila” programak saio berri batean protagonista izango da. ‘Hegoameriketako Andeak gurpilEKIN bidaiari’ izenburuarekin, 14 hilabetez Andeetan bizitakoak kontatuko ditu. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Interesdunak aretoa bete artean sartu ahal izango dira.Saioa euskaraz izango da.
14 hilabetez Hego Amerikako Andeetan izandako esperientziaren berri emateko helburuarekin proiektatuko da ikus-entzunezkoa, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistarekin.
‘Hegoameriketako Andeak gurpilEKIN bidaiari’
“Hamalau hilabetez jardun dut munduko mendikaterik luzeena igarotzen. Naturak eta bertako herriek ehundutako paisaiek, norberaren gorputza eta arima ere zeharkatzen dituzte, ezinbestean eraldatuz. Bide galduetan barna, muturreko baldintza klimatikoek sarritan, hainbat gertaera batzuetan latz eta gehienetan hunkigarrik, nire mugak desafiatu dituzte behin eta berriro, esperientziaren intentsitatea bera ere handituz”.
Zure abenturaren bila
Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.



