Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak, Txingudiko Elkarte Feministak, Lumak Haizeak, Uxoak, Argoiakek, Gaurko Andreak taldeak, Bidasoako Emakumeek eta 8M Bidasoako Asanblada Feministak gaitzespen irmoa adierazi dute Berrizen izandako eraso bortitzaren eta Basauriko emakumearen erailketaren aurrean. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaurko, asteartea, arratsaldeko 19:00etan San Juan plazan.
Astebete baino gutxiagoan berriro errepikatu diren gertaera hauek beldurra eta asidura eragin dituzte talde feministengan. Irungo Udaleko Berdintasun Batzordea osatzen duten elkarte hauek haserrea eta samina agertu dute gertatutakoaren aurrean, eta elkartasun osoa helarazi diete biktimei zein haien senideei.Adierazi dutenez, indarkeria mota hau jasanezina da gaur egungo gizartean, indarkeria matxista ezberdintasunaren adierazpiderik gordinena delako. Hori dela eta, gizarteak ezin duela eta ez duela egoera hau gehiago onartu nahi azpimarratu dute, “ezta bat gutxiago ere ez” aldarrikatuz.
Gaurko deialdia
Hori guztia salatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaurko, asteartea, arratsaldeko 19:00etan San Juan plazan. Ekitaldi honen bidez, indarkeria matxistak gizartea usteltzen duela eta emakumeen bizitzak deuseztatzen dituela gogorarazi nahi diete herritarrei. Era berean, erakundeei eta gizarteari konpromiso irmoa eskatu diote sarraski honekin behingoz amaitzeko eta biktimentzako justizia zein laguntza bermatzeko.
Azkenik, elkarteek gogorarazi dute jarrera matxista guztiak direla indarkeria ulertezin honen oinarria eta sustengua. Horregatik, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute emakume guztientzako gizarte bidezkoagoa eta seguruagoa eraikitzeko bidean. Herritarrei dei egin diete gaurko kontzentrazioan parte har dezaten, indarkeria matxistari “nahikoa da” oihukatzeko.




