Irunek osasun mentaleko prebentzio programa pilotua abiarazi du ikastetxeetan

Diseño sin título – 1

Irungo Udalak, Hezkuntza Arloaren bitartez, eta AGIFES Gipuzkoako buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkarteak indarrak batu dituzte hirian ekimen aitzindari bat martxan jartzeko. Osasun mentalaren inguruko prebentzio programa pilotu hau ikastetxeetara zuzenduta dago, eta bere helburu nagusiak sentsibilizazioa sustatzea, ondoez emozionalaren sintomak garaiz identifikatzea eta ingurukoen (familia, irakasle eta kideak) eginkizun aktiboa bultzatzea dira.

Proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da prentsaurreko batean. Bertan izan dira Cristina Laborda Irungo alkatea, Sandra Caballero Hezkuntza ordezkaria, eta AGIFESeko nahiz parte hartuko duten ikastetxeetako ordezkariak. Alkateak azpimarratu duenez, programa hau ikastetxeen beren eskaera bati erantzunez sortu da, nerabeen orainean eta geroan prebentzioa oinarrizko tresna dela konbentzituta.

Ekimenak arreta berezia jarriko du Bigarren Hezkuntzan, adin horretan garapen emozional eta sozialaren oinarriak finkatzen baitira. Gaur egungo datuak kezkagarriak dira: Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko zazpi gaztetik batek nahasmendu mentalen bat du. Gainera, azken urteetan gora egin dute nabarmen antsietate, depresio eta elikadura nahasmendu kasuek, eta horregatik jotzen da funtsezkotzat ikasleei autozaintzarako tresnak ematea.

Guztira, 800 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egingo diren 40 tailerretan. Parte-hartzea zabala izan da: DBH 3. mailako taldeez gain, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako taldeek ere bat egin dute. Besteak beste, Eguzkitza, Txingudi, Toki Alai, La Salle, El Pilar, San Vicente de Paúl, Bidasoa, Plaiaundi eta Mendibil ikastetxeetako gazteak arituko dira saio hauetan.

Bi saio

Programa AGIFESek emango du eta bi saio nagusitan banatuko da. Batetik, osasun mentalaren kontzeptua aztertuko da, ikus-entzunezkoen bidez arazoak normalizatuz. Bigarren saioa, ikasleek erakutsitako kezka zehatzetan sakonduko da, eta laguntza jasotzeko baliabide komunitarioak eta tresna praktikoak azalduko zaizkie.

AGIFESek, 1985ean sortu zenetik, esperientzia zabala du Gipuzkoan buruko osasunaren esparruan. Gaur egun 1.100 bazkide baino gehiago ditu eta 600 lagun ingururi ematen die arreta. Lankidetza honen bidez, Irungo Udalak hezkuntza giroan giro seguru, babesgarri eta inklusiboa sortu nahi du, ezagutza partekatua prebentzioaren oinarri bihurtuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude