Meakako Auzo Elkarteak “Meakako Bilerak” antolatu ditu, hirugarren urtez Irungo aurrekontu parte-hartzaileen laguntzarekin. Apirilaren 18tik 25era bitartean, auzoa jardueraz beteko da, adin guztientzako planak eskainiz. Egitaraua larunbatean, apirilaren 18an, hasiko da arratsaldeko 15:00etan, auzoko zirkuituan egingo den auto telegidatuen erakustaldi eta txapelketa batekin.
Apirilaren 19an, igandean, tradizioak eta omenaldiek hartuko dute protagonismoa. Goizeko 12:00etan Larretxea anaiek herri kirol erakustaldia eskainiko dute, eta eguerdiko 14:00etan Adinekoen Eguna ospatuko da bazkari herrikoi baten inguruan. Hurrengo egunetan ere izango da zer ikasia, asteartean xaboi ekologikoak egiteko hitzaldia antolatu baita Oinlurren eskutik, eta ostegunean Felix Mansok gastronomia solasaldia eskainiko baitu, biak arratsaldeko 19:00etan.
Jaiak amaiera borobila izango du apirilaren 25ean, larunbatean. Egun horretan Opilen Eguna ospatuko da eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera haurrentzako eskaintza berezia egongo da Kiki, Koko eta Moko pailazoen saioarekin. Gainera, arratsalde osoan zehar ohe elastikoak egongo dira martxan gaztetxoenen gozamenerako.
Anzaranen ekintzak ere
Anzarango Auzo Elkarteak egitarau bizia prestatu du datorren larunbaterako, apirilak 18, auzoko kaleak animazioz betetzeko asmoz. Goizeko 10:30etik aurrera, Bidasoako Erraldoiek auzoan zehar ibiliko dira giroa berotzeko, eta, aldi berean, Lope de Irigoyen kalearen atzealdean haurrentzako atrakzioak egongo dira martxan, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.



