Bidasoako Erraldoiek ekintzez beteriko asteburua dute aurretik

Bidasoako Erraldoiek asteburu lanpetua dute aurretik. Azaroaren 30ean, larunbatean, “Mi Dulce Guerrero elkarteak” antolatutako jarduera solidarioan parte hartuko dute. Abenduaren 1ean, berriz, Bidasoako Erraldoiak konpartsako gomazko erraldoi berri bat aurkeztuko dute.

Larunbatean, azaroaren 30ean, Mi Dulce Guerrero elkarteak txokolatada solidarioa egingo du Nagore Laffage parkean. Ekintza arratsaldeko 17:00etan hasi eta arratsaldeko 19:30ean amaituko da eta Bidasoako Erraldoiak konpartsako erraldoiek bertan parte hartuko dute. Bi euro ordaintzen dituztenek txokolateaz eta bizkotxoez gozatuko dute, edalontzia barne. Halaber, zozketa solidarioan parte hartzeko txartelak salduko dira euro bateko prezioan eta gomazko erraldoien bi lote zozketatuko dira. Ekitaldian bildutako diru guztia 1 motako diabetesaren sendabidea ikertzeko erabiliko da.

Bestetik, abenduaren 1ean, igandean, Bidasoako Erraldoiak gomazko erraldoi berria aurkeztuko du. Aurkezpena Palmera Montero Guneko 2. aretoan egingo da goizeko 11:00etan. Behin aurkezpena amaituta, erraldoien emanaldia egongo da, pizza zatiak banatuko dira eta musika jarriko da.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude