Kirola gizarteratzea lortzeko bidea izatea nahi dute Zubian

Bidasoa Atletiko Taldeak Zubia Kirola izeneko proiektu berria aurkeztu du gaur. Laboral Kutxaren babes ekonomikoari eta Irungo Udalaren laguntzari esker kirol proiektu hau martxan jarriko du abendutik aurrera. Proiektua Zubia zentroko erabiltzaileak diren eta bazterketa egoeran daude 18 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago. Helburua kirola gizarteratzea lortzeko zubi bihurtzea da.

Zubian, Irungo Udalaren lehen arretako baliabidean, adinez nagusiak diren bazterketa-egoeran dauden pertsonei arreta ematen zaie. Harrera, atseden eta topagune gisa funtzionatzen du, informazioa eta laguntza eskaintzen ditu gizarte-langileen eta hezitzaileen bidez, baita gestioetan eta hezkuntza-sozioko jardueretan laguntza ematen ere.

Iazko urte amaieran, Chakib Lachgar (Behobia-SS hiru aldiz irabazi duena eta nazioarteko atleta) eman zuen hitzaldi baten ostean, Zubiara joaten diren hainbat pertsonak entrenatzen eta korrika egiten hastea erabaki zuten. Ondoren, BATeko lasterketetan parte hartzen hasi ziren. Ibon Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak azaldu duenez, “Bidasoako maratoi erdiaren ondoren, Zubiako arduradunekin egindako bilera batean, proposatu ziguten BATeko entrenatzaile batek noizean behin interesa zuten talde hori entrenatzea posible izango ote zen”.

Proiektuaren egitura

Programa abenduan hasiko da. Zubia Kirola proiektuaren barnean BATeko Susana Ruiz entrenatzaileak astean bi saio egingo ditu parte-hartzaileekin. Bat goizez eta bestea arratsaldez. Klubetik kirol ekitaldietan parte hartu nahi dutenei, lasterketetan eta ekitaldietan parte hartzeko laguntza eta akonpainamendua eskainiko zaie.  Gainera, hilabetean behi saio berezi bat egingo da, entrenamenduaren ondoren kirolariei hamaiketakoa eskainiz.

Horretaz gain, jarduera fisikoa egiteko kamisetak eta beharrezko materiala erosiko da. Era berean BATek kirol oinetakoak biltzeko kanpaina hasi du. Horretarako, klubeko bazkideei erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden zapatilak dohaintzan ematea eskatu diete, horiek Zubiako erabiltzaileei emateko.

Egitasmoan bidelagun

BAT irabazi-asmorik gabeko kirol elkartea da, Bidasoa eskualdean atletismoa sustatzea helburu duena. Beraz, jarduera fisikoa sustatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, biztanleria-segmentu guztietarako, genero-berdintasuna sustatuz eta pertsona guztiei aukera berdinak bermatuz.

“Proposamena aurkeztu zitzaigunetik, proiektu honek erakartzen gintuela ikusita, aktiboki hasi ginen proiektu sozial-kirol hau babestuko zuen entitate baten bila”, adierazi du Ibon Muñozek . Bilaketa horretan, Laboral Kutxarekin egin zuten topo eta Karmele Segurari, Gipuzkoa eta Nafarroako Komunikazio Lokaleko arduradunari, eta bai Iñaki Elorteguiri, Colón Irun bulegoko zuzendariari, proiektua interesgarria eta beharrezkoa iruditu zitzaien. Hainbat bileraren ondoren, akordio bat sinatu dute eta hurrengo bi urteetan proiektu hau babestuko dute.

Iñaki Elorteguik azaldu duenez, “ Irungo beharretatik, topaketatik eta inklusiotik sortutako proiektu garrantzitsu baten aurrean gaude”. Colón Irun bulegoko zuzendariak azpimarratu du proiektu hau beharrezkoa dela Irunen, ez soilik migratzaileentzat, baizik eta gizarte osoari dagozkion erronkak mahai gainean jartzeko balioko duela. Zentzu horretan, Udal eta erakunde pribatuak Irunen bizi den errealitatearen jakitun izan behar direla adierazi du. “Jarduera hauek antolatuz, gazteek denbora osasuntsuago eta integratzaileago batean igarotzen dute, kirola egiten eta Irundarren artean harremanak eraikiz”, gaineratu du Iñaki Elorteguik.

Irungo Udalera jo eta alkatearekin, Cristina Labordarekin, ideia komentatu zuten, harrera oso positiboa izan zuen. Irungo alkateak azaldu duenez, “Irunentzat harrotasuna da BAT bezalako entitateekin lankidetzan aritzea, inklusioa eta berdintasuna bezalako balio laudagarriak dituztenekin”. Alkatearen hitzetan, Zubia udalaren gizarte-politiken adibide garbia da, eta kirolak aukera berriak aurkitzeko tresna bikaina dela erakusten du.

Aukeraren ahotsa

Ilyes Benkaddour Aljeriako da eta 14 hilabete daramatza Irunen. Zubia Kirola proiektuan parte hartuko duen pertsonetako bat da. Zubia zentroko erabiltzaileak azaldu duenez,  “zailena ez da jaikitzea eta kirola egitea, guk bizi dugun egoerak baizik: korrika egin ondoren non dutxatzea ez izatea, edo indarrak berreskuratzeko janaria ez izatea, eta gauza horietako asko bigarren mailakoak dirudite, baina oso garrantzitsuak dira niretzat”.

Jarraian, Zubiako erabiltzaile bakoitzaren istorioa film baten antzekoa dela azaldu du galdera hau egin aurretik: “nork ikusi nahiko luke haurtzaro normala, nerabezaroa eta bizitza normala bizi izan zituen pertsona arrunt bati buruzko pelikula bat?”. Hasiera bizitza zaila izan arren, arrakasta lortzen duten horien istorioak askoz erakargarriagoak direla azaldu du. “ Denek maite dituzte pertsonaia horiek eta heroi nortasuna, baina inork ez du pertsona hori izan nahi, arrakasta lortzeko gainditu behar izan dituen zailtasun eta sakrifizioen ondorioz”. Horregatik, bere izenean eta berarekin batera “heroi” izatea erabaki duten pertsonen izenean hitz eginez, eskerrak eman ditu, heroi izateko eskaini zaien laguntzarengatik. “Txapeldunak ez dira beti trofeoak eramaten dituztenak, baizik eta ohitura negatiboak beste positibo batzuengatik aldatzeko borrokatzen direnak”, erantsi du amaieran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude