
Irungo bihotzean, historia eta modernitatea batzen diren eremuan, Oiasso Museoak bere 20. urteurrena ospatuko du 2026. urte honetan. Zehazki, abuztuaren 20an beteko dira museoaren lehen bi hamarkadak. Denbora horretan, museoa ez da soilik arkeologiagune bat izan; hiriaren nortasunaren, gizarte bizitzaren eta turismoaren ardatz nagusietako bat bihurtu da. Urteurren borobil honen harira, proiektuaren bilakaera, hasierako oztopo gogorrak, gaur egungo “errekorren” garaia eta etorkizuneko erronkak aztertu dituzte Mertxe Urteaga museoaren sortzaileetako batek eta lehen zuzendariak, Aizpea Goenaga eta Juanjo Jimenez egungo zuzendaritza taldearen kideak eta Nuria Alzaga Irungo Kultura ordezkariak.
“Bi hilabete eman zizkiguten lan arkeologiko hori egiteko eta hala egin genuen;
erromatar garaiko portua azaldu zen”
Mertxe Urteaga, museoaren sorreran inplikatutako arkeologoa
Gaur egun Oiasso Museoa finkatutako errealitatea bada ere, bere jaiotza ez zen bide erraza izan, ezta aurreikusitako zerbait ere. 1969. eta 1970. urteen artean lehenengo arkeologia lanak egin ziren, Jaime Rodríguez Salísen ikerketetatik abiatuz. 1971n Santa Elena ermitan nekropolia aurkitu zen; 106 errausketa kutxa eta hiru mausoleo berreskuratu ziren, aztarnak 1982an publikoari ireki zitzaizkion lehen aldiz, musealizazio prozesu baten ondoren, 1989. urtean birmoldatu zena.
Mertxe Urteaga arkeologoak gogoan du nola dena kasualitate bati esker hasi zen, Santiago kalean egindako drainatze obra galanta baten inguruan. Emakume baten deiak piztu zuen alarma, egitear zen obrak, zabalera murriztuko zuela ikusita, arkeologikoki jardutea proposatu ostean. Urteagak, Londresen ebaluazio arkeologiko profesionala egiten ikasitakoa izanik, bazuen susmoa eremu horretan erromatar garaiko aztarnak egon zitezkeela.
“Udaletxean azaldu genuen eta inuxente-inuxente obra horren inguruan lan arkeologiko bat egin behar zela esan genien, aukera handiak baitzeuden bertan aztarna erromatarrak topatzeko”, gogoratzen du Urteagak. Jasotako erantzuna, ordea, ez zen batere argia izan 1992 hartan; agintariek konfiantza gutxi zuten aurreikuspen horietan. Hala ere, Foru Aldundiaren laguntzarekin zundaketak egin eta, hara non, portu erromatarra azaldu zen. “Bi hilabete eman zizkiguten lan arkeologiko hori egiteko eta hala egin genuen; erromatar garaiko portua azaldu zen”, gaineratu du Urteaga arkeologoak.
“Aztertu ditut aztarna guztiak eta orain arte arkeologikoki hoberen ezagutzen den portua Oiassokoa da”
Mertxe Urteaga, museoaren sorreran inplikatutako arkeologoa
Aurkikuntza horrek harridura sortu zuen, baina baita kezkak ere, obrak atzeratzea eta kostu gehigarriak zekartzalako. 1993an indusketa arkeologikoak bukatu ziren, baina museoak 2006ra arte ez zituen ateak ireki. Tarteko urte horietan, gizartearen iritzia aldatzea izan zen erronkarik handiena. 1995ean Amaia antzokian egindako erakusketak bidea urratu zuen, Irunek iragan erromatarrarekin lotura estua eta ukaezina zuela erakutsiz. Izan ere, indusketei esker portua aurkitzeaz gain, 25.000 zeramika zati, haziak eta larruzko zapatak ere aurkitu ziren, ordura arte irungo erraietan ezkutaturik gorde zirenak. Hori erakutsita jendea txundituta geratu zen, eta orduan hasi zen agintarien aldetik bilduma hori guztia museo bihurtzeko proposamena. Mertxe Urteagak azaldu duenez, “1996an Arkeolanek eskaera hori jaso zuen udalaren aldetik eta horretarako lanean jarri ginen”.
Museoarentzako kokapen bila

Museoa non kokatu erabakitzea beste gudu zelai bat izan zen. Horretarako udalak baldintza bat jarri zuen: udal ondasunen barnean zeuden ondasunak aztertzea. Hainbat udal ondasun aztertu ziren: Barón de Oña etxea, Doucoureau edo Villa Madariaga, esaterako. Azkenean, abandonatutako eskola publikoaren eraikina hautatu zen, eskolaren lursailean egindako aurkikuntza baten ondorioz. Garai hartan, eraikin hori egoera tamalgarrian zegoen: etxerik gabeko jendea bizi zen bertan, eta droga salmenta zein prostituzioa ohikoak ziren inguruan.
Hala ere, erabaki horrek sari handia ekarri zuen. Kasualitatez, museoaren atzeko zelaian zundaketak egin eta erromatar garaiko termen aztarnak azaldu ziren. Horrek garbi utzi zuen kokapena hori izan behar zela. Mertxe Urteagak gogoratzen du prozesu horretan eraikina botatzeko agindua ere egon zela, eta arkeologoek berriro ere gogotik borrokatu behar izan zutela. Azkenean, fatxadak behintzat zutik mantentzea erabaki zen, barrutik guztiz hustu bazuten ere. Urteaga arkeologoak aipatu duenez, orain justu azterketa bat amaitu berri du Iberiar penintsulako erromatar garaiko portu guztien inguruan. “Aztertu ditut aztarna guztiak eta orain arte arkeologikoki hoberen ezagutzen den portua Oiassokoa da”.
“Pasa ditugu gorriak eta beltzak”
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko zuzendaria
Prozesua ez zen soilik teknikoa izan, baita gatazkatsua ere. Urteagak epaitegira joan behar izan zuen 200.000 euroko isun mehatxu bati aurre egiteko, bilduma arkeologikoak Arkeolanen biltegian zeudelako. “Norbaitek ere museoa ez egitea nahi zuen eta salaketa hori ipini zuen”, gogoratzen du. Hala ere, alderdi politiko guztiekin banan-banan hitz egin ondoren, denek batera proiektuaren alde egitea lortu zen, beldurrak eta erasoak gaindituz. Horrela, aurkikuntza besopean hartu eta nazioarteko kongresuak zeharkatzen hasi aurretik, Mertxe Urteagak gogoratu du “guk erabaki genuen Irungo gizartearen aurrean lan egitea”. Beraz, hitzaldiak ematen hasi ziren edozein tokitan eta edozein aitzakiarekin, Irunen iragan erromatarra ezagutarazteko. Gero bai, hamar urte geroago, 2003an, nazioartera atera ziren, Pisan egindako erromatar garaiko portuen inguruko jardunaldi batzuetara.
20 urteko bilakaera
Museoak 2006ko uztailaren 20an ireki zituen ateak, eta ordutik hazkunde etengabea izan du. Nuria Alzagak, Irungo lehen alkateordeak, nabarmendu du duela 20 urte egindako apustu finko eta argi horrek gaur egun fruitu oparoak ematen dituela. Bere ustez, “kulturalki eta turismoari dagokionez, hiriarentzat erreferente bat izan zen museo honen irekiera”.
Gaur egungo egoera bereziki oparoa da, “termen efektua” deiturikoari esker. 2025ean 44.000 lagun igaro ziren museotik, errekor historikoa lortuz. Alzagak argi du: “Errekor historiko hori zalantzarik gabe termengatik izan zen”. Next funtsen laguntzarekin proiektu hau etorkizunera begira egokitzea posible izan delako.
“Balioa ematen diogu hiritarrek museoan partekatzen dituzten esperientziei”
Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko zuzendari-ordea
Baina datu turistikoetatik haratago, Alzagak irundarrekiko lotura azpimarratzen du. Termen irekierak etxekoengan eragin berezia izan du. “Gogoratzen dut inaugurazioaren egunetan zehar irundar asko ikusi nituela… eta askok onartu zidaten museora sartzen ziren lehen aldia izan zela”. Kuriosoa da, Alzagak dioen bezala, pertsona horiek agian Madrilgo edo Bartzelonako museoetan egonak zirela, baina ez beren hirikoan. Nuria Alzagak aipatu duenez, “askotan ez gara konturatzen baina ez dugu ezagutzen gure hiriaren historia behar den bezala”. Orain, joera hori aldatzen ari da, eta irundarrak “Irun Erromatarraren” kontzeptuarekin identifikatzen hasi dira.
Bizitza propioa duen museoa
2019tik, Aizpea Goenagak eta Juanjo Jimenezek daramate museoaren lema elkarlanean. Jimenez museoa sortu zenetik aritu da bertan lanean eta “harro” sentitzen da bere lanaren bidez Irungo eta Euskal Herriko historiaren zati hau hobeto ezagutzen laguntzeagatik. Aizpea Goenagak nabarmendu du museoaren zuzendaritzan erronka handiak gainditu behar izan dituztela, pandemia barne. “Pasa ditugu gorriak eta beltzak”, dio, baina museoa pandemian ere bizirik mantentzea lortu zutela azpimarratuz, eskaintza bereziekin.
“Balioa ematen diogu hiritarrek museoan partekatzen dituzten esperientziei”
Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko zuzendari-ordea
Zuzendaritza taldearen lehentasuna hiru maila orekatzea izan da. Batetik, maila sozialean Irungo elkarteekin lan eginez eta hiritarrei zerbitzua emanez. Bestetik, maila dibulgatiboa, museoaren edukia publiko guztiei (gazte zein heldu) helaraziz FICAB, Dies Oiassonis eta hitzaldien bidez. Azkenik, maila akademikoa ikerketa bultzatuz eta nazioarteko kongresuetan parte hartuz.

Teknologia berriei dagokienez, museoa egokitu bada ere, zuzendaritzak irizpide argia du: ondareari lehentasuna eman behar zaio. Juanjo Jimenezen hitzetan, “balioa ematen diogu hiritarrek museoan partekatzen dituzten esperientziei”. Goenagak dioenez, “teknologiak lagundu dezake irudikatzen… baina ondarea da benetan balioa duena”. Ez dute nahi teknologia berriek pieza arkeologikoen ondasuna estaltzea. Juanjo Jimenezek bat egiten du: “Digitalizazioak eta teknika berriek laguntzen dute, baina horiek bakarrik ez dute zentzurik museoan, pieza arkeologikoekin lotura izan behar dute”.
Bi hamarkada ospatzear
20. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu da. Nuria Alzagak aurreratu du 2026. urte osoan zehar nabarituko dela urteurrena, ez bakarrik uztailean. Kasualitatez, aurten Dies Oiassonis jaialdia uztailaren 16tik 19ra ospatuko da, eta museoak 20 urte betetzen ditu justu hurrengo astelehenean, uztailaren 20an.
“Askotan ez gara konturatzen baina ez dugu ezagutzen gure hiriaren historia behar den bezala”
Nuria Alzaga, Irungo Udaleko lehen alkateordea
“Dies Oiassonis festa handi bat izango da 20. urteurren hori ospatzeko”, iragarri du Goenagak. Ospakizun hauen artean, maiatzaren 18an Mertxe Urteagak emango duen hitzaldia nabarmentzen da. Goenagaren ustez, “museo batek ezin ditu ahaztu bere jatorriak” eta garrantzitsua da hasierako zailtasunak eta ilusioak berreskuratzea. Juanjo Jimenezek ere lantalde osoaren esfortzua baloratu nahi izan du, pertsona askoren ardura eta lanari esker atera baita proiektua aurrera.
Begirada jada etorkizunean
Nolakoa izango da Oiasso Museoaren hurrengo bi hamarkadetako bidea? Mertxe Urteagak uste du “espero ez ditugun gauzak” espero ditzakegula. Urteagaren ustez, oraindik gauza asko daude deskubritzeko. Hala ere, ohar bat egin du: udalak museoaren izaera eta nortasun propioa gehiago aitortu behar ditu. Nuria Alzagarentzat berriz, sorpresa handia izan da berarentzat 20 urteren ostean erakusketa finkoak ere bisitari errekorrak lortzea.
“Kulturalki eta turismoari dagokionez, hiriarentzat erreferente bat izan zen museo honen irekiera”
Nuria Alzaga, Irungo Udaleko lehen alkateordea
Zuzendaritza taldearen aldetik, Juanjo Jimenezek dio helburua dela programazio aberatsa mantentzea eta zerbitzu hoberena ematea. “Gure helburua izango da jarduera programazio aberatsa eta ugaria eskaintzea”, dio. Erronken artean instalazioen zati batzuk berritzea eta pieza arkeologiko gehiago ekarri ahal izatea daude.
“Dies Oiassonis festa handi bat izango da 20. urteurren hori ospatzeko”
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko zuzendaria

Aizpea Goenagak ilusioari eta dinamismoari eusteko beharra azpimarratu du: “Ezin gara funtzionatzen duenaren etengabeko errepikatze soilean geratu”. Bere ustez, jendearekin sortutako sarea elikatzen jarraitu behar da, feedback-a jasoz eta gauza berriak sortzeko gogoa galdu gabe.
Oiasso Museoa, beraz, 20 urteko heldutasunera iritsi da, baina bere gaztetasuna eta itxurari eutsiz. Irungo erromatar portu zaharraren gainean eraikitako ametsak bizirik jarraitzen du, hiriari bere historia oparoa gogoraraziz eta mundu osoko bisitariak txundituz.
Oiasso museoa
Oiasso Museoak 20 urte betetzen ditu 2026an, eta bide horretan mugarri garrantzitsuak gainditu ditu bere sorreratik. Dena 1992an hasi zen, Santiago kaleko obretan erromatar garaiko portua aurkitu ostean, Mertxe Urteagaren susmoei eta bultzatutako lanei esker. Museoaren kokapena ere aurkikuntza arkeologikoek baldintzatu zuten; izan ere, antzinako eskola publikoaren eraikina hautatu ostean, erromatar termen aztarnak azaldu ziren bertan. Hamar urteko prestakuntza lanaren ostean, 2006ko uztailaren 20an ireki zituen ateak. Gaur egun, museoa hiriaren ardatz turistiko eta soziala bihurtu da, “termen efektuari” esker bisitarien errekorrak lortuz eta teknologia berriak ondarearen zerbitzura jarriz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.



