Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak ‘Udagiro‘ egitasmoaren edizio berria aurkeztu du, beste herrialde edo erkidego batzuetatik iritsi berri diren haur eta gazteei zuzenduta. Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak azaldu duenez, programaren helburua ikasle horiei euskararekin duten harremana udan ez eteten laguntzea da, ikasturtean zehar egindako ahalegina indartuz. Klaseak ludikoak izango dira eta euskara gizartean integratzeko lanabes gisa erabiliko da, integrazioa eta bizi-proiektu berriak erraztuz.
Egitasmoan parte hartzeko, ikasleek Irunera 2024/2025 edo 2025/2026 ikasturteetan etorritakoak izan behar dute, bertako ikastetxeetan eskolatuta egon, eta Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailakoak edota DBHkoak izan. Saioak Irungo Herri Jakintza Euskaltegian (San Juan Harria plaza, 4) emango dira bi txandatan: uztailaren 6tik 24ra eta abuztuaren 3tik 21era. Ordutegiei dagokienez, bi aukera egongo dira, 9:30etik 11:30era edo 11:30etik 13:30era, eta eskatzaile bakoitzak txanda eta ordutegi bakar batean parte hartu ahal izango du.
Izen ematea irekitzear
Izen-ematea maiatzaren 18tik 22ra (14:00ak arte) egin beharko da www.irun.org webgunearen bitartez. Guztira zazpi talde osatzea aurreikusten da (lau uztailean eta hiru abuztuan), baina banaketa hori jasotako eskarien arabera alda daiteke. Hautaketa prozesuan, 2025/2026 ikasturtean iritsitako ikasleek izango dute lehentasuna, eta plaza baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa maiatzaren 29an egingo da.



