Irungo Udalak ostiral honetan inauguratu ditu Irugurutzetako labeen gune birgaitua eta interpretazio zentro berria. Hiriko ondare historikoa berreskuratzeko apustu garrantzitsu hau Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta.
Ekitaldi instituzionalean Cristina Laborda Irungo alkateak, Javier Hurtado Turismo sailburuak eta Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatuak parte hartu dute, Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariaren aurkezpenarekin eta meatzari ohien senideen testigantzekin batera.
Eskualdeko datu turistikoei dagokienez, Domínguezek jakinarazi du 2025ean ia 180.000 bisita izan zirela Bidasoan, 2024an baino % 4,1 gehiago. Mineralaren antzinako siloan kokatutako interpretazio zentroak 2 milioi euroko inbertsioa izan du. 2026ko FITUR azokan aurkeztutako gune berri hau bost erakusketa-eremutan dago antolatuta, eta elementu fisiko zein digital interaktiboak uztartzen ditu. Bertan, geologia eta lanbideak ezagutzeko mahai interaktibo bat, formatu handiko ikus-entzunezko proiekzio bat eta herritarren oroitzapenak biltzen dituen Memoriaren Artxibo digitala daude. Horrez gain, eremua irisgarri egiteko igogailu bat instalatu da goialdera igotzeko, edukiak lau hizkuntzatan daude eta energia-kontsumo baxuko sistemak erabili dira ingurunea errespetatzeko.
Inaugurazio asteburuko egitaraua
Ireki berritan, interpretazio zentrorako sarrera doakoa izango da asteburu osoan zehar. Ordutegia honako hau izango da: Ostiralean: 16:00etatik 19:00etara, larunbatean 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta, azkenik, igandean 11:00etatik 14:00etara. Gunera igotzeko Tren Txikitoaren erreserbak Oiasso Museoaren webgunearen bidez egin daitezke. Gainera, maiatzaren 23rako, larunbata, doako jarduera oparoak prestatu dituzte : 11:00etan erraldoien kalejira egongo da Ondare Kultur Elkartearekin (Ola sagardotegitik abiatuta), 12:00etan Txiribueltaren familia tailerrak, 17:00etan Ameli ipuin-kontalaria eta 18:00etan A&B Shows taldearen mini zirkua.



