Folkesí: Urdanibia plaza Sanmartzialetan folk doinuez janzteko prest

Aurtengo Sanmartzialetan Folkesí taldeak igoko du festetako oihala. Datorren ekainaren 13an, Urdanibia plazan, talde irundarrak Gozategi enblematikoaren aurretik berotuko ditu motorrak, folk kutsuko bere proposamen bereziarekin. Beñat Perez (ahotsa), Julio Bravo (gitarra), Marta Ezeizabarrena (biolina), Mikel Aldalur (irlandar txirula), Alvaro Garate (baxua) eta Aitor Etxaniz (bateria) dira seikote honetako kideak. Beñat Perezek aukeraketa honek dakarren ilusioaz eta prestatu duten zuzenekoaz hitz egin digu.

Zer sentitzen duzue aurtengo Sanmartzialetako eszenatokira igoko zaretela dakizuenetik?

Egia esan, oraindik ez dugu sinesten eta erabat eskertuta gaude Irungo hiriarekin eman digun aukerarengatik. Orain dela 3 urte inguru sortutako taldea izan arren, egia da Irun inguruan kontzertu asko eman ditugula, baina ez genuen espero horrelako harrera izango genuenik hirian. Egia esan, ez genuen espero hainbeste boto jasotzea. Urte luzez eszenatokiaren beheko aldean gozatu dugu Sarmartzialez, eta ondorioz, hitzik gabe gaude horrelako aukera baten aurrean, oraindik gertatutakoa sinesteko bidean.

Zer prozesu jarraitu behar izan duzue aurtengo jaietan telonero bezala aukeratuak izateko?

Folkesírentzat uda izaten da urtean kontzertu eta emanaldi gehieneko garaia. Horren aurretik, barne lan handia egiten dugu udalekin eta tabernekin kontaktatuan jartzeko. Lan horrek bere fruituak dakartza gero eta, horri esker, kontzertuak lortzen ditugu pixkanaka. Aurreko urtekoa gure udarik emankorrena izan zen, 12 bat kontzertu eman genituelako hiru hilabetean. Ate joka ibiltzeko prozesu horretan hemengo lehiaketan parte hartzeko aukera suertatu zitzaigun eta horrela izan zen.

“Guk estilo hori Euskal Herrira ekarri nahi izan dugu eta gure folk estilo propioarekin nahastu”

Berezia izango da hiriko jendearen babesa jasotzeari esker, Sanmartzialetan aritzeko aukera izango duzuela jakitea.

Bai, azkenean gu Irungo kontserbatoriotik ateratako lagun talde bat gara, denak musikariak, baina bakoitza bere estiloan. Lehenengo momentutik argi izan genuen zerbait profesionala egiten saiatu nahi genuela, gure estiloan. Tabernetan jotzen hasi ginen eta horrela joan gara hazten.

Eta gehiegi aurreratu gabe, zer prestatzen ari zarete Urdanibia plazako emanaldirako?

Gure errepertorioa lantzen ari gara, batez ere, hori egokituz. Argi dugu kontzertu honek oso dinamikoa izan behar duela, baita denbora aldetik ere. Ondorioz, gure errepertorioan ditugun abesti ezagunenak sartu ditugu. Badakigu plazan askotariko jendea egongo dela, beraz, folk irlandarra, euskal eta gaztelerazko folkarekin uztatuko dugu. Hortaz, abestiak aski ezagunak izango direnez, jendeak asko gozatuko duelakoan nago.

Zehazki, nolakoa da Folkesí taldearen soinua?

Folkesí irlandan egiten den musika estilo tradizionala erreplikatzeko nahiarekin sortu zen. Normalean, gitarra, biolina, txirula, abeslaria eta, asko jota, perkusiozko instrumentuek osatzen dute taldea eta pubetan aritu ohi dira garagardo pare batzuekin. Guk estilo hori Euskal Herrira ekarri nahi izan dugu eta gure folk estilo propioarekin nahastu. Guk erreferente bezala ditugu The Pogues edo Gwendal bezalako taldeak, baina baita, gurera ekarrita, Sorotan Bele, Celtas Cortos edo Mago de Oz. Hori guztia gure estilora egokitzen dugu.

Ia 4 urte igarota, taldeak bilakaera bat izan duela nabaritu duzue?

Begirada lau urte atzera botaz gero, esango nuke hazkunde oso handia izan dugula. Gehienok hasieran ez genekien zer esan nahi zuen talde bat izateak eta horrelako jauzi profesionala egiteak. Bide honetan asko ikasi dugu, bai eszenikoki, teknikoki zein musikalki. Musikaren munduan nola mugitu behar garen ikasi dugu. Laukote bezala tabernako terrazetan kontzertuak ematen hasi ginen eta azken urtetan hasieran imajinaezinak ziren kontzertuak eman ditugu. Anoetan jo dugu, Baionako pubetan jotzeagatik ezagunak egin gara eta Madalenetan edo Aste Nagusian kontzertuak izan ditugu. Taldea hazten joan den heinean gure estilo musikala hobetu da eta horrek publikoaren babes handiagoa jasotzea eragin du.

Nola kudeatuko duzue telonero izateak duen ardura?

Erronka polita da. Gainera, Gozategiren aurretik arituko gara, txikitatik gure parrandak girotu dituen taldea. Festazaleak garenak, erreferente gisa dauzkagu eta haiekin kalejira mundialak egin izan ditugu. Imajinatzen dugu jende asko etorriko dela haiek ikustera, beraz, gu gure estiloan arituko gara. Kontzertuetan talde hurbila izan ohi gara, abestiak ezagunak direlako eta erritmoek dantzatzera gonbidatzen dutelako. Publikoa festarako gogoz utzi nahi dugu Urdanibia plazan, Gozategirentzako etxeko lanak ondo eginez.

Behin kontzertu hori igarota, zeintzuk dira udararako dauzkazuen planak?

Orain justu udako bira prestatzeko lanean ari gara. Oraindik ezin dugu gehiegi aurreratu, baina esan dezakegu, Sanmartzialen ostean, gure hurrengo hitzordu handia Errenteriako Madalenetan izango dela, uztailaren 22an, Niesseneko plazan. Ordutegia oraindik finkatzeko daukagu baina gaueko 23:00ak aldera izango da ziurrenik. Izan ere, Errenteriako Udalak ere hasieratik babestu gaitu, kontzertuak egiteko zenbait aukera emanez. Beraz, aurten Madalenetan errepikatuko dugu, eszenatoki handiagoarekin eta emanaldi hobearekin.

“Kontzertuetan talde hurbila izan ohi gara, abestiak ezagunak direlako eta erritmoek dantzatzera gonbidatzen dutelako”

Zer espero dezakete Irungo kontzertua ikustera gerturatuko direnek?

Gure emanaldia oraintxe bertan, Euskal Herri mailan, ikuskizun bakarrenetakoa dela esango nuke. Alde horretatik, gure estiloa nahiko berezia da eta ziurrenik orain arte ikusi ez duten zerbait ikusi ahalko dute bertan. Dena den, euskal folkaren jarraitzaileak direnek edo irlandar kultura maite dutenek erreferentzia asko aurkituko dituzte kontzertuan zehar. Hori guztia, festa giroarekin eta gure emanaldiarekin nahastuta eskainiko dugu. Beraz, ezin duzue emanaldi hau galdu eta denak animatzen zaituztegu kontzertura etortzera, egurra ematera baikatoz.

Elkarrizketa hau amets doinuz agurtzeko, talde bezala, munduko zein eszenatokitan aritzea gustatuko litzaizueke?

Folkesík zerbait berezia badu da nahiko ameslariak garela. Gure helburuak beti nahiko goian jartzen ditugu, baina gure estiloari egokituta, dudarik gabe, gure ametsa Irlandan barrena bira bat ematea izango litzateke. Bertan daude gure erroak, hau da, Dublineko edo Galwaygo pubetan ematen diren kontzertuetan. Esaterako, St. Patrick´s egunean kontzertu bat ematea izugarria izango litzateke. Bestela, gure taldea jaialdi handitan ikusten dugu, beraz, gustatuko litzaiguke Viña Rocken estiloko festibal baten parte izatea, milaka pertsona gure abestiak dantzatzen eta gozatzen ikusteko; horrek ez luke preziorik edukiko guretzako.

Elkarrizketa guztia Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude