Txingudi Eskubaloiak Emakumezkoen San Martzial Torneoa antolatu du denboraldia borobiltzeko

Txingudi Eskubaloi taldeko kideek denboraldia bukatu berri dute, baina ez beraien jarduna. Izan ere, ekainean, Sanmartzialen atarian, txapelketa bat antolatu dute, Emakumezkoen San Martzial Eskubaloi torneoa. Orain, txapelketa horren prestaketa lanetan murgilduta dauden bitartean, Oier Dorronsoro, Nahia García eta Nerea Blancok, denboraldiaren balantzea egin eta txapelketaren xehetasunak aurreratu dizkigute.

Nola joan zaizue aurtengo denboraldian?

Nahia: Denboraldia amaitu dugu eta, gure ustez, oso denboraldi polita egin dugu. Denboraldi hasieran markatu genituen helburuak lasai aski bete ditugula uste dut. Beraz, orain denboraldia guztiz amaitu aurreko momentuez gozatzea geratzen zaigu.

Zehazki, zeintzuk ziren hasieran markatutako helburuak eta nola landu dituzue denboraldian zehar?

Oier: Helburu bezala markatu genuen igoera fasean sartzea, fase hori jokatzea nahiko polita baita. Lortu dugu eta, gainera, puntu batzuk soberan izan ditugularik, beraz, alde horretatik nahiko pozik gaude. Talde bezala, beste helburuetako bat talde izaera hori lantzea zen, elkarrekin zerbait eraikitzeko eta hori ere lortu dugula esango nuke.

Denboraldi hasieran markatu genituen helburuak lasai aski bete ditugula uste dut

Nahia García, Txingudi Eskubaloiko jokalaria

Nola moldatu zarete jokalari berriekin taldea osatzeko?

Nahia: Jokalariez gain, aurten entrenatzaile berria ere izan dugu, beraz, denek elkar ezagutzeko tartea izan dugu. Jokalari zaharrak garenok jokalari berriak beso zabalik hartu ditugu, baita entrenatzailea ere, beraz, haiek hori bera sentitu izana espero dut. Dinamika oso polita lortu dugu, nahiz eta adin desberdinetakoak izan, oraindik denak gazteak garelako, eta afariak eta guzti antolatu ditugu, gainera.

Oier: Nik aurretik mutilak entrenatu izan ditut, ondorioz, denboraldi hasieran konturatu nintzen oso ezberdina dela neskak eta mutilak entrenatzea, espero ez nuen zerbait. Egokitzea apur bat kostatu zaidan arren, azkenean moldatu naiz eta ondo aritu garela esan daiteke.

Pixkanaka eskubaloira neska gehiago gerturatzen direla nabaritu duzue?

Nerea: Gure taldea oso jokalari gutxirekin hasi genuen lehen urtean, hau da, entrenamenduetan 6 edo 7 jokalarirekin soilik, beraz, hasiera oso zaila izan zen. Orain, pixkanaka gehiago garela nabaritzen da eta nabari da emakume gehiago animatzen direla jokatzera, baita kategoria txikiagoetan ere. Senior taldearekin hasi ginen, eta orain kadeteen taldea ere badugu.

Senior taldearekin hasi ginen, eta orain kadeteen taldea ere badugu

Nerea Blanco, Txingudi Eskubaloiko jokalaria

Nahia: Geroz eta neska gehiago ari da etortzen. Egia da jendeari kirol berri batean hastea asko kostatzen zaiola eta bereziki aurten asko ikusi dugun zerbait izan da. Lehen Eskola Kirolari esker lehenago hasten ginen eta hortik baten bat geratzen zen klubean. Aurten eskolaz eskola joan behar izan gara galdezka, jendea falta zitzaigulako, bereziki kadeteen mailan.  Jokalari berriak erakartzeko DBHkoen adinean zentratu gara, oraindik LHn oso txikiak direla esaten digutelako zuzenean haien bila joateko. Horretaz gain, denetarik egin dugu: kartelak egin ditugu, publizitatea jarri dugu eta eskoletara joan gara zuzenean. Beraz, klubak jendea bilatzeko ahalegin hori egitea ezinbestekoa da, bestela, jendea ez delako animatzen pausua ematera. Bestetik, ekaineko txapelketa lagungarria izan daiteke, jende asko gerturatzen baita eta agian norbait jokatzera ere animatu daiteke horrela. Errazena, lagunen bat edo ezagunen bat eskubaloian hastea da, horrela lagunak erakartzea errazagoa delako.

Zeintzuk izan dira aurtengo denboraldian zuen abantailak eta desabantailak?

Oier: Esango nuke talde bezala, nahiko indartsuak garela. Defentsa lanetan oso ondo ibiltzen gara eta hori da nire ustez gure indargunea. Baina, korrika asko egiten duten taldeen aurka jokatzen dugunean, aldiz, zailtasun handiagoak izaten ditugu eta ondorioz, trantsizio horietan baloi asko galtzen ditugu. Gainontzekoan, taldea indartsu ikusten dut.

Ekainerako prestatzen ari zareten txapelketari dagokionez, nolako formatua izango du?

Ekainaren 13an, larunbatean, egingo dugu txapelketa. Bertan 4 talde senior eta 2 talde kadete lehiatu dira. Parte hartuko dugun talde seniorrak Hendaia, Coraz, Durango eta Txingudi izango gara eta kadeteetan berriz, Coraz eta Txingudiko taldea. Partidu guztiak Artalekun jokatuko dira, goizean zein arratsaldean.

“Azkenean, oso klub txikia gara eta denen partehartzea eta laguntza beharrezkoa da ekintzak aurrera eramateko”

Oier Dorronsoro, Txingudi Eskubaloiko entrenatzailea

Nahia: Eguerdian gure familiek prestatutako bazkariaz gozatuko dugu, izan ere, bazkaltzera gonbidatuko ditugu txapelketa jokatzera etorri izana eskertzeko. Bazkaldu ostean, finalerdiak eta finala jokatuko dira. Kadeteen mailan aldiz, partiduak txapelketa izaera ez badu ere, beraiei ere jolasteko aukera eskaini nahi diegu, publikoa gerturatuko dela aprobetxatuz.

Txapelketaren antolaketak erakusten du zeinen garrantzitsua den boluntarioen lana zuena bezalako klubetan.

Oier: Azkenean, oso klub txikia gara eta denen parte-hartzea eta laguntza beharrezkoa da ekintzak aurrera eramateko.

Nahia: Bide batez, aipatu nahiko genuke, txapelketa ikusteko sarrera doakoa dela, beraz, nahi duen guztia gerturatu daiteke. Aurtengoa txapelketaren V. edizioa izango da. Hasieran txapelketan talde gehiagok parte hartzen bazuten ere, azken urteetan tartetxo bat eskaini diogu klubeko talde inklusiboari ere, hori baitzen hasieran jokatzeko zuen aukera bakarra, Barakaldoren aurka aritzeaz gain. Orain beraiek beren txapelketa propioa dute, Taupada txapelketa, beraz, beren kabuz jokatzen dutenez, orain kadeteei tartea utzi diegu.

Nerea: Azken hiru urteetan talde egokitu gehiago sortu dira, esaterako, Ereintzan edo Zarautzen, eta gauzak horrela, aurten lehen aldiz txapelketa bat jokatzeko aukera izan dute. Liga moduko bat jokatu dute Barakaldo, Zarautz, Ereintza eta Txingudikoek eta oso ondo joan da.  Maiatzaren 18an Euskal Kopa jokatu zuten eta Oñatin aritu ziren lehian denak elkarrekin.

Epe luzera, klub bezala, zeintzuk dira zuen erronkak edo datorren denboraldirako helburuak?

Nahia: Gure helburu nagusia klubak bizirik jarraitzea da eta jendeak bertan, behintzat, beste pare bat urtez jarraitzea txapelketak jokatzen jarraitu ahal izateko. Kadeteentzat berriz, handien taldea mantentzea lortu nahi dugu, aurrerantzean ere jokatzen jarraitzeko aukera izan dezaten, horretarako Irundik kanpo joan beharrik gabe. Beraz, gure nahi nagusia bizirautea da.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude