Ekainaren 5eko goizean ospatu zen “Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa ekitaldia Ficoban, Bioterra azokaren esparruan. Hitzorduak ia 100 lagun bildu zituen —ikasleak, irakasleak, epaimahaikideak eta erakundeetako ordezkariak—, gazteek elikaduraren etorkizunari buruz egindako hausnarketa, sormena eta konpromiso irmoa jendaurrean aitortzeko eta baloratzeko.
Maïa Permaculture kooperatibak eta Bidasoa-Txingudi eskualdeko elikadura-kontsumo taldeek —Labore Txingudi eta Hendaiakoop— sustatutako ekimen honek urrats garrantzitsua eman du aurten. Lehiaketaren bigarren edizio honetan, parte-hartzea eskualde osora zabaldu da, eta lehen aldiz Irun, Hondarribia eta Hendaiako ikastetxeek hartu dute parte batera. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen IDEIAK programaren babesarekin garatzen da, bi aldeetako gazteen arteko harremanak eta elikaduraren inguruko hausnarketa partekatua bultzatzeko.
Aurtengo edizioan 31 taldek eman zuten izena, eta horietatik 21 lan aurkeztu dira azkenean. Guztira, 250 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute prozesuan zehar, ikastetxeetan elikadura jasangarriaren inguruko hausnarketak, ikerketak eta ikus-entzunezko proiektuak garatuz. Antolatzaileek bereziki nabarmendu nahi izan dute izena eman zuten talde guztien ahalegina, baita proiektua amaierara eraman ezin izan duten horiena ere, erakutsitako interesa balioan jarriz.
Edizio honetako sarituak
“Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketak bi kategoria nagusi saritu ditu aurten ere, gazteen lanari bultzada ekonomiko eta pedagogiko bat emateko: Epaimahaiaren Saria eta Herritarren Saria.
Epaimahaiaren Saria Toki-Alai BHIrentzat izan da, “Zer da gosari osasuntsua?” lanari esker, 143 puntu lortuta. Sari hau elikadura, ingurumena, hezkuntza, ikus-entzunezkoak eta parte-hartzea bezalako arloetako erakunde publikoetako zein erakunde sustatzaileetako ordezkariek osatutako epaimahai profesionalak erabaki du. Gainera, antolatzaileek azpimarratu dutenez, puntuaziorik altuenak lortu dituzten bost lanen artean zazpi puntuko aldea baino ez da egon, eta irabazlea puntu bakarrarengatik gailendu da, lanen maila altua erakutsiz. Ikastetxeak 600 euroko saria jasoko du elikadura burujabetzarekin lotutako ekimen bat garatzeko. Saria Labore Txingudi eta Hendaiakoop elkarteetako ordezkariek banatu dute.
Herritarren Saria berriz, El Pilar ikastetxearentzat izan da, “Arazoa vs Konponbidea” lanarengatik, herritarren babes handiena jaso duen proposamena izanda. Herritarren Saria bozketa ireki baten bidez erabaki da, herritarrek lehiaketaren webgune ofizialean ikusgai egon diren bideoak baloratuz eta botoa emanez. Ikastetxeak 400 euroko saria jasoko du bere elikadura burujabetza proiektuarekin jarraitzeko. Saria Iker Goiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugaz Gaindiko Lankidetzako arduradunak, eman du.
Gazteen ahotsa eta ideiak
Lehiaketaren helburua ez da soilik bideoak sortzea; gazteei aukera ematen die elikaduraren inguruko erronkei buruz hausnartzeko eta euren inguruko gizartean eragin dezaketen proposamenak komunitatearekin partekatzeko. Aurkeztutako lanetan askotariko gaiak jorratu dira: gosari osasuntsuak, elikadura-ohiturak, tokiko produktuak, elikagaien jatorria, kontsumo arduratsua edo elikadurak ingurumenean duen eragina. Bigarren urtez jarraian, Ficobak eta Bioterra azokak elkarlanerako gune bikaina eskaini dute gazteen lana ikusgarri egiteko.
Gaur egun, Maïa Permaculture, Labore Txingudi eta Hendaiakoop elkarlanean ari dira hezkuntza komunitatearekin eta tokiko eragileekin sare sendo bat eraikitzen. Lehiaketarekin batera, antolatzaileak lanean ari dira laster aurkeztuko den GAZTEAK ON plataforman. Bertan, ikasleen lanetan inspiratutako eduki interaktiboak, hezkuntza-baliabideak eta elikaduraren inguruko material pedagogikoak bilduko dira. Eskualdeko gero eta ikastetxe gehiagoren parte-hartzearekin, antolatzaileek hirugarren edizioari begira jarri dute jada arreta, elikadura jasangarriago eta bidezkoago baten alde.



