90 urte bete dira tropa faxistek Irunen aurkako lehen bonbardaketak egin zituztenetik

Nazionalek Irun bonbardatu zuten (1936ko iraila). “Guerre Civile en Espagne” aldizkarian argitaratua. (Iturria: Irungo Udal Artxiboa. Erreferentzia zk.: 57361).

Atzo, abuztuak 9, 90 urte bete ziren tropa faxistek Itsas zein aire bidez Irunen aurka egindako lehen bonbardaketa gertatu zenetik. “Dragon Rapide” hegazkin batek eragindako lehen eraso hark kalte material txikiak eragin zituen hiriaren erdigunean, baina irailaren 5era arte luzatu zen erasoaldiaren hasiera izan zen. Bonbardaketa jarraitu horiek eta ondorengo okupazioak Irundar ugariren exodo masiboa eragin zuten Hendaiara, Avenida Zubiaren bitartez.

Gertaera historiko honen inguruan, ordea, 90 urtez garaileen kontakizun ofiziala nagusitu da gizartean, hiriaren suntsiketa irailaren 4 eta 5ean izandako suteei eta miliziano anarkistei soilik egoitziz, abuztuaren 9tik aurrera faxistek egindako aire zein itsas bonbardaketen erantzukizuna ezkutatuz. Nahiz eta Xabier Irujok egindako eta Gogora Institutuak argitaratutako “Atlas de los bombardeos en Euskadi (1936-1937)” liburuak datu hauek jada dokumentatu, gizartearen iruditeria kolektiboan inposatutako bertsioak errotuta jarraitzen du.

Bonbardaketei buruzko azterlana

Egoera honi aurre egiteko eta egia historikoa helarazteko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak txosten zabal bat osatu du Antxeta Irratiaren (PausuMedia) enkarguz eta Irungo Udalaren laguntzaz. Azterlan honek airetik eta itsasotik egindako bonbardaketak zehatz-mehatz biltzen ditu, eta datorren irailaren 2an aurkeztuko da publikoki Irungo Udalean bertan.

Ekimen hau PausuMedia entitateak eta Antxeta Irratiak azken hamarkadan memoria historikoaren arloan egindako lanaren barruan kokatzen da. Iaz, adibidez, Avenida Zubian (oroimen-leku izendatua) Hendaia alderako exodoari buruzko erakusketa antolatu zuten. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gaur egungo garai aztoratuetan eta ideia totalitarioen arriskuaren aurrean, gertatutakoaren memoria eta egia belaunaldi berriei transmititzea da berriz ere antzeko gertaerak ez errepikatzeko bermerik onena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude