Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroaren lehen urteurrenaren balantzea aurkeztu du. Irailaren 11n hamabi hilabete bete dituen azpiegitura hau topaketa, esperimentazio eta sormen-prozesuetarako erreferentziazko espazio gisa sendotu da hirian. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, “zaila da Irun CBA gabe irudikatzea”, zentroak kultur eskaintza erakustetik haratago, pentsamendua, lankidetza eta herritarrekin zein artistekin lotura berriak sortzeko gaitasuna erakutsi baitu.
Lehen urte honetan zentroak 66 proposamen bultzatu ditu guztira: zuzeneko arteen 26 saio, 25 kontzertu, 7 film-proiekzio, 2 erakusketa nagusi (“Jonbismo-Reencuentro” eta inaugurazioko “Vía Irun“) eta KEOA gunean sorkuntza garaikideari lotutako beste 6 ikusgai. Halaber, Irungo 26 sortzaile eta talde lokalek hartu dute parte programazioan, hiriko talentuari ikusgaitasuna eta proiekzioa emateko bokazioa indartuz.
Horrez gain, zentroak hainbat lan-ildo estrategiko garatu ditu ikasturte honetan zehar. Batetik, ARTOTEKA eta IrekiART plataformak jarri dira martxan, arte garaikidea herritarrei hurbiltzeko (10 artistaren lanekin) zein gazteen sormen-prozesuak bultzatzeko. Bestetik, Irun Zuzenean Aretoak eta Geltoki egitasmoak musika-programazio espezifikoa eta kultur arloko sortzaileekin egindako topaketa hurbilak bildu dituzte, Janus Lester, Maria Martin, Jabier Muguruza eta Zuhaitz Gurrutxaga bezalako artisten parte-hartzearekin. Azkenik, EKICC programak eta Ribera Bekek sormen-industrietako proiektuei zein ikerketa-prozesuei babesa eman diete, “Urak Darama”, “Través” edo Estitxu Ortolaizen “Denboraren Makina” bezalako ekimenen bidez.
Lehen hamabi hilabete hauetako esperientziaren gainean eraikita, CBAk bigarren urteari ekingo dio publiko berriak erakartzeko, sortzaileen eta herritarren arteko lankidetza-sareak sendotzeko eta kultura eguneroko bizitzara hurbiltzeko helburuarekin.



