Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik garapen-agentziaren bidez, LANEAN Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren III. edizioa egingo dute datorren urriaren 22an Ficoba erakustazokan. Ekimen honen helburu nagusia da enpresen eta enplegu-bilaketa aktiboan, lan-hobekuntzan zein lanbide-aldaketan dabiltzan pertsonen arteko zuzeneko topaketa erraztea. Oraingoz, ostalaritza, zerbitzuak nahiz industria bezalako esparru anitzetako 40 enpresa baino gehiagok berretsi dute parte-hartzea, mugaz gaindiko talentua eta lan-eskaintzak aurrez aurre jarriz.
Nuria Alzaga eta Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko ordezkariek azpimarratu dutenez, mugak ez du oztopo izan behar enplegua bilatzeko orduan, eta azokak Bidasoaren bi aldeetan dauden aukera profesionalak hurbiltzea du helburu.
Azoka hau POCTEFA LANEAN mugaz gaindiko proiektuaren barruan kokatzen da, eta erakundearteko lankidetza zabal baten babesa du: Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafar Lansare, France Travail, Cap emploi eta Mission locale.
Aurreko azoken esperientzia
Aurreko edizioan 51 enpresa bildu ziren eta 500 lanpostu baino gehiago eskaini ziren, ekimenaren arrakasta eta baliagarritasuna frogatuz. Guztira, 508 lanpostu hutsei zegozkien 161 lan-eskaintza aurkeztu zituzten. Bigarren edizioaren balorazioak, gainera, formatuaren erabilgarritasuna berretsi zuen: enpresek jardunaldi berean profil profesional ugari ezagutzeko aukera dute, eta, aldi berean, enplegua bilatzen duten pertsonei hainbat enpresarekin zuzenean harremanetan jartzea errazten die, prozesu bereiziak egin beharrik gabe.
Emaitza horiek lehen edizioko datuak hobetu zituzten; hartan 48 enpresak parte hartu zuten eta 182 eskaintza aurkeztu ziren ia 400 lanpostutarako. Hirugarren edizio honek datu horiek finkatu eta mugaz gaindiko lan-eremua sendotu nahi du. Sarrera erabat librea eta doakoa izango da parte hartu nahi duten herritar guztientzat.



