Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloak jakinarazi du gaur, irailak 28, hasiko direla Junkaleko Etxeen barnealdeko plaza berritzeko lanak. Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideen arteko gune hau hobetzeko proiektua Aurrekontu Parte-hartzaileetan irabazle suertatu zen herri-proposamen batetik abiatzen da, eta erabilerraztasuna zein segurtasuna bermatzea du helburu. Lanak 4 Badia Mantentze Zerbitzuak S.L.U. enpresari esleitu zaizkio 226.721,94 euroko aurrekontuarekin, eta gauzatzeko epea hiru hilekoa izango da.
Proiektuaren ardatz nagusietako bat plazako jolastokia handitzea eta hobetzea da, parke izaera nabariagoa emateko. Horretarako, jolas inklusibo berriak instalatuko dira (txirrista bat barne, goiko eta beheko guneak lotzeko), egun daudenak konponduko dira, eta zurezko hesi bat jarriko da perimetro osoan txakurrak sar ez daitezen. Goiko aldeko banku luzea ere txikiago batez ordezkatuko da, espazio libre gehiago sortuz jolas aktiborako.
Horrez gain, hormigoizko paretan zulo bat irekiko da ikusgarritasuna eta ingurunearen integrazioa hobetzeko. Jarduketa honek barne hartzen ditu baita hiri-altzariak, argiteria eta lorategiak berritzea, eta indarrean dagoen araudira egokitutako baranda eta eskudel berriak jartzea. Esku-hartze hau 2022an sinatutako Herritarren Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Itunaren barruan ere kokatzen da, auzo jakinetako puntu beltzak desagerrarazi eta hiri-irudia hobetzeko xedearekin.



