Irungo Udaleko tokiko gobernu-batzarrak Junkaleko etxeen barruko plaza berritzeko lanei buruzko proiektu teknikoa onartu du. Proiektu honi esker, Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideen arteko espazio publiko hori hobetuko da. Jarduketa honekin plazako jolastokia handituko da, parke izaera handiagoa izan dezan. Gainera, oztopo fisikoen bidez, jolas-eremuak eta plaza bera bereziko dira. Lizitazioak ia 250.000 euroko aurrekontua du.
Etxe multzo horretako bizilagunek eskatutako jarduketa da, eta aukera emango du, alde batetik, elementu urbanoak berritzeko, azken berritze-lanetatik bi hamarkada pasatu ondoren aski narriatuta daude eta. Gainera, irisgarritasuna hobetzeko ere balioko du. Bi alderdi horiek lehentasunezkoak dira erabilera partekatuko bizitegitarako eremuetan.Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “erreforma honek aukera emango digu erabilera handiko espazio bat eguneratzeko, non eta auzoko etxebizitza multzo honen bihotzean”.
Alkateak azaldu duenez, “konpromiso bat geneukan inguru honetan bizi direnekin, plazatxo hau hobetzeko, eta obra honekin espazioa eguneratuko dugu eta auzoaren beharren arabera egokituko dugu». Proiektuaren helburua da parkean hauteman diren gabezia guztiei erantzuna ematea, bai eta gaur egun erabilerarekin eta bizikidetzarekin lotuta dauden arazoak konpontzea, jolastokiaren antolaketaren eta eremuaren urbanizazioaren ondoriozkoak. Elementu urbanoak ez dira oso bateragarriak espazioaren erabilera nagusiarekin, egun daukaten banaketa dela eta, eta arazoak daude, gainera, irisgarritasunarekin eta argiztapen faltarekin, segurtasun arazoak baitakartzate.
Aurreikusitako esku-hartzea
Aurreikusitako esku-hartzean zoladurak birgaituko dira, hiri-altzariak eguneratuko dira eta oinezkoentzako ibilbideak hobetuko dira. Gainera, eremu komunak egokituko dira, joan-etorriak errazteko eta espazioaren segurtasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko, irisgarritasun unibertsalari buruzko egungo irizpideen arabera. Junkaleko etxeen barruko plaza birgaituta, eremu guztia hobetuko da, erabiltzaileentzako eremu atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin.



