DJ Aimar ari da dagoeneko bere lekua egiten musika elektronikoaren munduan, etxetik hurbil zein urrunagoko hainbat eszenatokitan ere bere pasioa eta soinua zabalduz. N97 proiektuari esker eta Deep House, Tech House eta House estiloen bidez publikoarekin konexio berezia sortzea lortu du. Elkarrizketa honetan, irundarrak bere ibilbidearen lehen urratsak, saio bakoitza prestatzeko egiten duen etengabeko lana eta eskualdeko musika elektronikoaren egoera aztertzen ditu.
Nola gogoratzen dituzu musika elektronikoan egindako lehen urratsak?
Txikitatik izan dut musikarekiko pasio handia. Horrek musika elektronikoa ezagutzeko aukera eman zidan, eta, pixkanaka, genero honetan sakontzen eta mundu hau deskubritzen joan naiz, gaur egun arte.
Nolakoa izan da N97rekin musika ibilbideari ekitea?
Egia esan, oso bide polita izan da. Duela urte batzuk hasi zen dena, Jota eta Irune ezagutu nituenean. Haiek ateak ireki zizkidaten gustuko dudan horretan aritzeko eta, denborarekin, lehen ezinezkoa iruditzen zitzaidan zerbait eraikitzen joateko. Oso eskertuta nago eman didaten aukeragatik, eta ilusio handia egiten dit proiektu hau barrutik hazten ikusteak.
Zure soinua deep house, tech house eta house estiloen artean definitzen duzu. Nola lortzen duzu zeure nortasuna ematea saio bakoitzean?
Benetan gustuko duzun zerbait egiten duzunean, plazer hutsez egiten duzu, eta ahalegina ere bestelakoa da, hainbeste gustatzen ez zaizkizun gauzekin alderatuta. Etengabe musika berria entzutea asko gustatzen zait, eta beste artista batzuei erreparatzeak asko laguntzen dit, bai belarria lantzeko, bai teknika hobetzeko. Horrela, pixkanaka, gero eta zehatzagoa izaten saiatzen naiz, nire estiloa eta nortasuna saio bakoitzean islatuz.
Irundarra izanda, nola ikusten duzu musika elektronikoaren egoera eskualdean?
Harro nago ikusteaz nola musika elektronikoa, inoiz baino gehiago, merezi duen lekua hartzen ari den hemen, N97k ate pila bat ireki du, lehen ireki ezinak ziren ateak. Guretzat, musika elektronikoa jendea batzen duen kultura da, eta kultura hori zabaltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Baita oraindik aukerarik izan ez duten pertsonei beren talentua erakusteko eta merezi duten lekua aurkitzeko aukera ematea ere.
Nolakoa izan da Gazteria Zerbitzuaren «Konekta Sessions» egitasmoan parte hartzea?
Plazer handia da horrelako ekitaldietan parte hartu ahal izatea, eta beti nago eskertuta horretarako aukera dudanean. Lehen esan dudan bezala, musikarekiko dudan maitasunagatik egiten dut hau, eta horrelako ekitaldien bidez pasio hori erakusteko eta besteekin partekatzeko aukera dut. Gainera, uste dut horrelako plataformak ezinbestekoak direla tokiko talentu gazteari ikusgarritasuna emateko eta artista berriei bidea errazteko.
Eszenatokira igo aurretik, nola prestatzen dituzu zure emanaldiak?
Etengabeko lana da, denbora eta batez ere pasio handia eskatzen duena. Nire kasuan, egunero entzuten dut musika, eta urteak aurrera joan ahala konturatzen zara belarria ere nola doan heltzen eta lehen oharkabean pasatzen zitzaizkizun xehetasunei gero eta arreta handiagoa jartzen diezula.
Horrez gain, etxean ere praktikatzen dut deskubritzen dudan musika guztiarekin. Ekitaldi bat hurbiltzen denean, joko dudan ordutegian eta espazioan jartzen dut fokua, hautaketa ahalik eta egokiena izan dadin. Helburua ez da musika jartzea bakarrik; saio bakoitzak zerbait transmititzea, sentsazioak sortzea eta publikoarekin konektatzea bilatzen dut.
“Harro nago ikusteaz nola musika elektronikoa, inoiz baino gehiago, merezi duen lekua hartzen ari den hemen, N97k ate pila bat ireki du, lehen ireki ezinak ziren ateak”
Azaroaren 7an, CBAko Irun Zuzenean aretoan arituko zara Juicy Bae nazioarteko artistaren ondoan. Zer sentitzen duzu aukera horren aurrean?
Beti da pozgarria horrelako ekitaldietan parte hartzea. Niretzat aukera handia da, eta motibazio gehigarria ere bai, DJ gisa hazten jarraitzeko, publikoarekin konektatzeko eta musikaren bidez nire esentzia transmititzeko.
Zure aldetik, musika elektronikoaren zein aldaera erabiliko dituzu gau horretako giro berezia sortzeko?
Nire asmoa saio dinamiko bat sortzea da, musika elektronikoaren barruko estilo eta soinu desberdinekin jolastuz. Une bakoitzean dagoen giroaren eta publikoaren energiaren arabera egokitu nahi dut saioa, energia hori irakurriz eta musikaren bidez harekin konektatuz.
Etxean, Irunen, eta horrelako kartel indartsu batean parte hartzeak presioa ala motibazio gehigarria sortzen dizu?
Motibazio gehigarri gisa bizi dut, nahiz eta ekitaldi bakoitzaren aurretik sentitzen dudana antzekoa izan: nire onena emateko eta esperientziaz gozatzeko gogo handia. Gainera, etxean aritzeak, Irunen, beti du zerbait berezia. Ilusio handia egiten dit nire herrian horrelako ekitaldi batean parte hartu ahal izateak.
Azkenaldian esperientzia handiak pilatzen ari zara musika elektronikoa ezagutarazteko. Zein izan da orain arte oholtza gainean bizitako unerik bereziena?
Oso pozik nago orain arte parte hartu dudan ekitaldi guztietan aritzeko aukera izan dudalako. Hala ere, aurtengo uztailean Zumaian egin zen Dantz Point esperientzia ikaragarria izan zen. Oso data berezia izan zen, bai sortu zen giroagatik, bai bertan bizitako guztiagatik ere. Bereziki gogoratzen dudan ekitaldietako bat da, eta oroitzapen polit gisa gordeko dut beti.
“Helburua ez da musika jartzea bakarrik; saio bakoitzak zerbait transmititzea, sentsazioak sortzea eta publikoarekin konektatzea bilatzen dut”
Gaur egun, DJ saioez gain, ba al duzu epe laburrean zure musika propioa ekoizteko edo diskoetxe batekin lan egiteko asmorik?
Bai, noski! Epe laburrean esploratu nahiko nukeen zerbait da. Musika ekoizpenaren munduan murgiltzeko, ikasteko eta nire soinu propioa aurkitzeko gogo handia dut. Uste dut nire musika sortzeak modu pertsonalagoan adierazteko aukera emango lidakeela, nire ikuspegi musikala transmititzeko eta DJ gisa lantzen ari naizen proiektua beste maila batera eramateko.
Nora iritsi nahiko luke Aimar DJak hemendik hamar urtera?
Galdera zaila da hori! Egia esan, musika egunez egun bizi dut, eta ez zait gehiegi gustatzen hamar urte barru zer gertatuko den pentsatzen aritzea. Nahiago dut bideaz gozatu, ikasten jarraitu eta sortzen diren aukera guztiak aprobetxatu. Jakina, gustatuko litzaidake musikak nire bizitzako parte izaten jarraitzea, DJ gisa hazten jarraitzea, leku berrietara iristea eta musikaren bidez gero eta jende gehiagorekin konektatzea. Azken batean, nire ametsik handiena gustuko dudana egiten jarraitu ahal izatea da, denborarekin eboluzionatzea eta musikak noraino eramaten nauen ikustea.



