Be Veggie Euskadiko jaialdi beganoak ateak irekiko ditu asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokan, urriaren 31n (larunbata) eta azaroaren 1ean (igandea). Ohiko abenduko zubitik data aurreratu dute aurten, azaroaren 1eko Beganismoaren Munduko Egunarekin bat egiteko helburuarekin. Sarrera doakoa izango da, txakurrekin sartzeko aukera egongo da eta bi egunetan % 100 begetalak diren proposamenak, 60 enpresa erakusketari inguru zein 30 jarduera programatu baino gehiago eskainiko zaizkie bisitariei.
Cristina Laborda Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidenteak azpimarratu duenez, “Ficoba aktibo estrategikoa da Irunentzat, bisitariak erakartzeko, jarduera sortzeko eta gure hiria ezagutzera emateko gaitasuna duelako”, eta herritarrak animatu ditu asteburuan azoka-esparrura hurbildu eta bizi-ohitura jasangarriak ezagutzera.
Berritasunak eta jarduera ezagunak
Edizio honek berritasun deigarriak ekarriko ditu Ficobara, besteak beste Ardor Fest – Gipuzkoako pikantearen lehiaketa (Meraki Gourmeten eskutik) eta lehen pasaporte beganoa, parte-hartzaileei bost erronka gainditzeko gonbita egingo diena oroigarri ofizial bat lortzeko.
Horrez gain, Berriketan gunean nutrizio, kirol, filosofia eta arte arloko adituek hitzaldiak eskainiko dituzte, eta Sukaldean espazioan sasoiko produktuekin egindako errezeta zein showcooking saioak gidatuko dituzte sukaldariek. Eskaintza osatzeko, Aiora Blancok barre klaseak emango ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren GK Green Fashion eremuan moda jasangarriko tailerrak egingo dira, Ekoetxea Txingudik lurzoruaren bizitzari buruzko dinamikak aurkeztuko ditu, Juncal Alfonsok ‘Marrazkimatoia’ azkarra jarriko du martxan eta zuzeneko musika-emanaldiak egongo dira bi egunetan.
Ficobako ateak larunbatean 10:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik, eta igandean 10:00etatik 18:00etara. Jarduera batzuetan parte hartzeko aldez aurretik lekua gorde behar denez edukiera mugatua dela eta, doako sarrerak zein tailerretako izen-emateak azokaren webgunean daude eskuragarri.



