Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, babes osoa eman diote Indarkeria Matxistaren aurkako Elkartasunezko Mugaz Gaindiko Triatloiari. Ekimenak hiru hiriak lotuko ditu datorren azaroaren 22an, berdintasuna, belaunaldien arteko bizikidetza eta indarkeriaren arbuio kolektiboa aldarrikatzeko. Proiektua Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du, Emeki eta Hendaia Uretan elkarteekin lankidetzan, eta Partzuergoaren dirulaguntza jaso du HIRUAK BAT funtsen esparruan.
Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintza honek «Egindako urrats, pedalkada eta metro bakoitza indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa da» leloa eramango du kalera. Nuria Alzaga Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak nabarmendu duenez, ekimenak hiru hiriak konpromiso partekatu baten inguruan biltzen ditu, kirola parte hartzeko eta elkartasuna hedatzeko tresna eraginkor bihurtuz.
Proba hiru modalitatetan banatuko da eta taldeko erreleboen bidez gauzatuko da, parte-hartzaileen arteko babesa, konfiantza eta elkartasuna irudikatuz. Lehenengo zatia bi kilometro inguruko uretako ibilaldia izango da Hendaiako hondartzan. Emakume guztiek tarte hori burutu ostean, txirrindulariak batera abiatuko dira eta 15 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute Irungo Zabaltza plazaraino. Bertatik hasiko da azken erreleboa: 5,5 kilometro inguruko oinezko lasterketa Hondarribiraino; helmugan amaierako ekitaldi kolektiboa egingo dute parte-hartzaileei aitortza egiteko. Emakume bakoitzak diziplina bakarrean eman ahal izango du izena, eta modalitate bakoitzean 100 lagun inguru aritzea aurreikusten da (adingabeek legezko ordezkariaren baimena beharko dute). Partzuergoko kide diren Estitxu Urtizbereak eta Itziar Aizpuruk azpimarratu dute errelebo bakoitzak elkarri eskaintzen zaion sostengua eta mugaren bi aldeetan sareak ehuntzearen garrantzia islatzen dituela.
Kirol- eta aldarrikapen-izaeraz gain, jardunaldiak helburu solidario zuzena izango du. Elkartasunezko izen-emateen, kamiseten salmentaren, dohaintzen eta erakundeen ekarpenen bidez lortutako etekin guztiak Irungo Bizibidean eta Hendaiako Baguera elkarteei bideratuko zaizkie osorik. Bi elkarte hauek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta, laguntza eta babesa eskaintzen diete egunerokoan. Diru-bilketaz haratago, egitasmoak elkarte horien funtsezko lana ikusarazi eta gizarte osoa emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko prebentzioan inplikatzea bilatzen du.



