Gaur aurkeztu dute Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren hamabigarren edizioa, literaturaren bidez indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko, berdintasuna aldarrikatzeko eta Asun Casasolak urteotan erakutsitako indarra zein konpromisoa omentzeko helburuarekin. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute gazteen parte-hartzea sustatzeko nahia, eta ikastetxeei dei egin diete proposamena ikasgeletara eraman dezaten, ikasleekin gai horiez hitz egiteko eta idazteko tartea hartzeko. Lehiaketan parte hartzeko epea datorren azaroaren 25ean irekiko da eta 2027ko otsailaren 7ra arte egongo da zabalik.
Aurten, egunerokotasunean oharkabean pasatzen diren eta normalizatu egin diren jokabideetan jarri nahi dute arreta antolatzaileek, «Ikusezina ere badago» lelopean. Besteak beste, bikotearen kontrola maitasunarekin nahastea, txiste matxistei barre egiteko presioa, emakumeen gorputzaren gaineko etengabeko epaiketa edota zaintza-lanen banaketa desorekatua azaleratu nahi dituzte. Idazteko ideiak eskaintzeko eta indarkeria matxistaren iceberg osoa irudikatzeko, hamar gai zehatz bildu dituzte webgunean: genero-rolak, eguneroko matxismoa, presio estetikoa, indarkeria digitala, bikote-harremanetako kontrola, baimena, maskulinitateak, gurutzatzen diren diskriminazioak, espazioen erabilera eta zaintzak.
Ipuinak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu daitezke, bakarka nahiz taldean, eta gehienez orrialde bateko luzera izan beharko dute. Urtero legez, lau kategoria egongo dira, hizkuntzaren eta adinaren arabera banatuta: gazteen mailako irabazle bakoitzak 100 euro eta 50 euroko liburu-sorta jasoko ditu, eta helduen mailako irabazleek, berriz, 300 euro. Sari-banaketa ekitaldia 2027ko martxoaren 8aren baitan egingo da.
Bestelako ekitaldiak
Lehiaketaz gain, datozen egunetarako beste bi hitzordu ere iragarri dituzte aurkezpenean. Alde batetik, astelehen honetan, azaroak 23, Lupe Calvok “Por Todas” liburua aurkeztuko du 18:00etan Palmera Montero gunean —Asun Casasolaren bizitza eta indarkeria matxistaren aurkako borroka jasotzen dituen lana—, eta solasaldian Calvok berak, Asun Casasolak eta Marualui Garciak hartuko dute parte. Bestetik, azaroaren 25ean, lehiaketako aurreko edizioetako ipuinen irakurketa dramatizatua egingo dute Argoiak elkartearen egoitzan, Argoiakek eta Txingudiko Elkarte Feministak elkarlanean antolatuta eta Patxi Pérezen zuzendaritzapean.



