Thibaud Marchand eta Zoka Negarren filmak irabazi du FICABeko Sari Nagusia

Irungo Amaia KZk hartu zuen larunbat arratsaldean, azaroak 21, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) XXVI. edizioari amaiera eman zion itxiera-gala eta sari-banaketa ekitaldia. Irungo hitzordu kultural berezienetako bat eta zinemaren bidez ondare arkeologikoa zabaltzeko erreferente bilakatu den jaialdiaren amaieran Cristina Laborda Irungo alkatea eta Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkaria izan ziren sariak banatzen.

Labordak nabarmendu zuenez, FICAB Irun hiri berezi egiten duten proiektuetako bat da: «26 urte daramatza zinemaren bidez gure historiara eta beste zibilizazio batzuetara hurbiltzen, eta gure mugetatik haratago erreferente kultural bihurtzea lortu du. Edizio bakoitzaren atzean lan, ilusio eta kulturarekiko konpromiso handia dago. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet jaialdi hau posible egiten duten pertsona guztiei, antolakuntzatik hasi eta urtero aretoak betetzen dituztenetaraino».

Sarituen zerrendari dagokionez, Thibaud Marchandek eta Zoka Negarrek zuzendutako À la recherche de l’ecriture oubliée filmak irabazi zuen Epaimahaiaren Sari Nagusia, 2.000 eurokoa. Beste bi lan ere nabarmendu ziren palmaresaren banaketan: alde batetik, José Antonio Moya Montoyak zuzendutako Arqueomallornauta pelikulak bi sari jaso zituen, Dibulgazio Zientifikoaren Arkeolan Saria eta Hezkuntza Sailaren Saria (750 euro); bestetik, Claire Perdrixen Mémoires Enfouies ekoizpenak hiru aitortza bildu zituen, Genero Ikuspegia Sustatzeko EITB Saria (1.000 euro), ikusleen puntuazio altuena lortuta eskuratutako Publikoaren Sari Berezia (1.000 euro) eta epaimahaiaren aipamen berezia. Hogeita seigarren edizio honetako epaimahaia Lourdes Herrastik gidatu du, Beatriz Agramonte Ochoa, Valentina Porcheddu, Giorgio Studer eta Mertxe Urteaga epaimahaikideekin batera.

Sari-banaketaren ostean, En busca del fuego filmaren proiekzioak eman zion amaiera zinemaldiari, aurten ere Bizinema taldeak dinamizatutako ekitaldi batean. Horrela, beste urtebetez, FICABek adin guztietako publikoei arkeologia, historia eta ondarea zinemaren bitartez hurbiltzeko apustua berretsi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude