Sei asteko egitarauari amaiera emango dio Irunek Euskararen Egunaren astean

Irun Euskararen Nazioarteko Egunaren astean sartuko da datorren astean, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Egin klik euskarari! lelopean antolatutako jarduera-sortarekin. Bigarren urtez jarraian, programazioa hainbat astetan zehar luzatu da: urriaren 30ean abiatu zen, eta ordutik haurrentzako ikuskizunak, musika-emanaldiak, Irunen Kantuz II eta Euskal Herriko XI. Hitz Gurutzatuen Txapelketa egin dituzte, besteak beste. Datorren astetik aurrera, egitarauak azken txanpari ekingo dio hainbat kultur eta parte-hartze proposamenekin, abenduaren 9ra arte, euskararen erabilera urteko 365 egunetan sustatzeko helburuarekin.

Datorren asteko hitzorduak asteartean, abenduak 1, hasiko dira, bi proposamenekin: batetik, 19:00etan Euskara eta natura hitzaldia egingo dute Palmera Montero Gunean; eta bestetik, egun berean, Beatriz Egizabalek Gregoria bakarrizketa eskainiko du CBA liburutegian, bertako lantaldeak antolatuta (bi saioetarako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte). Hurrengo egunean, asteazkena, abenduak 2, 18:00etan, 2025eko Jose Antonio Loidi bekaren lan irabazlea aurkeztuko du Beñat Muguruzak CBA liburutegian, Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936) izenburupean.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, bi jarduera berezi izango dira. Goizeko 11:00etan ihes-gela bat egingo dute Oiasso Museoan, euskaltegietako ikasleei eta Mintzalagun taldeei zuzenduta. Arratsaldean, berriz, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroak Adiorik ez antzerki-emanaldi irisgarria hartuko du, dolua, ondo hiltzea eta bizitzaren azken etapan laguntzea ardatz dituen obra. Egun horretan Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ere ospatzen denez, Udalak euskara eta inklusioa uztartu ditu saio honetan, audiodeskribapena, entzumen-egokitzapena eta gaintituluak eskainiz. Gonbidapenak doakoak dira, eta udalaren webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan zein Amaia KZko leihatilan eskura daitezke; egokitzapen teknikoak behar dituztenek, halaber, aldez aurretik jakinarazi beharko dute 943 505 272 telefono-zenbakira deituta edo posta elektronikoz idatzita.

Azkenik, programazioa abenduaren 6an —08:30ean txistularien dianarekin eta 12:00etan muxiko saioarekin hiriko hainbat gunetan— eta abenduaren 9an —19:00etan Amaia KZko hitzaldi-aretoan egingo den Mintzo zen film laburraren proiekzioarekin eta Aitor Aranaren solasaldiarekin— borobilduko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude