Aita Mari erreskate ontzia Itsas Salbamendu Humanitarioa boluntario elkarteak kudeatutako erreskate ontzia da. Atun ontzi izandakoa, txatartegian amaitzetik libratu eta gaur egun bizitzak salbatzea da bere egiteko nagusia. Dagoeneko 1.500 pertsona baino gehiago dira Aita Marik Mediterraneo itsasoaren hondoko atzaparretatik salbatutakoak. Eginkizun horretan, itsasontziarekin batera itsasora abiatzen diren pertsonak dira benetan barkuaren motorra. Edu Thiam eta Eva Aranguren, Bidasoa ibaitik aldendu eta Aita Mariren azken misioaren parte izan dira.

2017an hasi zen Aita Mariren proiektua boluntarioen, elkarteen eta erakunde eta partikularren lanari esker, Mediterraneoan itotzen ari ziren pertsonen bizitzak salbatzeko. Edu Thiam Aita Mariko zubi marinela eta soroslea eta Eva Aranguren sorosleak dira eta itsasontziaren 16. misioaren parte izan dira. Eduk esperientzia zabala du, izan ere, Aita Marik orain arte egindako 16 misioetatik 14tan parte hartu du. Jatorriz Senegaldarra den zubi marinelak azaldu duenez, Espainiara iritsi zenean, arrantza-ontzi batean lan egin nahi zuen, baina ikasketak amaitzerakoan flota guztia beterik zegoen. Paseatzera atera eta Aita Mari ontziarekin topo egin zuen: “Bertan zer egiten zuten galdetu nuen eta dena azaldu zidaten”, adierazi du Eduk. Azaldutakoa gustatu zitzaion eta, azkenean, tripulazioa osatzeko onartu zuten.
“Abiatu aurreko ikuskapen guztiak egin gabe, ez dute itsasontzia ateratzen uzten”
Edu Thiam, Aita Mari ontziko zubi-marinela
Eva Arangurenentzat berriz, ontziaren 16. misioa berarentzat estreinakoa izan da. Arangurenek urte asko daramatza muga, migrazio eta giza eskubideen inguruan lanean. “Denbora bat neraman erreskate ontzi batera joan nahian, baina orain arte ez dut aukerarik izan”. Edurekin hitz egin eta sorosle egitea erabaki zuen Evak. “Esperientzia hau bizi nahi nuen migratzaileen etorrera nola gertatzen den bertatik bertara ikusi nahi nuelako”, adierazi du Eva Arangurenek. Izan ere, erreskatatuak izan osteko atala aski ongi ezagutzen du orain arteko boluntario lanari esker.
Itsasora abiatu aurretik
Itsasora misio berri baterako atera aurretik, asko dira lurrean lotu beharrekoak. Batetik, izapideekin loturiko zereginak eta, bestetik, erreskateen prestaketarekin zerikusia dutenak. Hala azaldu du Edu Thiamek: “Abiatu aurretik beti entrenamenduak egiten ditugu, tarteka boluntarioen aldaketak edo boluntario berriak izaten baitira, eta oso garrantzitsua da bakoitzak ondo jakitea zer egin behar duen”. Horrela, erreskateetarako protokoloak eguneratuak dituztela ziurtatzen dute. Eva Arangurenek bere lehen misioan ikusi ahal izan du zenbat gauza prestatu behar diren: “Oso lan astuna da, gauza asko izan behar direlako kontuan”. Edu Thiamek gaineratu duenez, “abiatu aurreko ikuskapen guztiak egin gabe, ez dute itsasontzia ateratzen uzten”.
“Esperientzia hau bizi nahi nuen migratzaileen etorrera nola gertatzen den bertatik bertara ikusi nahi nuelako”
Eva Aranguren, Aita Mari ontziko soroslea
Itsasora abiatu aurretik misioan zehar bakoitzaren egitekoa zein izango den zehazten da. Edu Thiamek aipatu duenez, “garrantzitsuena da gure artean koordinazio ona izatea”. Esaterako, erreskateak egiteko unean agerian geratzen da hori. Izan ere, Aita Marik bi erreskate ontzi ditu, Neska eta Donostia izenekoak eta erreskatearen zailtasun mailaren arabera, banaka edo batera abiatzen dira uretara. Edu Thiamek azaldu duenez “biak batera ateratzen diren kasuetan, itsasontzian laguntzeko eskuak falta dira, beraz, koordinazioa ezinbestekoa da horrelakoetan”.
Itsasoaren argi-ilunak
Aita Mariren misio bakoitza ezberdina dela esan beharrik ez dago. Guztietan, ordea, gauza bera errepikatzen da: itsasoan aurkituko duten egoeraren ziurgabetasuna. Edu Thiamen hitzetan, “misio batzuetan segituan iritsi eta erreskateak egiten dituzu, eta beste batzuetan aldiz, denbora gehiagoz ibili behar zara bila”. Erreskate posibleak identifikatzen laguntzeko aireko laguntza jasotzen dute, GKEetako hegazkinen zaintza lanei esker. Adibidez, Eduren 14. misioa izan den azken honetan, zerbait guztiz ezohikoa gertatu zaie: Menorca inguruan paterak aurkitu dituzte. Eva Arangurenek adierazi du azken adibide honek itsasoak ezkutatzen duen ziurgabetasuna ondo adierazten duela. Kasu honetan, inguruan 5 ontzi galdurik zebiltzanaren abisua zuten eta badaezpada erne eta adi jartzea erabaki zuten. “Inoiz ez dakizu noiz ikusiko duzun bat-batean itsasoaren erdian puntutxo txiki bat, tarteka agertu eta desagertzen dena”. Arangurenek azaldu duenez, ikusi zituzten bost ontzietatik hiru erreskatatuak zeuden jada, eta beraz, Aita Marikoek beste biak erreskatatu zituzten.
Azken misioan zorte handia izan dutela adierazi dute Eva eta Eduk. “Itsasoa oso lasai genuen eta gainera, erreskatatutako pertsonak oso jatorrak izan dira”, aipatu du Evak. Txalupan bi senegaldar zeuden, Edurekin hizkuntza partekatzen zutenak eta komunikazio lanak asko erraztu ditu horrek. Dena den, erreskatatutako pertsonak egarriak jota zeuden eta ur eske hasi zitzaizkien ikusi bezain laster. Gainera, txalupako pertsonen artean, haurtxo txiki bat ere bazihoan, eta Edu Thiamek adierazi duenez, “irudi horiek dira benetan hunkitzen zaituztenak”.
“Erreskatea aurretik koordinatu gabe egiten baduzu, dena korapilatu egiten da eta luzaroan utz zaitzakete hor”
Edu Thiam, Aita Mari ontziko zubi-marinela
Erreskatea egiteko, behin patera atzemanda, egin beharreko hurrengo urratsak ere oso garrantzitsuak dira. Barkuko kapitaina Italiarekin harremanetan jarri behar da erreskatea egin daitekeela ikusi bezain laster. Edu Thiamek informazioa lehenbailehen bidaltzearen garrantzia azaldu du, lehen berarentzat ulertezina zena: “erreskatea aurretik koordinatu gabe egiten baduzu, dena korapilatu egiten da eta luzaroan utz zaitzakete hor”. Italiarekin partekatu beharreko informazioa lortzeko Eva bezalako nabigatzaileek paper garrantzitsua dute, kapitainaren begiak izan behar baitira, erreskatatu beharreko ontziko egoera zein den uler dezan. “Aita Mari ainguratuta geratzen den bitartean, erreskate txaluparekin gerturatu eta informazio argi eta zehatza partekatzea da gure zeregina” azaldu du Eva Arangurenek.
Ezbaian amaierara arte
Erreskatearekin ordea, misioa ez da guztiz amaitzen, portua esleitu eta bertan lehorreratu arte. Edu Thiamen hitzetan, lehen denbora gehiago behar izaten zuten portua lortu arte, astebete inguru. Orain esleipena azkarragoa bada ere, urrutiago dauden portuetara bidaltzen dituzte, bidaien luzapena dakarrelarik horrek. Hori dela eta, bidaia luzeagoek Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat gastuen igoera eragiten dute eta ondorioz, asko dira, itsasontzi handiak txikiengatik aldatzen ari direnak, erreskateak “errentagarriagoak” izan daitezen. Eva Arangurenek berriz, erreskatatuak ahal bezain beste informatuta edukitzen saiatzen direla adierazi du, segituan hasten baitira nora doazen galdezka. “Portura iristerakoan zer aurkituko duten eta nork jasoko dituen azaltzen diegu pixkanaka, askotan errealak ez diren beste itxaropen batzuekin datozelako”, adierazi du Arangurenek. “Argi dagoena da ziurgabetasuna askoz okerragoa dela haientzat guretzat baino”, erantsi du Aita Mariko sorosleak.
Edu Thiamek azaldu duenez, misio bakoitzak 2 hilabete inguruko iraupena izan ohi du, lehen hilabetea prestaketa lanetan igarotzen baitute. Hala ere, misioa abiatzeko portuaren arabera iraupena ere asko aldatzen dela azaldu du zubi-marinelak. “Batzuetan, itsasontzia Euskadira itzultzen da, eta, beraz, denbora gehiago behar izaten da erreskategunera iristeko; besteetan ordea, ontzia Valentzian geratzen da eta bertatik 4 egun besterik ez dira behar SAR gunera iristeko. Thiamek aipatu duenez, itsasoa oso mugitua dagoenean, babesleku bat bilatzen saiatzen dira lasai eta seguruago egoteko, hegazkin kolaboratzaileen abisua jaso arte.
“Argi dagoena da ziurgabetasuna askoz okerragoa dela haientzat guretzat baino”
Eva Aranguren, Aita Mari ontziko soroslea

SAR eremuan sartzean egoera aldatzen da. Bertan libiarrek atzematen dituzten paterak atzera botatzen dituzte eta. Edu Thiamek adierazi duenez, oso frustragarria da ikustea haiek gu baino lehenago iritsi direla eta bueltan eramaten dituztela: “oso gaizki hartzen duzu, etorkizun hobe bat bilatzeagatik diru asko ordaindu duen jendea dela dakizulako”. Beraz, behin erreskatea eginda, lurrarekin gardentasun osoz komunikatzeko unea da.
Migraziorako bide segururik gabe
Bizitzak salbatzeak ere bere arriskuak ditu, Eva Arangurenek azaldu duenez, akats txikiak garesti ordaindu daitezkeelako. Arangurenek azaldu duenez, “erreskate bat egin duzula edo gertatzen ari dena ondo azaltzeko gai ez bazara, pertsonen trafikoa leporatu diezazukete eta horrek espetxe zigorra dakar”. Beraz, gaizki egindakoak isuna edo itsasontziarentzako zigorra baino gehiago eragin dezake. “Irregulartasun bat egiten ari den pertsona bat bezala markatzen zaituzte, jendea laguntzeko asmoz ari zarenean, eta horrek ez luke horrela izan behar”.
“Legez iristerik izan ez banu, pateran etorriko nintzen, ziur nago”
Edu Thiam, Aita Mari ontziko zubi-marinela
Egoera horrek guztiak agerian uzten du berriro jada jakina dena: oraindik ez dagoela bide seguru eta legalik Europako migrazio politikaren barruan eta ondorioz, jendea itsasoan itotzen ari dela, bizitza duin bat aurkitzeko ametsetan. “Zerbait gertatu behar da zure herrialdean bertan bizitzen jarraitzea ezinezkoa izan dadin”, azaldu du Eva Arangurenek. Edu Thiam bat dator Evarekin eta erantsi du pertsona hauek ez dutela migrazio bide hau arinkeriaz hautatzen, bizitza jokoan dutela jakin badakitelako eta: “arrazoi bat edo bestea dela medio, beren jatorriko herrialdetik ateratzeko beharrean aurkitzen dira, bestelako aukerarik gabe”. Beraz, Aita Mariko kideak bat datoz migrazio politikak jendea hiltzen ari direla adieraztekoan.
Bidasoa, muga bat gehiago
Mediterraneo itsasoa ez dago etxetik iruditu dezakeen bezain urrun. Izan ere, Bidasoa ibaia eta bere ertzak askorentzat migrazio bidaia arriskutsu horren parte baitira. Arangurenek azaldu duenez, horregatik sortu zuten Harrera Sarea 2018an Irunen, erakundeak egiten ari ez ziren lana egiteko eta hirira iristen ari ziren pertsonei beharrezko baliabideak emateko. “Instituzioek dagokien ardura hartuko balute eta beharrezko baliabideak jarriko balituzkete ez litzateke erreskate ontzirik edo GKErik beharko”, adierazi du Eva Arangurenek.
Beste aldera begiratzerik ez

16. misioa amaituta, Aita Mariko taldeakburuan du jada 17. itsasoratzea. Edu eta Evari, hurrengoetan parte hartzeko asmorik ba ote duten galdetuta, Thiamek zera adierazi du: “adrenalina eta pozoi nahasketa bat da, beti itzularazten zaituena”. Askotan beste lan bat bilatzea pentsatu duela adierazi du senegaldarrak, baina ontziratzeko WhatsApp-a jaso bezain laster gauzak prestatzen hasten dela aitortu du.“Oso zaila da zerbait uztea bihotzean daramazun zerbait denean, batez ere, tartean sufritzen ari den jendea baldin badago”, azaldu du Edu Thiamek. Berak Iruneraino legearen barruan iristeko zortea izan zuela onartzen du. “Legez iristerik izan ez banu, pateran etorriko nintzen, ziur nago”, gaineratu du Thiamek. Beraz, honetan jarraitzeko arrazoi aski dituela hausnartu ostean, Edu Thiamek Aita Marirekin gutxienez misio bat edo bi gehiago behintzat geratzen zaizkiola uste du.
“Instituzioek dagokien ardura hartuko balute eta beharrezko baliabideak jarriko balituzkete ez litzateke erreskate ontzirik edo GKErik beharko”
Eva Aranguren, Aita Mari ontziko soroslea
Evak aldiz, Aita Marin bere lehen misioa egin ostean, etorkizuna ez du hain argi. “Irungo sarearen parte izatea errazagoa da, bertan bizita, etxean egonda lagundu dezakezulako”, azaldu du Arangurenek. Itsasora joateak berriz, bestelako ahalegina eskatzen du, bi hilabete behar baitira eta hori bizitzako beste zereginekin uztartzea ez da hain erraza. “Sakonago pentsatu nahi dudan zerbait da, esperientzia gustatu zaidalako eta itsasora itzultzea gustatuko litzaidakeelako, kontua da ea nola egin dezakedan”. Hortaz, erreskate ontziko bi kideek onartzen dute krisi honek bere alde ilunak izan arren, Aita Mariri esker itsasoan esperantzaren argia pizturik egongo dela, injustizia honen aurka egiteko prest dagoen jendeak indarrak batu bitartean.