Alicia Alonso, idazlea:  “Besteek liburu bat idatzi badute, nik ere gauza bera egin nezakeela pentsatu nuen”

Argazkia: Estudio Gover

Alicia Alonso irundarrak, 13 urte dituela, bere lehen liburua kaleratu berri du. “Guardianes de Eilën 1: El amuleto de Anháläh” izenburuarekin 11 urterekin idazten hasi zen istorioa kaleratu du eta jada prest ditu sagari jarraipena emango dioten beste bi liburu ere. Idazle gazte irundarrak azaldu du, inoiz idazketa edo marrazketa eskolarik jaso ez duen arren, istorioaz gain, liburuan agertzen diren marrazkiak ere berak eginak direla.

Nola sortu zitzaizun idazketarekiko grina?

Niri txikitatik asko gustatu izan zait istorioak idaztea, bai komiki formatuan edo ipuin labur bezala. Orain dela bi urte Zabaltza plazan egindako zientzia fikzioko irakurle eta idazleen topaketan parte hartu nuen. Egun guztia han eman genuen eta bertan ezagutu nuena asko gustatu zitzaidan. Horrela, besteek liburu bat idatzi badute, nik ere gauza bera egin nezakeela pentsatu nuen. Beraz, etxera iristerakoan nire liburua idazten hasi nintzen. Izan ere, beste idazleen esperientzia ezagutzeak asko motibatu ninduen idazten hasteko.

Liburu bat argitaratzea ez da erraza eta are gutxiago 13 urterekin. Nola lortu duzu?

Liburua idazten hasi nintzen hobby bat bezala. Nire gurasoek nik idatzitakoa irakurri zutenean esan zidaten oso ondo zegoela eta benetako liburu bat izan zitekeela. Beraz, liburua idazten amaitu nuenean argitaletxe batera bidali zuten eta segituan baiezkoa eman ziguten, hau da, liburua ondo zegoela eta argitaratzeko moduan ikusten zutela.

Liburuaren lehen aurkezpena martxoan Donostiako Elkar liburu dendan egin zen. Nola bizi izan zenuen ekitaldia?

Aurkezpenera iristerakoan oso urduri jarri nintzen, horrelako zerbaitetan parte hartzen nuen lehen aldia zelako eta ez nekielako zehazki zer egin edo esan beharko nuen. Behin aurkezpena hasi zenean asko lasaitu nintzen, eta beraz, une horretatik aurrera ilusio handiz bizi izan nuen dena.

Argitaratu berri duzuna zure lehen liburua da: “Guardianes de Eilën 1: El amuleto de Anháläh“. Zer kontatzen da bertan?

Amuleto baten inguruko istorioa da, desirak betetzeko ahalmena duena. Istorio honetan gaizto batek amuletoa lortu nahiko du mundua konkistatu ahal izateko. Bada, protagonistak eta bere lagunek gaiztoak baino lehenago amuletoa lortu beharko dute hori suntsitzeko.

Sagako lehen liburua bada ere, ez da honezkero idatzita duzun bakarra, ezta?

Bai, hori da. Lehen liburua 11 urterekin idazten hasi nintzen eta 5 hilabete behar izan nituen hura idazteko. Ondoren idatzi ditudan liburuentzako ere ia denbora berdina behar izan dut. Idatzi dudan bigarren liburua maketatzen ari dira orain, beraz, behin hori amaituta, errebisatu beharko dugu, baina ziurrenik hilabete barru argitaratuko da, udaberrian, “Guardianes de Eilën 2: la marca de Elõrien” izenburuarekin. Hirugarrena, “Guardianes de Eilën 3: Las Cuatro Puertas de la Vida”, berriz, udazkenean kaleratuko dela uste dugu.

“Beste idazleen esperientzia ezagutzeak asko motibatu ninduen idazten hasteko”

Behin liburu hauek argitaratuta, sagari jarraipena emateko asmorik duzu?

Nire asmoa da saga honen barruko liburuak argitaratzen jarraitzea, behintzat ideiarik gabe geratzen naizen arte.

Horretaz gain, jada bigarren saga bat idazten hasi zara: Mark Reality. Zer istorio kontatzen da honetan?

Beste liburu honetan 16 urteko mutil bat da protagonista eta mundu apur bat desberdin baten bizi da. Bertan superbotereak dituzten pertsonak daude, eta beraz, superbotererik ez dutenek horiek hil nahi dituzte. Ondorioz, enpresa bat pertsona horiek hiltzeko zerbait sortzen ari da, eta orduan liburuko protagonistak hori saihestu beharko du.

Liburuak idazteaz gainera, bertan ageri diren marrazkiak ere zuk eginak dira.

Bai, behin liburua edo istorioa idatzi ondoren egin ditut. Adibidez, lehen liburuaren azalean ageri den marrazkia nik egin dut eta argitaletxeak hondoa jarri dio. Gainera, liburuaren barneko orrialdeetan 15 marrazki gehiago daude eta nik eginak dira horiek ere.

“Nire asmoa da saga honen barruko liburuak argitaratzen jarraitzea, behintzat ideiarik gabe geratzen naizen arte”

Idazle izateaz gain, irakurzalea ere bazara. Zeintzuk dira zure ereduak?

Niri asko gustatzen zaizkit Amanda Black-en liburuak. Horretaz gain, Harry Potterrenak ere oso atsegin ditut.

Nola antolatzen zara idazteko?

Liburu berri bat idazten hasi baino lehen, pentsatzen dudan lehenengo gauza sinopsia da. Ondoren, laburpena zein izango den argi dudanean, liburuan kontatuko den istorioaren parte izango diren agertoki eta gertaerak banan-banan pentsatzen hasten naiz. Beraz, idazten noan heinean ideia guzti horiek lotzen noa, liburua osatu arte.

Gainera, saskibaloian jokatzeko eta biolina jotzeko denbora ere baduzu.

Etxera, musika eskoletatik edo saskibaloi entrenamenduetatik itzultzen naizenean, etxeko lanik ez dudanean, ordenagailuan idazten jartzeko aprobetxatzen dut.

Hainbeste istorio idatzi ostean, ez al zaizkizu ideiak agortzen?

Ez, egia esan, beti daukat idazten jarraitzeko ideiaren bat. Halakorik gertatzen bazait, itxoin egiten dut eta beste libururen bat irakurriz inspiratu egiten naiz eta ideia berriak bururatu arte zain egoten naiz.

Liburu bat argitaratu duzula jakin dutenean, zer esan dizute zure lagunek?

Liburua idatzi eta argitaratu behar nuela kontatu nienean denak asko harritu ziren, baina irakurtzeko gogoz daudela esan didate.

Gaztea izan arren, jada idazlea bazara. Etorkizunean, heldua zarenean, idazle izaten jarraitu nahiko zenuke?

Bai, aurrerantzean ere idazten jarraitu nahiko nuke.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude